Liluratu behar dugu, pasioa berreskuratu, arrazoi puruak baino emozioek bidea argitzea. Ohiko erritual eta liturgiak baino, euskal herritarrak entzuteko eta ikusteko irrikan diren kontakizunak eta proiektuak behar dira. Politikaren substantzia eta musika bere forma gorenean adierazteko, bere helburu bikainenak lortzen saiatzeko, hots, sendatzea, edukatzea eta lideratzea. Argia behar da plaza publikoan, lilura betea.
Borondateak landu behar dira, edukatu, ahaleginarekin indartu. Ilusioak atrofiatuta, inertzian kateatu ahal garelako, bultzada kreatiborik gabe, pertsonalki eta kolektiboki gutaz tiratuko duen bisiorik gabe. Sinistu egin behar da. Sinistu, Euskal Herri libre baten etorkizuna imajinatu eta bizitzeko gai garela. Bere espazio eta tresnekin obratzeko gai garela. Sinistu, esperantzari bitartekoak emango zaizkiola, euskal jendeari ahotsa eta boterea, umoreari eta ametsaren ildoari merezi duten errespetua.
Euskal Herriaren etorkizuna orain ari dela forma hartzen sinistu. Estrategia eta taktiketan trabatu baino, txikikerietan kateatu baino, gure herria asko hazi dela sinistu eta bere buruarekin elkarrizketa inteligentea eta kategoriazkoa egiteko gai dela. Ez dagoela etorkizun bat eta bakarra, ez dela inon idatzia, inork ez dakiela zer gertatuko den. Baina euskal jendeak bisioa badauka, gidatzen gaituen argia, horizonte garbia, liluratzen bagaitu erronkak, dena dela posiblea, eta agian uste baino azkarragoa.
Borondateak landu behar dira, edukatu, ahaleginarekin indartu. Ilusioak atrofiatuta, inertzian kateatu ahal garelako, bultzada kreatiborik gabe, pertsonalki eta kolektiboki gutaz tiratuko duen bisiorik gabe. Sinistu egin behar da.
Zientzia eta sekularismoaren garaipena segurutzat jo genituen, modernitatearen beharrezko osagai, erlijioa jendearen opioa zela, narkotiko bat, analgesiko totala. Errealitatea begiratzean, baina, konturatzen naiz, izatekotan, anfetamina dela, estimulatzaile indartsua. Erlijioen lilurak ez dira desegin, eta esango nuke berpizkunde bat ikusten dela. Eta horrek tirania eta dominazio berriei ateak ireki dizkie. Eta hala ere, behar ditugu: ez erlijioak eta apaizkeriak, baina bai argia eta liluramendua. Ezinbesteko ditugu, bide bakarra da.
Gurea bezalako nazio txikiekin pentsalariak eta filosofoak ez dira samurrak eta baikorrak izan. Historiaren legeak aipatzean mundu handiarekin eta ideia handiekin liluratuegi aritu dira. Handia ere txikia izan zela, igoeraren ordua bezala erorketarena ere heltzen dela eta txiki-txikienari ere burua altxatzeko unea iristen zaiola ahaztuta. Gure historia mingarriarekin eta geografia zatituarekin, gure hizkuntza baztertuarekin eta nortasun eragotziarekin, erresistentzian baieztatu da gure izatea. Ikuskera eta proiektu horri gogo-bihotz loturik hazi gara, argi horri segika, liluratuta.
Orain, kokotsa altxatuta, urruti begiratu eta herri bezala harago jauzi egin behar da, liluramendu berrituaz, pasio berdinaz, bide berriak argituta. Hori ez da zerutik eroriko. Aldaketa nahi da baina ez nago hain seguru aldatzea nahi dugun. Aldaketa nahia eta aldatu nahi izatea ez direlako sinonimo, bereziki krisi garaiotan. Zalaparta eta marmarra baino, lasai-lasai geldiuneak egin behar ditugu, begirada eguneroko ohikeriatik altxatu. Etenak kudeatu, momentu egokia itxoin; zuhurtziaz eta pazientziaz jokatu, hitz egokiarekin bezala, erabaki eta ekintza aproposekin asmatzeko.
Liluragarria da erronka! Herri hau ez dago hutsik, hemen ez da ahanztura, ezta iluntasuna ere. Euskaldun sentituz, abertzale jokatuz, bizitza irakurtzeko eta berrirakurtzeko espazioa behar dugu, pentsamenduarentzat aire librea, ametsarentzat ildo bat, pasio betean. Horrek behar du gure itsasargia.
Mikel Zubimendi
«Erronka bi hankatan dator: liluraz eta pasio betean», Gaur8n, 2021eko ekainaren 5ean