Donostian, Gipuzkoako Diputazio jauregian, 1975eko ekainaren 27an, arratsaldeko bostak laurden gutiagotan, bildu dira:
L. Villasante buru, J. Haritschelhar buruordezko, A. Arrue, X. Diharce, A. Irigaray, A. Irigoyen, P. Lafitte, E. Larre, J.M. Lojendio, eta J.M. Satrustegi euskaltzain jaunak; Julene Azpeitia, Madeleine Jaureguiberry, Tene Mujika euskaltzain ohorezko andereak; L. Akesolo, B. Arregi, P. Arregi, J. Berrojalbiz, N. Etxaniz, J.Fz. Setien, J. Garmendia, S. Garmendia, I. Goikoetxea, X. Kintana, J.M. Lekuona, J.L. Lizundia, J. Zaitegi, M. Zarate, A. Zatarain eta J.M. Zumalabe jaun-andere laguntzaileak, J. San Martin idazkari dela.
J.M. Barandiaran, L. Dassance, J. L. Davant, E. Erkiaga, Aita P. Iraizozkoa, M. Lekuona, P. Larzabal, L. Mitxelena, A. Zavala jaun euskaltzainak eta Mª Milagros Bidegain eta Karmele Esnal andereño laguntzaileak ezin etorria adierazi dute.
Gaurko Batzar hau, hiru andere ohorezkoen omenez denez, irekia da eta ehunen bat lagun bildu dira, euskaltzainditik kanporakoak, hauen arteko Olaizola diputatu jauna eta Aperribai Debako alkate jauna.
Ohi den otoitzarekin hasi da batzarra.
Euskaltzainburuak Gabriel Aresti laguntzailearen hil berria eman du. Eta, baita ere, aditzera ematen du, Emakumeen Nazioarteko Urte hau ospatzeko, adineko emakume euskal idazle edo euskaltzaleei omenezko zerbait antolatzea, G. Aresti zenaren proposamendua izan zela urtarrileko batzarrean. Adiskide hilaren alde dolumina agertzen da.
Euskaltzainburuaren agurrezko hitzak, Emakumearen Nazioarteko Urtea dela-ta, «Emakumea euskal literaturan» gaia ikutuaz. Emakume idazleak ez-ezik, gizonezko idazleak bultzatu dituzten emakumeak eta sukaldeetan haurrei euskara irakasten dien etxekoandreak ere gogoan ditu. Azkenik, gaur omenaldiz batzar ideki hau eskaintzen zaien hiru emakumezkoak eta euskararen arloan hauek egin duten lan eredugarria aurkezten ditu.
Ondorean Julene Azpeitia euskaltzain ohorezkoa mintzo da bere maistratzako lehen pausoak adiaraziaz, eta euskal idazle zaletasunaren hasierak kontatuaz.
Madaleine Jauregiberry euskaltzain ohorezkoaren txostena. Gaztaroan bere buruari egiten zizkion galderaz, ia xuberotarrez herri euskaraz idazteko modurik zen, Lucien Bonaparte printzea, Intxausperen lanak eta abar, bihozkadaz mugitu zela euskararen alde.
Tene Mujikak euskaltzain ohorezkoak, bere txostenean, bere euskal idazletasunaren lehen bideak nola hartu zituen, eta bide horiek markatu zizkion Don Lorenzo Boneta apaiz jaunaren oroimena dakar, eta bere langintzan izan dituen pozak eta penak agertzen ditu, batez ere pozak euskara maitegarria zerbitu ahal izateaz.
Ondorean, euskaltzainburuak, hiru andereei ohorezko izendapenezko diplomak ematen dizkie.
Bi haur neskamutikoak Debako ikastolen izenean hiru andereei lore sortak eskaintzen dizkie.
Euskaltzainburu-ordezko den Haritschelhar jaunak hitz bazuk egin ditu, Aresti zenaren oroitzapenez, eta euskal emakumezkoen ohorez. (…)
Honenbestez bukatutzat eman da batzarra.
Luis Villasante euskaltzainburua eta Juan San Martin idazkaria
Euskaltzaindiaren Agiriak, Euskera, XXI, 1976