Lehorrez euskalduna, itsasoz zalduna, deabruaren bertutez nauk zalduna

Kixote jaunak zioen guzti hau kotxearen laguntasunean zetorren ezkutari batek aditzen zuen, euskalduna bera, eta kotxea aurrera igarotzen utziko ez zuela eta bai atzera Tobosora bihurraraziko zuela ikusirik, Kixote jaunari joan zitzaion, eta, lantzatik eutsirik, molde honetan esan zeraukan erdal gaizto edo euskal gaiztoago batean:

—Adi ezak, urrats gaitzeko zalduna; hala hazi ninduen Jainkoagatik, kotxe hori uzten ez baduk, hil eginen haut euskaldun honek.

Ongi konprenitu zuen Kixote jaunak, eta sosegu haundiarekin erantzun zeraukan:

—Zalduna bahintz, eta agerian zagok ez haizela, hire ergelkeria eta ausartzia zigortuko nuke, urrikari hori.

Euskaldunak honela ihardetsi zeraukan:

—Ez naizela ni zalduna? Jainkoagatik zin egiten diat kristauok ez bezala dioala gezurra. Alde batera uzten baduk lantza, eta ezpata ateratzen baldin baduk, sarri ikusiko duk zein den katua daraman ura! Lehorrez euskalduna, itsasoz zalduna, deabruaren bertutez nauk zalduna, eta besterik badiok, gezurra diok.

Miguel de Cervantes

On Kixote Mantxakoa, Zortzigarren kapitulua «Kixote jaun bihozdunak haize-erroten gertaldi izugarri eta inoiz pentsatu gabean eduki zuen egokiera onaz, oroitzapen zoriontsuaren merezient diren beste zenbait gertakarirekin», Gabriel Arestik euskaratua

Irudia: Gustav Doreren grabatua