Itxaropena aldareko kandelak bezala itzali zitzaidan. Nire bizian argi izpirik ez. Diruz eta maitasunez behartsu. Munduko gauza guztiei nardagarri neritzen. Barneko egonezinak bere zurrunbiloan hara-hona ninderaman.
Izuti nintzen, maite egarriz bustiriko izuz. Han zetzan, hain zuzen ere, nire larriaren muina. Jendea behar eta ez nekien jendea ongi hartzen. Garai batez bihotzez maite ninduten adiskide asko izan nituen ondoan. Nire zakarrak, ordea, nire mutiriak denak uxatu zituen poliki-poliki, ni alargunaren hasperena baino bakartiago gelditu arte.
Lehen eroso egiten nituen lanak, zuzen egiteko gai ez nintzela jarri nintzen. Azkenerako dardara batek hartu ninduen oso eta bizi.
—Zaldua —esan zidan lantegiko nagusiak, makina batekin hitz egiten ari izan balitz bezala—, hobe duzu gure lantegitik alde egitea. Ordaingarria emango zaizu.
Hamar egunez neure diru guztiak xahutu nituen.
Seniderik ez nuen. Ez ditut gurasoak ezagutu. Jaioberrian haurretxe batean zapuztu ninduten.
Kalean zehar nindoan. Automobila eta jendea aurrera-atzera geldi ezinean. Ezin ulertu zarata hura. Bost axola haiei nire arimaren nahigabeaz. Haiek eta ni mundu batekoak al ginen, bada?
Laurleko bakarra gelditzen zitzaidan. Gozoki saltzaile baten ondotik igaro nintzen. Bi erosi eta bat ahora. Hura miazkatzen etxerantz abiatu nintzen gogoetatsu.
Ez nituen berriro kale haiek ikusiko. Eguneroko istilu eta joan-etorrien ordez betiko isila. Une hartako lagun bakarra: neure eskopeta. Gerturik nuen gelan, neure zain.
Urdailak min egiten zidan, harri bihurturik. Etxe aldera heltzerakoan, begiak lauso, burua jira biraka eta hankak ziraldoka nituen. Nire baitango animalia ez zegoen nonbait biziaren garratzaz erabat etsirik. Dena alferrik, ordea; erabakia sendo hartuta neukan.
—Zaldua –esan zidan lantegiko nagusiak, makina batekin hitz egiten ari izan balitz bezala–, hobe duzu gure lantegitik alde egitea. Ordaingarria emango zaizu.
Hiriko auzoalde batean bizi nintzen. Bizi edo erdi bizi, kanpotik eta barrutik kristauentzat baino abereentzat hobeki zegoen etxe zikin batean. Hango bizitegien artean, ostera, teilatu azpiko nire ganbara zen errukarriena.
Mailadian gora hasi nintzen.
«Minutu baten barruan dena isila. Negar gehiagorik ez; bizitzaren larria itzali. Bakea, bakea, muga gabeko lasaia».
Urdaila bihurritu egin zitzaidan. Hirugarren bizitzara baino lehenago botaka hasi nintzen. Indarrez esku-barandari heldu nion.
Laugarren bizitzara iritsi arteko uneak betikotasunaren puskak izan ziren.
Han, mailartean, eskuineko aldera, ate ondoan, neskatila tiki bat zegoen, eserita, lo kuluxkan edo, erabat kuzkurturik. Bost urtekoa ala?
Hitz bat egin gabe, bizitzari azken agurra eginez, sakelatik gozokia atera eta eskura eman nion. Neure ganbarako lehenbiziko maila igo nuen.
—Eskerrik asko, jauna!
Haize bolada hozkirria nabaritu nuen sudurzuloetan. Umeari begira geratu nintzaion.
—Ama lanean da —jaulki zuen, nirekin baino gehiago bere buruarekin mintzatzen bailegoen, gozokiaren papera askatu eta bere atzamartxoez borobil-borobiltzen zuelarik—. Ez dakit noiz etorriko den.
Isilaldia. Haurra niri begira eta ni berari.
—Jauna —galdegin zidan, jaiki eta nigana ondoratuz—, ba al dakizu ipuintxoren bat?
Erantzuteko zenbat denbora behar izan nuen ez dakit.
—Bai, badakizkit; politak gainera.
—Ene, konta iezadazu bat, konta, arren!
Jendea behar eta ez nekien jendea ongi hartzen. Garai batez bihotzez maite ninduten adiskide asko izan nituen ondoan. Nire zakarrak, ordea, nire mutiriak denak uxatu zituen poliki-poliki, ni alargunaren hasperena baino bakartiago gelditu arte.
Haurra nire gelara jarraitu zitzaidan. Aulkian eseri eta burua eskuen artean ezkutatu nuen. Negarrari eman nion; bihotzondotik ateratzen zitzaizkidan malkoak.
Haurra kikildurik gelditu zen. Gero eskuak aurpegitik kendu egin nahi izan zizkidan.
—Zergatik negar?
Nik ez nion ezer erantzun. Bera ere negarrez hasi zen.
Haurraren eta neure malkoak xukatu nituen. Haurra belaunetan harturik ipuinak kontatzen hasi nintzen, aspertzeke.
Bat-batean behean zarata.
—Ama etorri zaizu. Zoaz, aingerutxo!
—Bai, baina bihar ere kontatuko al didazu beste ipuinen bat?
Negarrari ezin nion eutsi.
—Bai, bihar ere —erantzun nion—.
Gotzon Garate
«Ipuina», Lehortean, Gero, 1979