Mendi inguru oetako izkuntzan agertu nai litzake zure El viejo y el mar. ¿Baimena ematen al-dezu?

Esku artian daukazun itzulpen onekin ba det zer ikusi. Patxi Itxaropenak etziran pakerik ematen udaberritik.

—Joan ari Hemingway’rengana eta eskatu akiok baimena bere nobela euskeraz argitaratzeko.

Bere aldetik ere, Aita Goenaga ari zitzaidan: 

—Egingo didazu mesede ori, Artetxe.

Hemingway oso zala zezen-korrida zalia, danak dakite. Udara iritxi zan. Jakin nuan abustuko korrida egunetan Hotel Maria Cristinan egoten zala. Baita ere itz egin Doña Maria, Dunixi idazlearen emaztearekin. Doña Maria bait da Hotel orretako zuzendari argia. 

Hemingway agertzen zanian albistia emango zirela agindu ziran. Baita, igande eguardi ondo batian zintzo asko teleponoz abixua eman ere. Hemingway’k, alegia, korrida bukatzian hotelian agertaldi bat egingo zuala. 

Ernest Hemingway zauritutako Luis Miguel Dominguin toreroa bisitatzen 1959ko udan

Joan nintzan astiro hotelera. Bertako saloi zabal eta ederrak utsik zeuden. Udara igande arratsalde artan iñor etzan agertzen. Denak noski korridan ziran.

Alako batian gazte erren bat, beste bi lagunekin. Exeri eta zezenetzat itz egiten azi ziran. Errena esagun zitzaidan: Julio Aparicio toreadoria. Txalo jo eta morroiari ur mineral botella bat ekarri zezala agindu zion. 

Aizkenean toreadore bat agertu zan. Bere urrezko trajea autsita zekarren. Izerditan zegoan. Azentsorera joan zan zuzen-zuzen. Andik pixka batera beste toreadore bat urre morez jantzita. Besteak aña etzuan arriskatu noski. Trajea ikuitu gabe zekarrela esan ziteken. Korrida bukatua dek, pentsatu nuan.

Alaxe zan, jakiña. Jende apañez betetzen azi ziran saloiak. Alako batian Hemingway bizarduna agertu zan. Doña Maria’k gerturatzeko kiñu egin ziran. Baño etzan errexa idazlearekin alkar-izketa. Ez bai nintzan ni bakarrik bere zai. Gañera, automobilla zai zeukan. Biarritz’a bait zijoan berealaxe.

Ate ondoan jarri nintzan ausarki. Eta aterako zan une artantxe bertaratu nintzaion. Baita ere itz gutxitan esan bear zana.

—Mendi inguru oetako izkuntzan agertu nai litzake zure El viejo y el mar. ¿Baimena ematen al-dezu? 

—Nik ez daukat ezer euskaldunen kontra (Yo no tengo nada contra los vascos) —erantzun ziran ia ber-bertan begirazun adiskidetsu biguin batez biltzen nindularik. 

 Eta berialaxe: 

—¿Ondo egiña al-dago traduzioa? 

—Bai, oso ondo gañera. 

—Egizue ba nai dezutena. Nere abogaduari eskribitu akiozute. 

—¿Nora eskribitu bear da?

Eta eiskeñi nion pluma eta baita Buenos Airesko eguneroko bat, beste paperik esku artian ez nuan da. Baita berak azkar asko eskribitu ere paper ertzian.

ALFRED RICE 640. 5th AVENUE 

—Eskerrik asko.

Alkarri eskua eman genion eta estutu.

Eta an joan zan beste lagun batekin arrimaillpean atea irikita zai zeukan automobil distikorrera. 

Ona emen, irakurle, Hemingway’ren nobela euskeratuta. Bera, idazlea, bitartean joan zitzaigun.

Kritikoak, asko beintzat oso gogorrak dira berarekin. Zakarra, edarizale, lizun, nik al dakit zenbat orrelako esartzen dizkioten. Eta oiek baño garratzagoak ere bai.

Guztiak egiak ez diranik ezin diteke esan.

Ona emen, irakurle, Hemingway’ren nobela euskeratuta. Bera, idazlea, bitartean joan zitzaigun

Mundu guzi zear asko ibilli zan Hemingway. Arriskuak etzuan beiñere ikaratzen. Ba zirudin eriotzak beti alako dei berezi bat egiten ziola. Odolgaitzaren intziriak nun-naitik entzutian an zan laister asko. Eriotzaren ikuituak mugitzen zuan Hemingway’ren luma azkarra. Eta eriotzarekin batian bizitzaren bultzadak. 

Bere eskontzak autsitzeak etzuan ikaratzen. Dirua errex eta ugari irabazten zuan. Esito aundiak izan bai zituan. Munduko ateak nun-nai irikiak zeuzkan. Italiko Caporetton, lenengo gerra aundi bukaera garaiean, edo Españiko gerran, Afrikako bazter izkutuetan, edo ta periodiku ajentziak izendatzen zizkioten bazter galbidetsuetan, an agertuko zan Hemingway laister asko.

Estiloa bere bizitzaren antzekoa zuela deritzait. Gizona eta eskritorea ezin emen zatitu, biak bat-batera dijoaz. 

Beste aldetik berriz bere liburuetan, bere obran dago bere biografi oso-osoa. Baño bere barren bizitza azaldu naiak, narzisismoak ez darabilki, bere barrena askatu naiak baizik. «Barrena askatzeko idazten det» —esan zuan bein. Hemingway’en aurtzarora bultzatzen gaitu sentimentu onek. 

Beiñere ez dabil zearka; bai ordea zuzen-zuzen gai muinera, darabilkien gaia dabillela. Onetan ezeren ajolik ez dio. Itz gutxitan daki asaltzen izatasunaren mami izkutua. Arraza garbi-garbiko eskritorea da.

Sentimentalismoakin ez du ezer ikusi nai. Erretorikakin ere ez. Izenak eta itzak apaintzea etzaio inporta, edo ta onen atzetik ez dabil. Baño ez pentsa traketza danik idazten: ez orixe.

Berak berekiko estiloa asmatu zuan, berari ondoen zetorkiona. Onetan bere intuizioak asko izandu eskritoreak bere orpotik ibilli naiean, bera imitatuaz, baño onetarako bere izakerari ez diote begiratzen. Berriro ere esan bearra dago. Hemingway’en bizitza eta obra ezin ditezkela zatitu.

Beti emozio ondoren ibilli bear orrek badu motiboa. Hemingway’en idazteko motorra emozioa da. Emoziorik gabe ez daki idazten. Emozioak, bizitzako tensioak sortzen dio gaia.

Emozio bear onek kalte egiten dio mesede baño. Askoren ustez bizitza azalean dabill beti. Ez da ori uzte zuzena. Hemingway’k bere lana guztiz benetan artzen bait du. Ez dabill beiñere txantxetan orrela iruditu arren zenbaiteri.

Hemingway’en idazteko motorra emozioa da. Emoziorik gabe ez daki idazten. Emozioak, bizitzako tensioak sortzen dio gaia

Aita sendagillea zuan, indio tartean zebillen medikua. Makiña bat gauza ikusitako gizona. Semea txikitan bere inguruan ibiltzen zan noski. Aitarren estutasunakin batian, semeari ere oso goiz sortu zitzaion barrengo larria. 

Hemingway’k badu liburu batian Nick Adams personaje bat, mediku baten semia. Mediku au alegiñean ari da bi egun buruan, baño alperrik, india aurdun batekin. Orduan indiaren senarrak, bere lepoa ebakitzen du desesperatuta… Nick, ez dago batere dudarik, Hemingway bera da.

Txikitako oroimen larri orrek ez dio pakerik uzten. Oroimen triste ori alde bateratzeko, idaztea onen-onena. Idatzi eta kito.

Periodismoa gaztetan egiñikan azi omen zan literatura bidean. Gaur eguneko periodismo estiloakin asko dauka zer ikusi Hemingway’ren estiloak. Baño bere idazteko jatorri berezia, nundik ote datorkigu? Mark Twain’en zenbait tipok ba dute Hemingway’ren tipoarekin alako zerbaiten antza. Tipo batzuk, alegia; estiloan ez daukate antzik eta. Baño, dana dala. Ez aztu baita ere ingeles literatura tradizioakin Hemingway’k ez daukala zer ikusi.

Alkarrizketan batez ere irixten ditu Hemingway’k bere estilo efeto onenak. Gauzak berresatiak, ostera berritzeak ez du batere bildurtzen. Berekiko ritmo apal onekin irixten ditu efeto arrigarrienak.

Eskuartian daukazun liburu auxe da onetan agergai ederra. ltzerdika gauzak adierazten ederki baño obeto daki gañera. Neretzat auxe da idazle onen izakera bereziena. Eta berezitasun au poesiz betetako ixtori onetxek agertzen digu.

Kubatar arrantzale zar, kementsu, gogor, baño geiago ezin alako biotz xamur Santio orrek ¿ez ote digu adierazten Hemingway beraren izakera? Eta izakera baño geiago oraindik: bere bizitz pilosopia?

Jose Artetxe

«Itzaurrea», Agurea eta itxasoa (Itxaropena, 1963), euskaratzailea Angel Goenaga

Santos Etxeberriak Agurea eta itxasoaren euskarazko ediziorako egindako irudia