Heroia hobbit bat da

Duela hamazazpi urte, Hobbita izeneko liburua agertu zen, zaratarik gabe, eta, nire ustez, mende honetako haurrentzako kontakizunik onenetakoa da. Trilogiaren lehen liburukia den Eraztunaren Elkartea lanean, J.R.R. Tolkienek aurreko liburuan aurkeztu zigun irudimenezko munduaren istorio irudimentsua jarraitzen du, kasu honetan helduentzat, hau da, 12 eta 70 urte bitartekoentzat. Heroiaren Bidaia genero bezala maite duen edonorentzat, ezin dut Gabonetako opari zoragarriagorik imajinatu. Era honetako kontakizunetan misio guztiek dute zerikusia objektu mitikoren batekin, Bizitzaren Ura, Griala, lurperatutako altxorrak, eta abar; normalean, Heroiaren zeregina da objektu hori topatzea edo Etsaiaren eskuetatik erreskatatzea, baina Tolkien jaunaren narrazioko eraztuna Etsaiak egin zuen, eta hain da arriskutsua, zintzoek ere ezin dutela erabili usteldu gabe.

Hobbitaren 1937ko lehen edizioaren azala

Etsaiak betirako galdu zela uste zuen, baina, probidentzialki deskubritzen du Heroiaren eskuetara iritsi dela eta bere deabruzko botere guztiak erabiliko ditu eraztun hori aurkitzeko, lortuko balu mundu osoko jaun eta jabe bilakatuko litzatekeelako. Etsaiaren porrota ziurtatzeko modu bakarra eraztuna suntsitzea da, baina hori lortzeko modu bakarra Etsaiaren herrialdearen bihotzera joatea da, han bakarrik suntsitu daitekeelako; Heroiaren zeregina, beraz, eraztuna desegiten den tokira eramatea da, bidean harrapatua izan gabe.

Heroia, Frodo Zorrozabal, hobbit izeneko izaki arraza batekoa da, metro bateko altuera baino izan ez dezaketenak; oin iletsuak dituzte eta nahiago dute lurpeko etxeetan bizi, baina euren pentsamenduan eta sentiberatasunean, britainiar detektibeen hainbeste istoriotan agertzen diren arkadiar landatar horien antz handia dute. Uste dut irakurle batzuek hasierako kapitulua apur bat herabeegi hasten dela sentituko dutela, baina ez dute etsi behar, istorioa mugitzen hasten denean, hasierako idortasun hori desagertu egiten baita.

Mila urte baino gehiagoz, hobbitak Eskualdea izeneko barruti emankor batean bizi izan dira, kanpoko munduaz arduratu gabe. Azken hau, egia esan, nahiko txarra da; herriak hondakinetan erori dira, errepideak egoera txarrean, soroak basamortura itzuli dira, piztia basatiak eta izaki gaiztoak zelatan, eta bidaiatzea zaila eta arriskutsua da. Hobbitez gain, badira jakintsuak eta onak diren Elfoak; Ipotxak, oro har trebeak eta onak direnak, eta Gizakiak; gerlari batzuk; azti batzuk, onak edo txarrak direnak. Etsaiaren egungo haragitzea, Sauron da, Mordor Lurraldeko Dorre Iluneko, Barad-Durreko Jauna. Orkoek, otsoek eta beste izaki beldurgarri batzuek laguntzen diote, eta, jakina, bere botereak erakartzen edo beldurtzen dituen gizonek. Paisaia, klima eta atmosfera iparraldekoak dira, Islandiako sagen arrastoak dituztenak.

Azken bost urteetan irakurri dudan fikzio bakar batek ere ez dit eman Eraztunaren Elkarteak baino poz handiagorik.

Lehenik eta behin, galdetu behar dugu abentura askotarikoa eta zirraragarria suertatzen den eta, horri dagokionez, Tolkien jaunaren asmazioa hautsiezina da; «gero zer gertatuko den» jakiteko gogoari dagokionez, esan behar da Eraztunaren Elkartea Hogeita hemeretzi mailak bezain ona dela gutxienez. Irudimenezko edozein mundutatik, irakurleak benetakoa eman dezala eskatzen du, eta gaur eskatzen den errealismo-estandarra Maloryren garaian baino askoz ere zorrotzagoa da. Tolkienek izendatzeko dohain harrigarria eta deskribapenerako begi zoragarri zehatz bat izateko zortea du; bere liburua amaitutakoan, hobbiten, elfoen, ipotxen eta bizi diren paisaiaren istorioak ezagutzen ditu, nork bere haurtzaroa ezagutzen duen bezala.

Azkenik, horrelako istorio bat serio hartu behar bada, sentitu behar da bere pertsonaietan eta gertaeretan bizi garen mundua azaletik desberdina izan arren, ez dela ezagutzen dugun natura bakarraren, geure munduaren ispilua baino. Horretan ere, Tolkienek erabateko arrakasta lortzen du, eta Eskualdearen 1418. urtean, Erdialdeko Lurraldearen Hirugarren Aroan gertatu zena ez da liluragarria bakarrik gure Jaunaren Aroaren 1954. urtean, iragarpen bat eta inspirazio bat da ere. Azken bost urteetan irakurri dudan fikzio bakar batek ere ez dit eman Eraztunaren Elkarteak baino poz handiagorik.

W.H. Auden

«Heroia hobbit bat da», J.R.R. Tolkienen Eraztunaren Elkartea liburuaren kritika, The New York Times Book Review, 1954ko urriaren 31n. Irati Jimenezek eta Mikel Sotok euskaratua

W.H. Auden poeta New Yorken. Alfred Eisenstaedten argazkia