Ikusten duzue zein gutxi behar dugun batzuetan arratsaldea alaitzeko

2021-02-07

«Mertzi, mertzi, mila esker. Gitxi gastau eta bueltak amari…». Horrela agurtu zuen Ruper Ordorikak Kafe Antzokira, bere diskoaren zuzeneko grabaketara, inguratu zen zalego fidela, iazko azaroan. Zalego fidel horrek jada buruz dakizki kantuak —ez dena hain erraza kasu honetan, kantariari berari Berandu dabiltza kantuaren zenbait pasarte sarritan ahaztu egiten zaizkiola kontuan hartzen badugu—. Baina ez kantuak bakarrik, aurkezpenak ere buruz dakizki zalego fidel horrek, badaki zein izango den «Bernardo Atxagaren kantu luze bezain profetikoa» bezala aurkeztua izan den hori, eta aurkezpena entzute hutsa nahikoa du azala oilo ipurdia legez jar dakion; inoiz Olivetti batean gutun erromantikorik idatzi izan baitu. Kontzertuan izan ginenontzat hunkigarria izan zen Ruper Ordorikak katagorriek supermerkatuari eraso ziotela abestean, jendeak atrakoa jokatuz besoak altxatzea, edo antzarek zeruan dibujatutako V-ak marraztea bi hatzekin. Urteko kontzertua izan zen askorentzat. Angel Celada, Javi Antoñana, Nando de la Casa eta lñigo Goldarazena, betiko Mugalariek, gozatu egiten zuten kantu bakoitzean eta entzulegoarekin lortzen hain zaila den sintonia present egon zen hasieratik. «Ikusi al duk inoiz Ruper eszenatokian hainbeste mugitzen?», galdetzen genion elkarri. Eta egia zen. Beti leporatu izan zaio oñatiarrari taula gainean estatikoegia izatea, nahiz eta mugikortasun eza nortasun-ikur den bere kasuan. Gaur diskoa aurkezturik (taula gainean ez bezala, disketxeen kasuan, Geldirik ez egon kontsignari gure artisten artean gehien jarraitzen dionetakoa izango da Ruper) kontzertuan izandako lagun koadrila elkartu ginen diskoa lehen aldiz elkarrekin entzuteko errituala betetzeko asmoz. Publikoaren arteko oihuen artean gure otso-uluren bat bereizten saiatu ginen, eta imajinazio dexenterekin, hiruzpalau aldiz entzun uste izan genuen gure ahotsa diskoan. Ikusten duzue zein gutxi behar dugun batzuetan arratsaldea alaitzeko.

Hamar urte bete dituzte Fas fatum edo Ene begiek bezalako ereserki urbanoek, eta gauzak zer diren, askoz gehiago zahartu gara gu, kantuak baino. Fas fatum… Hori izango da, bai. 

Harkaitz Cano

«Gitxi gastau eta bueltak amari», «Barkatu ama!», Euskaldunon Egunkarian, 2000ko apirilaren 6an

Harkaitz Cano Ruper Ordorikari buruz «Zuzeneko Rupertorioa» artikulua Euskaldunon Egunkarian, 1999ko azaroaren 25ean

Irudia: Ruper Ordorika Gaur diskoaren aurkezpen biran 1999. urtean. Argazkia ruperordorika.com orria