Joxe, itxaron apur bat gehiago, handiena etortzear dago-eta!

Iruñean, 2022ko martxoaren 19an

Joxe maitea, zorionak!

Zure 81. urtebetetzean idatzi nahi izan dizugu eta, teklatuan Irati eta Mikel gauden arren, gure literatura txiki bezain zabal hau osatzen dugun hainbeste lagunen izenean idazten ari gatzaizu. Hau da, Deabruaren Eskolako Montiren izenean ere, noski, baina baita ere, Edorta, Jon, Harkaitz, Asier, Mikel, Joseba, Joxe Austin, Galder, Ane, Imanol, Eneko, Peru, Julen, Jasone, Hedoi, Miren, Ekai, Oier, Xabier, Katixa eta beste lagun askoren izenean. 

Ormaiztegi, 1934. Erdian, Juanito Kantinas egunkari saltzailea eta Joxe Mari Irizar Bengoetxea eta, aurrean, eskuinean, Joxe Azurmendi

Duela mende eta laurden pasatxo, 1889ko maiatzaren 24an, bere 70. urtebetetzeagatik gutuna idatzi zion Mark Twainek Walt Whitmani, Federico Garcia Lorcak «viejo hermoso Walt Whitman» izendatu zuen lagunari. Horrela hasten zen: 

«Hirurogeita hamar urte bizi izan dituzu, munduko historian handienak direnak, eta aberatsenak bere herrien aurrerapenean eta onuran. Hirurogeita hamar urte hauek askoz gehiago egin dute gizakiaren eta gainerako animalien arteko distantzia zabaltzeko aurreko bost mendeek egin zutena baino».

Azken zortzi hamarkadei sorbalda gainetik begiratuta, kostatzen da jakitea gizaberea eta beste animalien arteko distantzia handitu den, edo txikitu. Segur asko txikitu. Edo sarraskitu. Gure azken larogeialdian bonben leherketak Alemaniako landetako lurra zein Hiroshima eta Nagasakiren partikula hodeiak zerurantz altxatzen ez ziren aurrerabide izan, baina harrezkero Zidakosek ur asko eraman du makalaldi eta baratze artean, Tafallan ikastola bat elikatzeko aski bai. Zenbat gauza harrigarri ikusi dituzu azken 81 urteetan! 

Mark Twainek horixe bera idatzi zion Whitmani bere urtebetetzean:

«Zenbat jaiotza ikusi dituzun! Lurrun prentsa, baporea, altzairuzko ontzia, trenbidea, kotoizko xehatzaile hobetua, telegrafoa, fonografoa, argazkia, fotograbatua, elektrotipia, gas-lanpara, argi elektrikoa, josteko makina, eta harrikatz-mundrunatik eratorritako produktu harrigarri, amaigabe eta zenbatezinak, garai zoragarri baten azken miraririk bitxienak».

Joxe Azurmendi gaztea

Joxe, zeuk ere, zenbat jaiotza ez ote dituzun ikusi! Etxeko sutondoetatik hasita, apurka-apurka hasieran, arrapaladan gero sukaldeak hartu zituzten garbigailuek eta hozkailuek, gerora mikrouhinak zein presio-eltxeak ekarriko zituztenak. Eta Deba Garaian hazi zen munduko kooperatiba industrialik handiena. Ordenagailuen munduaren jaiotza lehenik, konputadore pertsonalak, eta hedatzen doazen mota guztietako gailu digitalak, Alain Turingek Manchesterren diseinatutako proba dagoeneko gainditu dutenak. Adimen artifiziala eta transplanteetako bihotz artifizialak. Begietako laser ebakuntzak eta espazioko lasterketak. Orbitatzen hasieran, ilargira ondoren, estazio-espazialera orain, begiak Marten jarrita bihar. Jaiotzak eta heriotzak ikusi dituzu, ikusi baituzu erailtzea Txabi Etxebarrieta eta Iñigo Cabacas, lurretik desagerreraztea baztanga edo nafarreria eta Euskal Jai gaztetxearen jaiotzea Kaldererian. Azken hilabetean, gerra piztu du berriro gizabereak Europa eta Asia arteko ertzean, espero dugu aurki ikusiko ditugula horren eta beste guda askoren bakeak.

Egiaz, asko ikusi duzu, Joxe! Baina itxaron apur bat gehiago, handiena etortzear dago-eta! Itxaron berrogei urte, eta gero begiratu gure lur honi! Mirariak ikusiko dituzu! Ikusiko dituzu gizonak eta harriak berriro bakeak egiten eta, ikusiko duzu orduan, ikusiko duzu ze indarra, nolako seriotasun ikaragarria Gizadiaren maitasunean! Itxaron horretara.

Egiaz, asko ikusi duzu, Joxe! Baina itxaron apur bat gehiago, handiena etortzear dago-eta! Itxaron berrogei urte, eta gero begiratu gure lur honi!

Zegama, atzean, Aizkorri, 1940. urtea (Pascual Marin, Kutxateka)

Lagun askoren izenean idazten dizugu, 30 bildu gara guk guztiok aurretik ditugun bizitza kakulatzeko. Idazle, erretzaile, maitemindu, gaixo kroniko, aizkolari, albokari, txistulari eta, bildu garenon kasuistika zabalaren kontuak eginda, 600 bat urte geratzen zaizkigula kalkulatu dugu. 40 urte eman nahi dizkizugu opari. Guztion artean, erregalu merkea da, baina bihotzez oparitzen dizkizugu zure hurrengo 40 urte hauek. 

Zeuretzako dira, har itzazu eta eser zaitez berriro Tokitxoko eskola eta errekaren artean zegoen arboladian, eta goza ezazu ikuskizunaz. Disfrutatu paisaiaz eta, gogoa baduzu, etzan zaitez Arretxeko ohean patxadaz. Hortik, gure herriaren zerumuga euri gortina batek bakarrik ixten duela ikusten baduzu eta, hala ere, beste 40 urte behar badituzu, eskatu lasai, zeureak dira. Bihotzez horiek ere.

Azkenean, ikusten baduzu gortinarik ez, baizik gure zerumuga ixten duen bakarra euria dela; euria, t’euria, t’hozkirri, t’argia… unea heldua izanen da. Eguzki zaharrak argi berria emanen du. Orduan, nahi baduzu, soilik nahi baduzu, joan zaitez; zain izango dituzu, zure ametsak, gure lurra, gure anaiak.  

Zorion eta esker emate kolektibo baten historia laburra

2022ko martxoan, haren urtebetetzean, Joxe Azurmendi zoriondu nahi izan genuen mende eta erdi lehenago Mark Twainek Walt Whitman bere 70. urtebetetzean zoriondu zuen modu ederraren maneran. Horretarako, Deabruaren Eskolatik, euskal literaturako hainbat lagunekin hitz egin eta guztion izenean gutun hau bidali genion paperean eta emailez.

Hauxe erantzun zigun martxoaren 27an Joxek, beti bezain jator eta adeitsu:

«Demasiéeee! Jaso dut, zuen emailaz gainera, zuen gutun luzea, ederra, jolas literario paregabea!… Milesker, eta besarkada bana. Joxe».

Euskal kulturak XX. mendean izandako kolosorik handienetako bati eskerrak emateko keinu txikia izan nahi zuen zoriontze honek eta, orain, Joxe joan zaigunean, publiko egin nahi izan dugu gogoratzeko hura joan bada ere, hark emandako guztia gurekin geratzen dela.

Deabruaren Eskola

Irudia: Joxe Azurmendi 2019an egindako “Joxe Azurmendi: Euskal pentsamenduaren ur-jauzia” kongresuaren hasieran. Nagore Iraolaren argazkia.