Kultura eta kultur lana autonomoak dira politikatik

Politikatik zer itxaron kulturan, aurren-aurrenekoa, esango nuke, beregaintasunaren onarpena dela kultur lanari eta kultur lanetako jendeari. Kultura eta kultur lana autonomoak dira politikatik. Ez da hemengo eta oraingo problema. Aspaldian dirudi zaila mundu guztian politikaren eta kulturaren arteko uztarpenak, erabateko absorzio edo subordinazio gabe. Ez da Alderdiren batzuena bakarrik ere problema hori. Nolabait dena bait da politika. Baina nolabait dena da kultura orobat. Sentiera politiko batzuentzat, kultur lan askok bibolina jotzea besterik ez dirudi nonbait. Kulturgintza batzuetatik, alderantziz, erraz imagina nezake, zenbait politikak inkultura eta basakeria hulsa eman behar duela. Ez da milagro, HBko zenbaiti agian ez erraza egilea, barruti kultural batzuen autonomia ezagutzea (literatur molde batzuena adibidez) edo ekintzen batzuena, Agintearen babespean agertzen direnean bereziki, «Euskal Hitz» erakusketak berak esaterako, edo beste hainbat arte eta kultur ekitaldi ofizial guztiz positibo.

Ez da orain xehetasun polemikotan edo bizantinotan sartzeko tenorea. Badakigu denok, autonomia absoluturik ez dagoela. Berezi egin beharko liratekeela kultura bera eta haren erabilera politiko oportunista, manipulazioa: obra batek senti eta pentsa-mundu bat espresatzen duela (ez horregatik Alderdi-mundu bat), etab., eta gizartean ezer humanorik ez dela neutroa azken finean. Hori utzi eta, kulturaren manipulazio gehiegi dagoelakoxe hain zuzen alde orotatik, kulturgintzan orain biziki sentitzen den desideratum bat, horixe duzue: kulturako espazio libreak errespetatzea, salbatzea, Alderdiek eta erakunde politikoek ez inbaditzea mesedez. Are, azken urteotan aski urritu bait dira espazio horiek, berriak sortzea. 

Ekologia kultural arazoa da. Zurrunbilo politikoan ito behar dugu denok bestela. Dena politika bihurtuko zaigu.

Gauza sinplea funtsean: politikero horiek ez dute toleratzen espazio kultural autonomorik. Menpegabezia intelektuala mito bat iruditzen zaie. Beraiek utzi egin bait dute (seguruenik ondo egin dute), ezin dute eraman orain beste batzuek ezberdin egitea, edo ez dutela egin pretenitzea.

Problema askotako problema da hori: piska bat pausatu egingo gara. Kulturako jendeak izan ditzake bere eritzi politikoak (normalean izan egingo ditu) eta publikoki azaldu ere egin ditzake (hainbat eratan azalduko ditu normalean). Horrek, ordea, ez du esan nahi kulturako jendea, batez ere bere kultur lana espreski ez Alderdi-politika batekotzat egin nahi izaten duena, Alderditartzat har litekeenik, ez pertsona hiritar gisa eta ez idazle, artista, filosofo, poeta gisa; alderditartzat jo haren obra.

Ezkerretik, Javier Sadaba, Alfonso Sastre, Joxe Austin Arrieta, Bernardo Atxaga eta Joxe Azurmendi, Herri Batasunak 1990ean antolatutako kulturari buruzko mahai-inguruan, artikulu honen iturburuan dagoena, hain zuzen ere.

Herri honetan, alabaina, politiko batzuengan batez ere, eta guztiz bereziki berak Alderdiren baten barruan eta aparatuelan aktibo diren intelektual batzuengan (intelektualaren zentzu zabalean), grina izugarria dago gaur-egun edozein beste intelektual ere opzio politiko jakinekin identifikatzeko. Ez dago libratzerik. Nahitaez, izan beharra dago ABkoa edo XZkoa. Ez dago egoterik eliza gabe, bere santu, dorre eta kanpaiekin, liturgia eta intzentsuekin.

Gauza sinplea funtsean: politikero horiek ez dute toleratzen espazio kultural autonomorik. Menpegabezia intelektuala mito bat iruditzen zaie. Beraiek utzi egin bait dute (seguruenik ondo egin dute), ezin dute eraman orain beste batzuek ezberdin egitea, edo ez dutela egin pretenitzea. Ez dute ulertu nahi, bat egon litekeela bere pentsamenduarekin eskuin-eskuinean, eskuineko Alderdiekin zerikusirik batere gabe; ezkerrean, ezkerreko Alderdietatik arras menpegabe eta Alderdi arazoekin ezaxolatu: ezkerrean dagoen bere pentsamendua bere-berea duela eta berea bakarrik.

Ahaiko edo hurkotasun erlatibo posibleek hemen ez dute ezer probatzen. Ez dituzte ezertan justifikatzen identifikazio edo konlusio horiek. (Sanbenitoren bat jartzeko izaten da jeneralean). Erlatiboki ahaidea mundu guztia da. Eta hurbiltasun edo urruntasunaren zenbait neurtzea ikuspuntutik egoten da nonbait, Ikastolak «politikoak» ote dira? Ana Ariz-entzat antza ETAren oso parekoak eta hurbilekoak; beharbada haren perspektibatik diferentzia handirik ez da somatzen ahal ikastoletako edozein andereño eta haur-eskola baten eta komando armatu baten artean. Baina Ana Arizek horrela modukorik esanda eskandalizatzen den zenbait abertzale guztiz «razional»ak, ez du gauza bertsu egiten, berak sinpatiarik ez dien sektoreekin? Sinpatiarik ez zaienei bakarrik ukatu gura izaten bait zaie beraiek berak ahal izatea, derrigor beste edozeren eraskin edo zintzilikario izan gabe. Denak zaku bateko.

Zuei, HBkoei, gogoeta kritiko bat eskatu didazue eta eskerrik asko, zilegi badut oraindik azken desideratum bat adieraztea, desideratum honekintxe bukatuko nizueke: beste inork egin nahi ez badu herri honetan, zuen izenagatik bederen, errebindika ezazue zuek batasuna. Errebindika ezazue itxaropena.

Beharbada guzti hau harrigarria irudi dakizueke, hain zuzen gaur eta zuen aurrean esateko. Baina, ondo ulertzeko (alegia, marfilezko dorrea errebindikatzen denik, ez uste izateko), hurrengo puntuarekin batera ikustea komeniko da.

Bigarren desideratua oso loturik dator eta elkarrizketa-izpirituaren eskabidea da politikoei. Elkarlanarena. Utz kultura bere protagonistek protagoniza dezaten. Politikoek eta politikak, Sastreren teatroari, Atxagaren literaturari, Sadabaren filosofiari, ez diote ezer gehitzen. Non gehitu dezaketen, lan horien ikustekoan bakarrik da, arte horren, literatura edo pentsamendu horien argitasun eta ondorio sozialetan, herrigintza libre eta bariatu baten barnean kulturgintzak bere lekua potentzia dezan. Desintegrazio egoeraren aitortzatik abiatu gara. Kultur politikoki, honek esan nahi du, egiten den lan asko eta asko, herri honetan, lakaripean gelditzen dela galduta. Isolatuta. Ez dugu lortzen Sadaba eta Atxaga eta Sastre eginbide batean izatea denak parte, mahaikideen adibideaz jarraitzeko. Elkar aberastea, osatzea. Oasi bat bezala da bakoitza bere inguruarekin mortuan. Oasi batean beduino batzuk bizi dira irakurle, bestean beste batzuk, eta ez dago komunikaziorik. 

Joxe Azurmendi

«Politikatik zer itxaron kulturan», Jakin, 58. zenbakian, 1990. urteko maiatza-ekainean

Irudia: New York, 2007ko azaroan. Txileko @pauloslachevsky editore eta argazkilariaren irudia