Bere herria eta jendea zapaldurik aurkitzen dituenean, gose, egarri, biluzik eta preso, intelektual normal batek gutxienez egin dezakeena eta moralki egin behar duena da zapalkuntza horren aurka jo

Bai Etxeparek eta bai Joan Perez Lazarragak ere ebanjelioko pasarte famatu bat jorratu zuten beren poemetan, hots, «Gose bainintzen eta jaten eman zenidaten; egarri, eta edaten eman; arrotz, eta etxean hartu ninduzuen; biluzik nengoen, eta jantzi egin ninduzuen; gaixo, eta bisitatu; kartzelan, eta ikustera etorri» (Mat, 25,35-36). Eskuarki hitz horiek banabanako gizakiez ulertu dira, baina, ene ustez, berdin aplika lekizkieke giza talde eta nazio osoei, beroriek ere inoiz gose, egarri, biluzik, gaixorik eta preso egon daitezkeelako.

Gorago aipatu dudan aukeran, egoera gogorrean herriko hizkuntza utzi eta erdal bidera pasatuak, hots, tentazioan eroriak, pertsona normaltzat hartuz gero, aldi berean, besteak, kosta ahala kosta korrontearen kontra euskararen bide neketsutik aurrera joandakoak heroitzat jo beharko genituzke. Halere, bere herria eta jendea zapaldurik aurkitzen dituenean, gose, egarri, biluzik eta preso, intelektual normal batek gutxien-gutxienez egin dezakeena eta moralki egin behar duena hauxe da, zapalkuntza horren aurka jo eta herriari ukatzen zaizkion balioak, hizkuntza lehenik, bultzatu eta salbatzen ahalegintzea, bide batez itxaropena, aurrera egiteko adorea emanez. Beraz, hor ez legoke inolako heroismorik, ez supergizontasunik, betebehar moral hutsa baizik, horixe baita duintasunak, kontzientziak, zintzotasunak edozein pertsonari eskatzen diona. Ni neu behintzat iritzi honetakoa naiz: inori ez zaio eskerrik eman behar egin behar zuena egin duelako, berak ongi egindakoa aski ordaindurik daukalako bere kontzientziaren lasaitasun eta barne pozarekin.

Xabier Kintana

«Ekintzailearen laudorioa», Bernardo Atxagak Euskaltzaindian egindako sarrera-hitzaldiaren

ostean irakurritakoa, Asteasun, 2007ko martxoaren 17an

Irudia: «Sumindura eguna» Txilen, 2019ko urriaren 28an. Argazkia @pauloslachevsky