Zeruko Argiak azalean zekarren-eta, maiatzean Txomin Agirre idazle handiari egin behar zioten omenaldiaren eta urtean zeharreko ekitaldien berri izan zuen Tenek, hitzaldiak izango omen ziren, Bizkaiko bertsolari txapelketa, ume euskaldunentzako opariak, antzerkia, lore-jokoak. Maiatz hartan ziren 100 urte euskal eleberrigile aitzindaria jaio zena.
Ez zitzaion oharkabean pasatuko albistea, lehen euskal eleberrigilea! Albistea irakurtzean, gerra aurreko garaietara joango zitzaion, agian, Teneri gogoa, XX. mende hasiera hartan, 13 urte zituela, Euskal Erria aldizkariaren orrialdeetan nola irakurri zituen, hunkituta, Kresala eleberriaren hasiera zirraragarriaren hitzak, «Ipargoiko aizea, geiagoko barik, bat batera ta guztizko aserre amorratuan sartu zan Arranondoko erritxoan», edo geroago, 24 urterekin Garoaren «Ura zan gizona, ura!» kanonikoa, «Zazpi oin ta erdi bai luze, makal zugatzaren irudira zuzen, pagorik lodiena baizen zabal, arte gogorra bezela trinko, gorosti ezearen antzera zimel. Orrela zan Joanes nik ezagutu nuanean». Tenek oso zituen atsegin Txomin Agirreren testuak. Argi idazten zuen, kontatzen zituen munduak hurbileko zitzaizkion eta argumentuak egokiak eta interesgarriak ziren beretzat, zerbait esaten ziotenak. Memorian zeuzkan.
Ekainean Txomin Agirreri buruzko hainbat gogoeta eta iritzi argitaratu ziren Zeruko Argian. Irekiko zuen aldizkaria Tenek, eta hasiko zen lerroak irakurtzen… «Euskal idazle gutxiek erabili dituzte beren lanetan itxasgaiak, naiz eta batzuek kostan bertan edo inguruan jaioak izan». Gogoan beste hitz hauek ere egingo zioten agian durundi: «Gauregun ez zazula bilatu an idazkiak berez darion bakartasun giro berezirik. Esne txantxilen anaitasunean tocadiscos bat arkituko dezu mendigoizaleen belarribetegarri. Gure gaztetako eleberria, nobela, Agirreren Garoa deritzaiona zan batik bat». Eta gehiago: «Euskaldunen bizi modu ederra, bera zen bezelaxe, alderdi txar ta on, berritarkeririk gabe azaltzen jakin zuan». Beste artikulu batean, horrela zioen Aita Villasantek: «Gutxitan arkitu izan det nik baserriko jende artean euskaraz irakurtzeko zaletasunik. Ez nuen ba uste Garoa nobelaz ark ezer jakin bear zuenik. Baina oraingon oker geratu nintzan. Emakume ark bazekin bai Garoaren berri; irakurria zeukan eta txit maitatua, gainera. Bere euskal zaletasuna nori zor zion ere adierazi zigun zintzo-asko. Eskolara zebilenean Uribarriko auzoan maisu zegoenari, alegia: Jausoro jaun adiskideari». Eta, bukaera aldera, Jose Artetxek: «Ez da berdin liburuak garai batean edo bestean irakurtzea. Auxe bera gertatu zitzaidan Garoakin gerra ondoren berriz irakurri nuanian. Len baino askoz ere gauza geiago ikusi ta ikasi nituan liburu onetan».
Alabaina, zer da eta, sinesgaitza badirudi ere, Teneren narrazio saritua arrastorik utzi gabe galdu, eta ezin nolakoa zen jakin. Nola liteke?
Agirreren eleberriak berriz irakurtzekoa, hori ez dakigu, baina idazteko gogoa, behintzat, piztu zitzaion Teneri. Irail hartan, hilak 27, Zeruko Argian Txomin Agirreren omenez egingo zituzten Lore Jokoen oinarriak argitaratu zituzten. Eta, jarrai dezagun espekulatzen, eseriko zen beti bezala Tene dendaostean eta, gosaltzen ari zela-edo, irekiko zuen aldizkaria eta, hara hor, 7. orrialdean, bazterreko kuadrotxo batean sartuta arreta hartuko zion izenburu bat: «Lorazko Jokuak». Eta, gero, «Ondarroako Udal agurgarriak, Domingo Agirreren omenez, bere eun urte betetzean, Lorazko jokuak eratu ditu». Hartuko zituen Tenek orri txuri bat eta dendan saltzen zituzten boligrafo horietako bat eta, kontu handiz, garaiz kanpoko kaligrafiarekin, zazpigarren puntua kopiatuko zuen: «Bizkaiko Aurrezki Kutxak eskaiñia. Amar orri luzien dala, euskal mendietako bizitzari buruz egiñiko irakurgarririk onenari. Euskaraz».
Urriaren 25a zen idazkia entregatzeko epemuga. Hilabete bat zeukan, beraz, ipuina idazteko. Ziur asko, bazituen harrezkero ideiaren batzuk gogoan dantzan, zeren eta hau bai, hau ez baita espekulazioa: Tene Mujika 1964ko irailean, 76 urterekin, ipuin bat idazten hasi zen. Eta ez hori bakarrik: azaroan 20an, Tene Mujikaren «Arnobarrengo lnaxio» izenburuko «baserri giroko» narrazioa Ondarroako Lore-jokoetan irabazle atera zen. Hiru mila pezeta poltsikorako. Alabaina, zer da eta, sinesgaitza badirudi ere, Teneren narrazio saritua arrastorik utzi gabe galdu, eta ezin nolakoa zen jakin. Nola liteke?
Cira Crespo
Tene Mujika udazkeneko argitan, Debako Udala, 2022