l975eko udaberriaren bukaera zen, artean borrero nagusiak bizi-bizirik zirauen eta bazirudien geure bihotz lotsatietan oraindik hainbeste leku zabal eta hutsik zegoela edozein gauzarekin betetzeko prest, baita lilurazko esperantza nimiño batekin ere.
Amaitua genuen soldadutza, aldenduak ginen ordurako unibertsitatetik, kantoi eta bazterretan batetik bestera begiratuz joaten zitzaigun denborarik gehiena.
Horrela, geldirik, egun batean eta bestean, kale izkinetan txistuka ari ginela, Atxaga azaldu zitzaigun ziztu bizian, zetorkigun egoeraz, denborari buruz eta aldiberean marrubi sailekin osaturiko itxaso gorrietaz mintzatuz. Eskupraketan geundelarik konturatu ginen atzetik zekarren zama astun batekin zetorrela arrastaka, aldapaz gora, biderik zailena garbitu, zabaldu nahiean, euskal literatura lehenengoz altxor preziatu bat inguratu asmoz, inork gutxik ezagutzen zuen literatur aukera eskainiz: lehen aldiz urratzen geroztik beste askorentzat bide errezak izan direnak, orduantxe zabalduak.
Berehalaxe konturatu ginen euskal literaturaren aterik herdoiltsuena zabaltzen zigula Atxagak, egunsentiko haize freskuena sartzen zitzaigula geure ziutateko bazter ilun, hozpel eta kirastueneraino. Eta ez zetorrela bakarrik, berarekin batera, zirrizkitu hortaz baliatuz, kanpoko idazle onen eta lan bikain ugariren zantzuak hurbiltzen zirela azkenean euskal literaturara, geure ziutatera, ixiltasunaren mugak norainokoak ote zituen galdezka geneuzkan etxe horretara.
1976. urtean geunden, borrero nagusia hil berria zen eta Atxagaren Ziutateaz liburua zela bide, zubi eder bihurturik, literatura unibertsaletik zatirik mardulenetako bat iritsia zitzaigun hemengo literaturara.
Atexka hura zabalduz, zubi sendo hau luzatuz gauzak hasiak ziren pixkanaka aldatzen: Atxagak bidaje ezezagun bat eskaintzen zigun, edozein herrixkatako baserriren paketik ziutatearen sarrerako burrunbara erora ekartzen gintuen, atarian utzi eta gero, barrura bultza, laberintoraino bota: esnatzen hasteko unea iritsia zen.
Halaxe hasten da Atxagaren liburua: ixiltasuna nagusitzen den etxe bateko ispilugelan, ispiluak nonnahi eta geu aurre-aurrean, nor garen erabaki arte higitzeke. Hamar bat urte joan dira eta liburuaren hasierako lau lagun horiek dagoeneko lau bider laurehun bider lau izanen dira gutxienez deslai, erraturik dabiltzanak gela horretan, etxe horretan, ziutatean, geure herrian noraezean, argizpi baten bila. Jakina, beste asko erabat galduak dira iadanik gela, etxe, ziutate, herriko leku ilunbeltzenetan, eta beste hainbeste hilik… Eta zer esan betirako ihes egindako denbora eta gertaturiko gauza guztietaz: La Eneidaren lehen liburuan poetak dioena datorkit burura: «Agian, egun batean izanen da plazerrik gauza hauek gogoratzen…».
Kale izkinetan txistuka ari ginela, Atxaga azaldu zitzaigun ziztu bizian, zetorkigun egoeraz, denborari buruz eta aldiberean marrubi sailekin osaturiko itxaso gorrietaz mintzatuz.
Garai hartan bide baten bukaera zirudiena espejismo bat baino ez da suertatu, ispilu bat, hasieraraino berriro bultzatzen gaituena. Hara hemen, bada, beste motibu bat Atxagaren Ziutateaz astiro irakurtzeko. Liburu hau labainkor den espirale sistema batetan datza, pertsonaiak (batzuek besteekin nahasten doazela), egoerak eta denbora bera ere elkar korapilatuak datozelarik: eta nahiz eta denbora ez bada oraindik gehiegi luzatu ere, duela hamar urtetako gizaki xume, ezkutupeko, leial eta pertsekutatuak gaur egun agertzen zaizkigu edonon agintari, borrero anker, gainpuntetan boteretsu, harro, amnesiko eta zital…
Beraz, erraz ikus daitekeenez, Ziutateaz liburuak ez du gaurkotasun mikorik ere galdu, areago oraindik, liburu aski profetiko bilakatu den neurrian modernismoaren eredutzat izanen dugu, hemendik aurrera.
Ez diot Atxagari kasorik egin behar, azken orrialdean liburua putzura botatzeko badio ere; alderantziz esango dut gainera: hamar urte hauetan nahiko bazterturik eduki dugun liburu hau ahazturako putzutik salbatu nahi nuke eta bitartean (liburuan hain ederki azaltzen den prozesua dela medio) bere burua hain mixerableki xurituz borrerotutzen joan diren hainbat eta hainbeste gizakilo kupidagabe putzuratzeko deiadarra eginen dut.
Zeren eta liburutik ikasiko duzuen lez, beldurra bait da mixerableen himnoa.
Joxemari Iturralde
Ziutateaz (Erein, 1986) liburuaren bigarren edizioaren hitzaurrea, Tolosan, 1986ko azaroan