Guztiok dakigu historiako antzerki lan txarrenetako batzuk William Shakespearek idatziak direla

2020-08-30

Esaten saiatzen ari naizena zera da, Shakespearek ere King John idatzi zuela. Zu autorearen teoria defendatzen duen kritikari bat izango bazina pentsatuko zenuke Shakespeareren obra guztiak, soil-soilik bereak izatearren, maisulanak behar dutela izan? Hori burugabekeria bat da. Guztiok dakigu historia guztiko antzerki lan txarrenetako batzuk William Shakespearek idatziak direla. Honek ez du eragozten existitu den idazlerik handiena izatea. Egin diren pelikularik okerrenetako batzuk zuzendari handiak eginak dira. Nik uste dut Ingmar Bergman zuzendari garaikide handi bat dela. Inoiz ikusi dudan pelikularik txarrenetako bat All These Women deitzen zen. Hark ere pelikula nardagarri pare bat egin ditu, baina horrek ez dio eragiten berak zera izateari…. tira, ez dakit zer den, ez dut hitzik hari buruz pentsatzen dudana adierazteko. Baina, funtsean, Bergmanek egun onak eta txarrak dauzka, gutako bakoitzak bezala. Hori da kritiko auteristei egiten diedan kritika nagusia; sarritan faboritismoak itsutu egiten ditu. Edozein zinema kritikari prestuari eskatzen diodan bakarra onestasuna da.

Zeri deitzen diozu zuk onestasuna?

Kritiko asko ez doaz aurreritzirik gabe. The Village Voice aldizkariak “Garai Guztietako Hamar Film Onenen Zerrenda” egin zuen, ezta? Hain zoratuki dibertigarria da ze ez didazu sinetsiko! Aro guztietako filmik onena Vertigo hautatzen dute. Tira, espero dut horrek zer esan nahi duen ulertuko duzula. Lehenik eta behin, antzezteak bost axola zaiela, ze, ezinezkoa da emakumezko protagonista Kim Novak duen film bat aro guztietako film onena izatea. Ados, hau lehenik eta behin. Bigarrenik, Hitchcock erdijainko bat da haien panteoian. Voiceko autorearen teoriaren kritiko horientzat Hitchcock jigantea da. Tira, ba ezin dute Psycho hautatu, ze hori da jende askok egingo lukeena. Eta hautatzen duten Orson Wellesen filma ez da Citizen Kane; The Magnificent Ambersons aukeratzen dute, ze jende guztiak daki ze ona den Citizen Kane. Hau da, Voiceren Hamar Film Onenen Zerrenda irakurtzen duzu eta argi eta garbi ikusten dituzu haien aurreiritziak. Ez dute inolako zintzotasunarekin zerikusirik. 

William Goldman

John Bradyren elkarrizketa The Craft of the Screenwriter liburuan (Simon and Schuster, 1981), Mikel Sotok euskaratua

Irudia: The Rear Windoweko filmaketa; ezkerretik eskuinera, Hitchcock, Kelly, Stewart.