Gontzal Mendibili zor diot hori. Etorkizuna duen herri zahar batekoak garela konturatzen laguntzea

Umeak ginela, Durangoko jesuiten ikastetxean Historia Sakratua ikasten genuen, eta matematika, eta latina eta Espainiako historia. Eta fisika eta latina eta Espainiako literatura. Eta kimika eta frantsesa eta Formación del Espíritu Nacional eta ingelesa, beharbada. Euskara mendian errefuxiatutako hizkuntza zen, mendikoen urruntasuna eta atzerapenaren ezaugarria. Espainia normalduta zegoen, naturarekin berdinduta, ja espainolak ginela besterik imajinatzeko gauza ez ginela. Baina udaberri batean, ikastetxeko urteroko jaian, Gontzalek zinetokiko eskenatokira, gitarra bat eskuan igo, eta abestu zituen bi kanta. Ez dakit zeintzuk ziren abestiak. Iparragirreren abesti bat eta abesti modernoren bat, igual. Inpresioa egin zidan aintzinakoa zela eta era berean, berri berria zela abesten zen. 

Gontzal Mendibil eta Xeberri eta haiekin jotzen zuten Karmelo Sarrionandia, Begoña Agirre eta Asier eta Aitor Loroño anaiak.

Gontzal Mendibili zor diot hori. 

Etorkizuna duen herri zahar batekoak garela konturatzen laguntzea. Eta Peli Landabururi, eta Mikel Laboari eta Gabriel Arestiri eta Julio Caro Barojari eta LCRko edo mugimendu komunistako militanteei edo Txiki eta Otaegiri. Eta Juan Antonio Aroma eta Marisa Barrenari. Eta Felipe Arañari. Eta non eta orduan Zamoran zeuden Julen Kalzada eta Xabier Amurizari.

Ni alfabetatze gau eskolara joaten hasi nintzen, 16 urterekin, sasoi onean, edozein adin baita ona ukatu zaigun askatasuna berreskuratzeko. 

Eskerrak eman nahi dizkiot Gontzali, eszena hartara igotzeagatik, orduan ukaziopean, hilzorian zegoen euskararen alde, eta eskerrak baita ere jarraitzeagatik abesten eta idazten, korrontearen kontra dirauen hizkuntza eta Euskal Herri honen alde, bape normala ez den, bape naturala ez den eta euskaldunentzat bape onuragarria ez den Espainian. 

Joseba Sarrionandia

Gontzal Mendibilek Euskal Telebistako «Gure Kaxa» saioan irakurritako gutuna, 2019. urtean

Irudia: Gontzal Mendibil eta Xeberri kantaldi batean, 1975eko abenduaren 26an