Puntuazioa neure arnasa bezala sentitzen dut.
Behar dut neure arnasarekin batera idatzi.
Martin Ugalde (1921-2004)
Nabigazio karta, altxorraren mapa, birika zahartuen puskak, arnasaren
molekulak, testua ernaltzera jaulkitako espermatozoideak, gisatuan
barreiatutako gatza pinportak, instrukzio liburua, itsuaren makulua,
akomodadorearen esku-argia, ADNaren partikulak, galtzarbeetako
izerdiaren usaina, melodiari erritmoa ematen dioten isiluneak, nerbio
sistema zentrala
Zure baitan sartzeko daukadan modu zilegi bakarra, maitea
Nire musika
Nire komak
Gaizki jarrita egonagatik
Gaizki jarrita egonagatik
Nire-nireak
kasik nirea dela esaten ahal dudan ondasun bakarra
nire armadaren soldaduak, nire ahotsa, azentua, modulazioa, tinbrea
hatsa (hats-errea, hats-egina, hats-peren, hats-antua, hats-eden…)
egiazko identitate txartela, askatasunaren azken erreduktoa,
negoziaezintasunaren ikurra, ametsen eta eldarnioen ispiluak, nongo- nor-
nolakotasun berdaderoena,
erro errai errail herra eta errakuntza
zer naiz ni komarik gabe
Nire komak gabe
Eta nor zara zu kentzeko, gehitzeko, tokiz aldatzeko, nork eman dizu
prerrogatiba hori, Jainkoari –balego– ere onartuko ez niona, nor zara zu
eskua bragetatik sartzeko baimenik gabe, bortxatzaile zikiratzaile hori,
hatza begian sakatzeko, lorategi horretan sartzeko. Oso arrazoi pisuzkoak
eduki beharko zenituzke nire komekin jolasean hasteko; bi baizik ez zaizkit
bururatzen, eta biek dute zerikusia bizitza eta heriotzarekin.
Abisatuta zaude: pentsa ezazu hiru aldiz nire koma bat ukitu aurretik.
Jon Alonso
«Martin Ugalderen omenez, bere urteurrenean», Iruñean, 2021eko ekainean