Asmatzeko askatasuna mugatzen duen guztia, reakzionario da; eta idazlearen egin-behar erreboluzionarioa, berriz, ondo idaztea da

Zer derizkiozu zeure buruari?, galdetu zion behin periodista batek nik aukeratu dudan ibero-ameriketar idazle honi («Conversaciones con Gabriel García Márquez», Armando Durán; Revista Nacional de Cultura, Caracas, 1968).

 —Uste dut, hobea litzatekeela hila egotea… Literaturan arrakastarako bokaziorik ez duen gizon bati gerta lekiokean okerrena, hau da: saltxitxak bezala saltzen den novela bat idaztea… Eta hauxe duzu neri gertatua, eta ez dut ikusgai edo espektakulu bat izan nahi.

Cien años de soledaden sor-bideaz galdetu diotenean, honela erantzun du: 

 —Nere novelan, konta ezin beste adiskide aitatzen dut, eta nere lagun minek bakarrik argiratuko lukete aitatzen dudan fetxa bakoitza norbaiten urte-betetzeari dagokiona dela, eta nik aitatzen dudan pertsonairen batek nere emaztearen izpiritu bera duela; eta novela irakurrita bakarrik argiratu ezin den horrelako mila gauza dut errealitatetik harturik. Harritu eta kezkatzen nauena, hauxe da: liburua agertuz gero, neronek aurkitu ditudan, gutxienez, 42 kontradikzioetatik bat ere, inork ez duela ikusi; eta italierara itzuli zuenak aurkitu zituen sei huts handietatik bat ere inork ez duela harrapatu; nik ez ditut huts horiek zuzenduko aurrerakoan egingo diren irarpenetan; eta itzulpenetan ere ez; ez baitlitzake zintzo jokatzea izango. 

Gabriel Garcia Marquez. Hernan Díaz Giraldoren argazkia

 —Ez ahal duzu zeure burua idazle konprometitutzat sentitzen? 

 —Ni jaio nintzen herria, USAko konpainia bananera batek eraikia izan zen. Eta nik uste dut, noizpait mundua sozialista izango dela; eta nahi dut izatea, eta zenbat eta lehen, hobe. Baina, badut, novela soziala deritzaion horretaz nere gibel-asmoa; munduaren zati bat bakarrik erakusten dutela bere egileek, berekoiegiak eta manikeistak direla, eta irakurlea munduaren eta bizitzaren ikuspegi zatitua ikustera kondenatzen dutela. Asmatzeko askatasuna mugatzen duen guztia, reakzionario da; eta idazlearen egin-behar erreboluzionarioa, berriz, ondo idaztea da. 

 —Nolakoa izango litzake zure ustez novelarik onena? 

 —Politika eta sozial arazoaz kezkatzen denez gainera, egian eta errealitatearen barruan sartzeko indarra duen novela; eta egia eta errealitatea azpikoz gora jarri, eta beste aldea nolakoa den erakusteko gai bada, oraindik hobe. 

Eta errealitatea eta egia zer diren eta nola erakuts genitzakean periodistak galdetu dionean, honela esan du, eta nere ustez definizio ederra da literatura miragarri edo mágica zer den erakusteko: «Nik, zalantzarik gabe, dakidan gauza bakarra, hauxe da: egia ez dela tomateen prezioan bukatzen». 

Cien años de soledad agertu arte, García Márquez idazle errealista izan zen; hala izan zen ipui luze bat (Los funerales de mamá grande) idatzi zuen arte; ipui hau izan da bi idazbide arteko bezala agertzen den teknikaz egina. lpui hau, izen honekin berarekin irarria izan den zortzi ipuinez osatutako liburu batean ezagutzen dut nik (La siesta del martes, Un día de estos, En este pueblo no hay ladrones, La prodigiosa tarde de Baltasar, La viuda de Montiel, Un día después del sábado, Rosas artificiales eta azkenik, Los funerales de mamá grande bera (Colección Índice, Editorial Sudamericana, Buenos Aires). García Márquezek beste ibero-ameriketarren antzera gaurko bere herriko giroa salatzen du; Asturiasek Hombres de maízen hain egoki egin zuen hezala baina errezago. Cien años de soledaden egileak sortzen duen mundua, batetik denboratik kanpora eta bestetik denboran bertan errotua balego bezelakoa da, fabula eta majiaz sortutako mundua, eta bide batez egiazkoa, egi-egiarekin mamitua eta osatua. Denbora hau pasa eta ihesi joan beharrean, bere inguruan jira-biraka gelditzen da, eta behin eta berriz datorren gurpil horren bitartez sortzen da pertsonaren eta familiaren elkar funditze eta bat izatea; hau bait da, labur esateko, liburuaren jomuga. Biblian bezala, denbora majikoa da, ez du kronolojiarekin zer ikusirik. Liburuan agertuz doazen Aureliano guztiak Aureliano batetan moldezten dira, eta bata-bestearen hurren, eta batek besteari bizia erantsiko balio bezala, eta hemen, lurrean, betirako bizirik geratuko balitz bezalako zerbait adierazten duela dirudi. 

Martin Ugalde

«Hitzaurrea», Mikel Lasaren Novela berria Hego Amerikan (Gero, 1972) liburuari

Irudia: Gabriel Garcia Marquez eta Marcos komandanteorde zapatista. 2001. urtea, argazkilari eta leku ezagunik gabe.