Biolentzia arratsalde bat

Biolentzia arratsalde bat izan zen,
orduko beste asko bezala.

Gazte bat hil-hurren zegoen
bi gau lehenago
etxera erretiratzean
hitzik gurutzatu gabe
tirokatu zutenetik.

Batzuek hilda zegoela zioten,
hilzorian beste batzuek,
arrasto nabariak izango zituen
bizirautekotan.

Ibar osoko gazteak geunden
bakoitza eskura zeukanarekin.
Donibanekoek bolanderak,
Parte zaharrekoek su hondar bat,
aprendiz zirenek errodamenduak.

Borrokara etorriak ziren
beste eskualdeetako lagunak.
Arrekoek habailak ekarri zituzten,
Atarrabiakoek suzko trepetak,
Altsasukoek tiragomak.

Talde berria ekarria zuten,
Erriberatik haragoko
Ebro ibaiaren arrokoa.
Hirian galduta zeuden baina
handiak ziren
ondo armatuak
ausartak.
Kasko berria zeukaten,
beltz iluna.
Arma berriak,
laburragoak.
Mapa ñimiñoei begira
talde handitan mugitzen ziren.
Beldurra ematen zuten.

Itxi genituen sarrerak,
hetsi kantoiak
aise sar ez zitezen,
izan genezan babesa.
Asko ginen,
aurreko asko bezalako
arratsalde hartan.

Asko ginen,
bereizi ginen,
ohi baino zabalago
hartuz borroka-zelaia.
Asko ziren.
Beldurra ematen zuten.

Geneukan guztia
jaurti genuen
amorruz, presaz,
guda hori
eta etorri beharreko
beste guztiak
laburrak bailiran.

Hain luzaro borrokatu ginen
non urtaroak pasatzen ikusi genituen.
Arnasten genuen airea
eta zelai gaineko zerua
osorik ke izan arte
gudukatu ginen.

Orduan,
borrokaren orekak
beti-beti
handienaren alde
egiten duen une
antzemangarrian
erretiratu ginen.

Korrika zetozen
tira eta korri,
korri eta tira,
hartutakoaren
ordain.

Ostatu
portale
komun
sotoetara.
Beldurra ematen zuten.

Lasaitasun fingitu,
naretasun aizunean
talde txikietan bildu
eta berriz ekitearen
aukerak baloratu genituen.

Egin behar duenaren gogoaz,
ekin nahi duenaren temaz
baina oreka
beti-beti
bezala
handienaren alde
kraskatu dela dakienaren
eskarmentuaz.

Gutxiago ginen,
batu ginen
eta ohi bezala hartu
borroka-zelaia.
Asko ziren.
Beldurra geneukan.

Airea mindu gabe ere
aise sartu ziren berriz
eta ostatuak
portaleak
komunak
sotoak
eta gu geu ere
erraz menderatu.
Oraingoan,
eguzkia aspaldi
erretiratu arteko
bake armatuan.

Biolentzia arratsalde bat izan zen,
orduko beste asko bezala.

Mikel Soto

«Biolentzia arratsalde bat», Suak pizten direnean, Elkar, 2021

Irudia: Josu Muguruza Madrilen tiroz hil ostean Euskal Herrian izandako greba orokorrean Iruñean izandako istiluak. Joxe Lacalleren argazkia