Kronopioen eta famen istorioak

2020-09-18

ERLOJUARI GILTZA EMATEKO JARRAIBIDEEN ATARIKOA

Pentsa ezazu honetan: erloju bat oparitzen dizutenean infernu loretsu txiki bat oparitzen dizute, arrosa-kate bat, airezko ziega bat. Ez dizute erlojua soilik ematen, zorionez bete ditzazula, eta iraungo dizula espero dugu, marka onekoa baita, suitzarra errubizko ainguraduna; ez dizute soilik oparitzen harri-jotzaile xehe hori, eskumuturrean lotu eta zurekin ibiliko duzuna. Oparitzen dizute —ez dakite, hori da okerrena, ez dakitela—, oparitzen dizute zure zeure puska hauskor eta prekario bat, zurea den baina zure gorputza ez den zerbait, zure gorputzera lotu behar dena zure eskumuturretik besotxo desesperatuaren gisa zintzilikatzen den uhalarekin. Giltza egunero emateko premia oparitzen dizute, giltza emateko obligazioa, erlojua izaten jarrai dezan; bitxi denden bitrinan, irratiko iragarkian, telefono zerbitzuan ordu zuzenari beha egoteko obsesioa oparitzen dizute. Hura gal dezazun, lapur diezazuten, lurrera erori eta hauts dakizun beldurra oparitzen dizute. Bere marka oparitzen dizute, eta beste markak baino hobea delako segurtasuna, zure erlojua besteekin erkatzeko joera oparitzen dizute. Ez dizute erloju bat oparitzen, zu zara oparigaia, zu oparitzen zaituzte erlojuaren urtemugan.

ERLOJUARI GILTZA EMATEKO JARRAIBIDEAK

Han hondoan heriotza dago, baina ez ezazu beldurrik izan. Hel iezaiozu erlojuari esku batekin, eman egiozu giltza bi hatzez, gora mugi ezazu emeki. Beste epe bat irekitzen da orain, zuhaitzek hostoak zabaltzen dituzte, txalupek errekak korritzen dituzte, denbora bere buruaz betetzen doa haizemaile baten gisa, eta denboratik jaiotzen dira airea, lurraren brisak, emakume baten itzala, ogiaren perfumea.

      Zer gehiago nahi duzu, zer gehiago nahi duzu? Lot ezazu laster eskumuturrean, utz iezaiozu aske taupadatzen, imita ezazu irrikaz. Beldurrak aingurak herdoiltzen ditu, lor zitekeen eta ahaztua izan zen gauza orok etengabe dihardu erlojuaren zainak jan eta jan, bere errubi txikien odol hotza gangrenatuz. Eta han hondoan heriotza dago baldin eta lasterka egiten ez badugu eta lehenago heltzen ez bagara eta ulertzen ez badugu jada ez duela inporta.

Julio Cortazar

Kronopioen eta famen istorioak, euskaratzailea Ibon Sarasola, armiarma.eus, 2014

Irudia: Territorios obraren argazki muntaia, liburuan kontrazalean testu honekin zetorrena: “Orrialde hauetako lurraldeak konkistatzeari ekin aitzin, Julio Cortazar eta bere lagun diagramatzaile Julio Silvak gaian aditu batekin entrenatzea erabaki zuten, Buffalo Bill ezagunarekin. Hiru konpaiek Sitting Bull, Crew Eagle eta Johnny Bakerrekin agertzen dira hemen”