Lurrikaren ondoren

2024-02-10

Lehen luizi harrigarria,
lakuan igarotako asteak,
kristala, hodeiak, ura haitz artean milika,
elurra gure botapean azalaren gisa lehertzen
eta ohean igarotako goiz luzeak
Horien guztien ondoren…

Oraindik ondoan zaitut
hemen alboan ohean
(nire arkatzak libreta urratu,
zuk hura irakurri eta zure azalak
distiratzen duen bitartean)
eta nire bizialdia hainbeste goxatu eta aldatu da…

Non batzuetan ezin baitut gogoratu
zugana erakarri ninduen bihotzeko txilinbuelta,
min zahar baten gisako ezkonbizitza hura,
ukondo artritiko baten antza zeukan senarra.

Hemen, zurekin bizi naizela,
maitasuna bada oraindik garrantzia duen kontu bakarra.
zugana hedatzen naiz loratzen den zauria bezala
edo ametsezko arrainez gainezka dagoen itsasoko sakonunea bezala
edo ikara handi batek lurrean ebakitako
amildegi ketsua bezala.

Zuk topografia aldatu zenuen.
Haranak zeuden tokian
orain mendiak daude.
Desertuak zeuden lekuan
Orain itsasoak daude.

Elkar igurzten dugu
elkar higatu gabe.
Findu egiten da harea
eta gure azalak zeta bihurtzen.

Erica Jong

«After the Earthquake», Becoming Light: Poems New and Selected, Harpercollins, 1991, Josu Goikoetxeak euskaratua

Irudia: Guatemala, 2001eko otsaila. Argazkia @pauloslachevsky