Harridura ezagun bat

Bloomek energia nahikoa eskaini zion (eta badakigu dinosauro zaharrari buruz ari garenean kikiltzeko moduko kopuruak mugitzeko gai zela) eskualde literario honen izaera espezifikoa definitzeari, beti imaginazioaren menderatze onberaren pean kontsideratu zuena. Bere ideiak hiru puntutan laburtzen saiatu zen. Bloomentzat literatura jakintza arloa zen, aurrez ezarritako eragozpenik gabe liburuetan askatasunez hausnartu egiten da beldurrik gabe hainbat hamarkadatan ibil dezakegun mundu inperfektu eta txundigarriaz. Ezagutza hau intuitiboa, tentatiboa eta kontraesankorra izan daiteke, baina ez moldaerraza eta errepikakorra: Bloomentzat idazlerik onena da bere kabuz dena berriro pentsa dezakeena.

Bloom gnostikoa zen eta mundua hobeak ziren beste mundu batzuen kopia inperfektua zela uste zuen; zentzu honetan artelana bizi garen espazioaren isla makurra da eta, beraz, disposizio formal ausart eta ezezagun bat exigi dakioke gure bizitzaren alderdiak aztertzeko eskatzeari utzi gabe. Hemendik dator Bloomen originaltasunari buruzko definizio ezaguna: harridura ezagun bat. Bloomek  erreminta sotilak diren pertsonaiak mirestu egiten zituen, sarritan ezagutzen ditugun nortasunak baino konplexuagoa den nortasun baten eskotillatik mundu hipotetikoen miaketak ahalbidetzen zituztelako. Bloomentzat Cleopatraz maitemintzea, Yagorengatik liluratzea edo Macbethi beldur izatea ez ziren irakurle-lañotasuna, aldiz, perturbazioaz —errealaren inbasioa— inhibiziorik gabe gozatzeko gaitasuna erakusten zuten. 

Shakespearerengan bat egiten dute hiru alderdi hauek eta, horregatik, Bloomek Mendebaldeko artista zentraltzat zuen. Genero eta tradizio geografiko ezberdinetako ehunka kolegen obretan eragina arakatu ahal izateaz gain, ze beste idazlek pentsatu ditu hainbeste gauza bere kabuz? Zeinek tenkatu du forma dramatikoa hainbeste espero gabeko ondorioak lortzeko? Ze beste idazlek lortu du, pertsonairik pertsonai, kontzientziaren alderdi hain zabalak arakatzea? 

Gonzalo Torné

«Harold Bloom eta Falstaff, jatorrietara buelta», El Cultural, 2020ko martxoaren 20an, Mikel Sotok euskaratua,

Irudia: Harold Bloom 1980ko hamarkada hasieran, bere emazte Jeanne Bloomen argazkia