1984ko egun batean, nire patua markatuko zuten bi pertsonaiarekin elkartu nintzen. Nire lehen liburua aurkeztu nien eta jaio berria zen Altaffaylla kultur taldearekin batera argitaratzeko eskatu nien. Elkarri begiratu zioten eta hitzik esan gabe erabaki zuten: ados. Horrela ezagutu nituen euskal argitaletxeen industriako bi koloso horiek, etorkizunean haiekin lan egitea, liskartzea, tratuak egitea eta amorratzea tokatuko zitzaidan, lagun bihurtzeraino.
Haiek elkar osatzeko diseinatuak ziruditen: Joseba Jaka eta Jose Mari Sors Iparraldean errefuxiatuak izan ziren eta beste abertzale batzuekin Elkar argitaletxea bultzatu zuten Baionan, 1972an Iparraldeko 20 euskaltzalek sortua. Joseba zazpi anaien artean hirugarrena zen, eta hurrengo laurek fede filialarekin jarraitu zuten: baserri bateko morroi, soldaduskara, ETAren kultur adarrera, Iparraldera eta azkenik liburuak saltzera. Tribu bat, lanaren obsesiboak, eraginkorrak eta motibatuak, euskal kulturarentzako azpiegiturak sortzeko helburu argiarekin. Joseba saltzaile petoa zen, oro kemena; Sors lasaiagoa zen eta zolia zenbakietarako. Talde ia militarizatua eta ideal bat aurretik zutela, gaur egun direna izatera bideratuta zeuden, Estatuko sektoreko enpresa garrantzitsuenetako bat.
Horrela ezagutu nituen euskal argitaletxeen industriako bi koloso horiek, etorkizunean haiekin lan egitea, liskartzea, tratuak egitea eta amorratzea tokatuko zitzaidan, lagun bihurtzeraino.
Franco hil ostean, argitaletxea mugaren alde honetara igaro zen eta izugarrizko hedapena hasi zuen liburu-dendetan, megadendetan, argitaletxeetan, testuliburuetan, musikan eta banaketan. Onura guztiak euskal kulturarako proiektuetan berrinbertitzen ziren. Zaila da kanpotarrei azaltzea nola enpresa arrakastatsu bat, milioi askoko balioa duena, egun batetik bestera kultur fundazio bihurtzen den, bazkideetako bakar batek, ez eta haren oinordekoek ere, tipula mintza bat bera ere eraman gabe. Eta hori guztia Per Vasconiae ad Maiorem Gloriam. Antzeko altruismoa, kapital gutxiagorekin bada ere, euskal kultur-sarearen zatirik handienean dago, belaunaldi baten emaitza, 58ko gerrarena, errepikaezina den hazitegi batean hazia.
Josebaren heriotza 1996an paradoxa bat izan zen: oporrik izan ez zuen gizon bat Cadizen zegoen, hondartza batean igeri egiten. Itsasoak engainatu egin zuen, eta handik egun batzuetara hil zen. 47 urte zituen.
Jose Mari Esparza
Apología: Memorias de un editor rojo-separatista, Txalaparta, 2018, Mikel Sotok euskaratua