Zuriz jantzita ere

2024-02-02

Ipar-haizea ez da nekatzen, hegoak nekatzen dira

Aitor eta Jon Sarasua

Bainilazko errepide zabal bat: [ ]. Horman gora, horman behera, horman gora, horman behera, etengabe here burua azpimarratzen duen errepide bainilazko bat. Pintura plastica. Arrabol potoloz egina, gora eta behera, gora eta behera; alper-harriak brea nola, arrabolak pintura; gora eta behera.

Pintore bat. Azala kolore pinportaz jantzia. Tinti-tanta, lehen eta lehenago egindako pintaketa lanen zigiluak kotoizko pasaportean.

Aho handi biribilaren ertzetatik bainila adurra dario pintura-kubo horri. Zuk zintzurreraino sartzen diozu arrabol kirten-okerra, gero atera, eta bidean lerdea dariola daramazu paretara. Eta gora-eta behera, [ ] pixkanaka pixkanaka hor­ man eskuinerantz zoaz, gora eta behera, [  ] gero eta zabalago errepide gorabeheratsuetan barna.

Kuboaren alanbrezko kirten meheak ere oihartzun lau horma hutsen artean. Esne galduaren marmita, txinga neu­rriz kanpoko bat den kubo horri lurra juxtu kendu, tarteño batez mugitu eta heldulekua, alanbrezko parentesi modukoa erortzen uztean, oihartzunaaa…., petrolio-ontziaren ainguratzarra burdinazko proaren kontra.

Pareta hutsen artean denak beste dimentsio bat hartzen du, gauza ezerezak garrantzizko iduri, akuarela ñimiño bat marko erraldoi batean; plater hautsi bat gauaren erdian… kontrabaxuaren soka ere zer da atzealdeko gorpu hustu bori gabe?

Eta pintatzea? Zer da pintatzea? Sortzea diote, espresio ekintza bat, kreazioa. Baina baita tapatzea ere: lehen izan zena isilarazteko modu bat; iraganeko koloreak ikusi ezinarentzat botika, bainila zaporekoa, adibidez.

Okupazioa Iruñeko Zaragoza etorbidean, 1990eko hamarkada hasieran. Argazkia Joxe Lacalle

Estali eta sortu da, sortu eta estali da, eta positibo nega­tiboen joko horretan zu. Zuritzen duzu eta isilarazten horma, tapatzen lehena, eta janzten diozu orain berri bat, zuri mono­tonoa. Eta zure arropa zuri-ohietan aldiz, estaltzen lehengo pinportak zipriztin berriz, eta sortzen etengabe irudi berri bat Pollock bat zara, dripping bat, zipriztin deskontro­latuek sortutako koadro ibiltaria zu: Pollock haren dilema pertsonifikatua zara: artea, formen edertasun garbian baino, inkontzientearen trumoi artean bilatzekoa zela… Eta hara zu, Polok hemengoa, pareta forma eder garbiz margotzen, zure arropetara inkontzientearen amorrazioa mintzo den ahala.

Arropek bezala hormek pintura zurrupatzen dute. Eta koloreak, eta hitzak, eta alanbrearen handinahiezko metal hotsa ere bai… dena hormetan geratzen da. Nork daki, inoiz irten liteke adreilu batean fosilduta —karbono 14— behin han kantatutako estribillo hura… Han nonbait sakonetik. Behin eta berrizko koloreen metaketaz, pigmentu-sedimentuz loditzen baitira paretak pixkanaka,  eta txikitzen gelak, itotzeraino etxearen arnasa.

Zenbatgarrena ote bainila geruza hori… Beste bat gehiago. Eta beste behin ere azpian geratuko da harrapatuta estaltzen ari zaren murala, [  ]xe, [    ]e, estalita baina hor. Zuretzat kolore masa bat baino ez den mural hori. Gertuegi zaude irakurtzeko. Egunkarietako argazkiei gertuegitiek begiratzean bezala, zer ikusten duzu? Su artifizial lehertu berri bat, barreiatutako puntu pilo bat. Eta zure bizkarraldetik atzerantzago eginez gelaren lau ertzak ere bai, eta atzerantz, leihoaren egurrezko markoa eta leiho

horretatik kanpora irtenda beste hiru leiho berdin —bi goian, bi behean— eta fatxada bat etxe txiki batena. Bi eta bi lau; konposaketa geometriko bat. Serigrafia Warholdar baterako irudia, Marilynenak bezala, kolore anitzetan tratatzeko. 

Eta etxe barruan zu. Zu bakarrik eta probisionalki zu. Etxea huts. Hastapen hartan bezala. Baina ez bezain huts; ez berdin huts. Norbait ibili izan den lekuak, badu jada halako jakinduria mutu bat.

Lehen bai, lehen izan zen, behin hartan, etxe hutsa. Eta zer zen ba, eta zer da ba etxe huts bat..?! zelda bakartua, kutxa metafisikoa, kartoizko kaxa barren gabe bat.

Kartoizko kaxak ugaltzen ziren, dira, bizidunen gisan: Etxebizitza baten trasladoa egiten delarik, kartoizko kaxatan atalka banatuta eramaten da lehengo bizitza etxe berrira, husten dira kaxa-barrenak zoru bernizatuan, betetzen etxe berria, eta kartoi jada hutsa botatzen da harrika. Haizeak aldi batez hara hona piririka darabil, kartoizko polena; jende­-korronteek oinpean darabilte zorabiatuta noraezean, eta jitoak azkenik lagatzen du lur karratu, lur egoki batean, eta ernetzen da kartoi zaharretik —bai baitakar bere xokon­doetan behin barruan izandako bizitzaren konddar bat—­ ernetzen da kaxa berri bat; etxe huts bat. «FRAGILE». Eta ordurarte oharkabean pasatutako jende oldeak bat batean deskubrimendu bat bezala begiratzen du kaxa hutsa, harrituta, erakarrita, kartoizko xafla ikusezin izatetik, ertzetatik klak! eta hiru dimentsio hartu izan balitu bezala etxeak, kartoizko kaxak.

Halaxe heldua etxe hau ere honaino; eta bertan egokitu. Goitik behera so egiten zion eraikin batengandik hur. Laino edo eguzkitan itzal. Eraikin handi arrazionalista garaikoa, auzoko besteen gisakoa, inguruetako urbanismo orokorraren estilokoa. Moderno izana. Zurruna eta grisa.

Arropek bezala hormek pintura zurrupatzen dute. Eta koloreak, eta hitzak, eta alanbrearen handinahiezko metal hotsa ere bai… dena hormetan geratzen da. Nork daki, inoiz irten liteke adreilu batean fosilduta —karbono 14— behin han kantatutako estribillo hura…

Eta ez baitziren kartoizko kaxak, ez etxeak, hutsik egoteko sortuak, sartu zen; ausartu zen bat, lehena. Atea pittin batez bultza eta eskuineko begia sartu zuen lehenik, sudurra ondoren. Gero pauso arretatsuetan, errespetu ia gehiegizko batez astiro joan zen lau hormen erdiraino. Haizeak itxi zion atea (!) eta oihartzunaaa… mendi galduaren puntako gaztelu misteriotsuko burdinezko atetzarra zarratu zen. Eta lehen biztanlearen berri-beldurrak eta etxe hutsaren babes-nahi ahulak, «FRAGILE», bat egin zuten baldarki gozo. Lehengo biztanle hark kolore pasteletan pintatu zituen hormak, egoki, apain; eta kuter batez atera lau leiho eta kar­toizko soberakin karratua baliatu pertsianatzako.

Auzo arrazionalistak, berunezko oinarria eta por­lanezko paretak. Apaingarririk ez.

Berriaren -tasunak baina, denboraren -keria baino ez du behar izana galtzeko. Luze gabe bukatu zen kolore pastelen epela «Etxeak ez ditun bakarrik bizitzeko eginak…» hala geratu zen hormetan, «…bakarrik bizi haiz eta ondo… dena zegon kontrolatuta; gauzak hik utzitako tokian beti; inork ez din trabaik egiten; pakea; pakea edo gerra, dena heorren nahieran …Ta bai, probatu beharrekoa igual, bolada baterako kontua nahi baden… baino keba! Hau, bakarrik bizitze hau, gezurra ez, baino erdizkako egi bat den. Bizitza, bizitza ez zegon hemen… Masturbatu edo larrutan egin». Ogiak olioa bezala hormek hitzak, igande arratsalde batez.

Pertsona bakarra den etxean sobera aire huts. Bistan da zuri begiratuta, bakarrik mikro-mundu karratu horretan. Ari zara ari, gora eta behera, bainilaz igurzten gela, [  ]a,  [    ] eskuinerantz eskuinerantz… arrabolaren jira bakoitzean zipriztinduz zure burua, aurpegia, besoak… Txu egiten dizu arrabolak —edo paretak berak egiten dizu burla…—. Pollocken pinturamodua ere, tanta eta zipriztin jaurtiketa hura, tentsio de karga bat zen, maldizio bat gizarte amerika­rrari, ongizate gizartearen ondoeza. Eta hara zu: horma horretan duzu —hain garbi, hain puru, hain bainila gozozko— gizarte amerikar bat, europarra adibidez, eta zure soinean gizarte horren hondakinak, leuntasunari ixuritako gezur pinporta piloa.

Bistan zen. Etxeak ez ziren bakarrik bizitzeko. «ALO­KAGAI» azaldu zen esekita.

Etorri zen larrua, mundua, heldu zen jendea txandaka­-txandaka ia etenik gabe. Ahoz aho pasatu zen kontua, ezpainetik ezpainera espekulazioa.

Etorri ziren eta aurkitu zuten etxe ia huts bat. Pasatu direnek beti uzten/ahazten dute zerbait joandako egunen marrak zeldan, hitz arrotzak bertako hizkuntzan… Beti zer­bait; aitzakia Freudiano bat bueltatu ahal izateko… Seinale azken bat sukaldeko aulki zahar bat, marmolezko hautsontzi pisu bat. Superbibentzia instinto gauzezko bat bezala da, izan ginela eta izan ginenaren arrasto utzi beharra. Espezie humanoaren marka: oliba bat platerean.

«Alokagai». Hilabetekako jendea, gaukakoa, bolada­kakoa. Bukaera duen zernahi epetarakoa. Erabatekoarekin sinesten ez zen garai bat. Soinekorik ere ezin dela oihal bakarrarekin egin. Dena ondo estaliko badu, behar du ete­nen bat, eta gero joskuraren bat; zatiak behar. Ez dago erabatekorik, borobil perfekturik, ez guztizko betetasunik.

Etxean ere, jende-zatiak, aro-puskak, hitzezko tratu hatek josiak. Han bizi izan ziren bat eta beste bat, hiru eta laurekin, eta gero zortzi, host akaso, zazpi aldika… sartu, irten… Taldean fedea, eta oreka bat, hauskorra. Bakoitzak horma bat margotzen zuen bere gustuko kolorez, konbinatu ala ez; oihal txatalak lez paretak, eta oihal txatalak lez, zenbat eta joskura gehiago, hausten ere errazago.

Iruñeko Euskal Jai Gaztetxea, 1994. urtea. Argazkia Joxe Lacalle

Denbora artazi, eta zoritxarrak zoritxarra eskutik. Aide egin zuen batek lehenbizi, erdibanatan bizitzen nekatuta; gero bi, hiru… eta hari bakarrari tiraka-tiraka biluzik geratu etxea.

Jende gehiegi, eta nahasi zen airea.

Auzo arrazionalista pisu, bere buruaz ziur. Luzaz aldagabe irauteko egina. Mezu bat, soila eta argia bera bezain, Le Corbusierrek fatxadan idatzia: «etxea bizitzeko makina bat da».

Aldiz, etxe txikia bizitzeko makina bat Ian. Berriro huts.

Bigak kili-koloka hasiak.

Erori zitzaizkion teila batzuk eta zartatu paretak, okertu ziren hormak eta angeluak, marrazki bizidunetako etxeei bezala. Hutsik eta itxi: karakol barrurantza sartua; triku arantzabola; kartoizko kaxa, bi ertzetatik, klak! eta berriro tolestua bi planotara. Izterra izterrarekin. Sofritzeko beldurrez gozatzeko aukerarik uzten ez duenaren gisan.

Zuk hor jarraitzen duzu, leihoaren markoaz hara, eskuinerantz pixkanaka, [   ]rra, [     ]ra, [       ]a gero eta zabalago, izan litekeen koadrorik aurrikusiena margotzen. Tarteka, azpiko kolore geruza paretatik altxa eta arrabolean pegatzen zaizu gorakoan, eta berriro arraboletik horman itsatsi beherakoan. Tiraka kendu nahi bazenu bezala zuk. Egoskor eutsi nahi balio bezala berak.

Batzuetan gertatzen baita uste ez dena, halaxe gertatu zen. Denbora eta denbora eta gero denbora gehiago igarota. Tarteka pasatzen zen gazte bat etxe paretik. Nahigabe beza­la. Gehiegitan nahigabe izateko. Igoal ezkerretik eskuinera, eta geroxeago eskuinetik ezkerrera. Lurrari begira, baina zeharka etxeari.

Bi, lau eta sei, atzetik hamarnaka azaldu ziren gazteak.

Eta zaborretako silloi zaharrak, muelleak bereak emanda zituztenak; eta armairu lakatu afrusak, nonondik helduak haiek ere; eta nobela erabiliak, sekula agortzen ez direnak; apal bihurtzeko paléak; eta lanpara erdi desmuntatuak: parkinsonak jotakoak eta kobrezkoak: eta 80-90. hamarkadei sobran geratutako zenbait puska, denak iritsi ziren ilunetan eta arrastaka. Eta plastiko rollo handiak, eta kartulinak eta alkoholezko rotuladoreak. Eta margotu zituzten hormak kolore bizi: kolorezko bihurguneak, molekulak eta jarioak… eta bi mila letra rotuladore potolo buru-biribilekin eta hizki aldrebesez.                                                                         .

Eta berdin zen, ateak jada ez bazuen bere markoarekin enkajatzen. Ez zen sarrailarik, etxea zabalik zen.      

Auzo arrazionalistak, handitasun absolutu bat behetik gorantz begiratuta: zutabe karratu sendoen gainean kubo­tzar bat, oro marra zuzen, ertz zorrotz, pieza bateko. Porlana edertasun. Bakoitzak bere lekua zuen tokia.

Iruñeko Euskal Jai Gaztetxea, 1994. urtea. Argazkia Joxe Lacalle

Behean, surrealismo barroko fauvista. Zirkulu batean tximista bat eseki zuten, lurretik zerura doan tximista: GAZTETXEA.

Eta hala Okupatu zuten etxea, okupatu trastez. Eta gero Bete, bete biziz. Okupatutik Beterakoak aldea, bizitza. Okupatu, okupatu liteke espazio bat adibidez alferrik. Okupatu, traban dagoenak ere okupatzen du. Lurralde bat okupatu esaterako: behar ez den tokian egon, zoru bat gainezkatu, belar berria zapaldu. Edo denbora okupatu: zerez osatu, segundo eta minutuen kasiletan X-ak eginez ari. «Okupatu» «egon».

Soilik trastez okupatzen diren etxeei, hasierako iraki­naldiko indarra berehala joaten zaie, puxika haizez bete eta korapilorik egin gabe uztea bezalako okupazioei.

Baina Bete, besterik da betetzea, Okupatu eta gainera Bete. Zailagoa da hori, harreman hori, Ian da. Bat egitea espazioarekin, eta piztu araztea, armairutik irtengo bailitzan etxea, bere burua aurkitu duen gorpu bat. Betea. Lurra bizi. Edo, denbora, egonean nahiz eginean, baina barruarekin bat egiten duen denbora. «Bete» «izan».

Eta Okupatu eta Betetako etxeetan harri zaharrek balio berria hartuko balute bezala da, bisagren kriki-krakak perku­sio, eta lainoak, belar-lainoak, ke-seinale gisan erritmikoki tximiniatik. Paretak bezalako koloretako jendea, atzera-aurrera. Eta airean lekurik ez, bete. Arrazoiaren auzo arrazionalistak, ordena. Kolorerik ez. Funtzionala, praktikoa. Eta haren leihoak mesprezuzko begiradak iduri.

Zuk ba ote dakizkizu kontu haiek… Entzuten ote dituzu paretak, entzun, zuritu. aurrez… Badakizu zer aldarrikatu zuten behin…? Errebeldia. Formak apurtzea. Edo are delika­tuago: «Forma» posibilitate eremu zabal gisan —…Hara, Pollockek bezala—. Nekatzen zaizu beso bat eta aldatzen duzu arrabola eskuz, beti eskuinerantz bide  [   ]ako,  [    ]ko, [      ]o, [            ] Bukatzear zara jada.

Arrazoiaren  auzoak,  ezkutatuko  zukeen  etxe  txikia —okupatua, betea eta kolorezkoa, desberdinegia—, here porlanezko zangoen pean. Eta desagertarazi.

Bera izan zela diote hotsek…

Goizalde batez iritsi ziren. Bat baten ostiko bortitz bat ez zegoen sarrailan eta atea lurrera. Eta sartu zen norbait, sartu ziren, kolpe lehor baten bortxaz zakila barruraino bezala, ostikoa atean, eta orpoa aurretik, barruraino. Gizon ilunak, auzoen esanetara. Orokortasunari men. Uniformatuak eta mundu uniformearen misiolariak.

Usteldu zen etxea. Ustelarazi zuten. Nekatu egin zen bere buruari eusten. Leiho altuen zehar-begiratuak, pertsiana erdi itxi haiek, auzoen esamesak… Pipiak jan zuen. Arrazoitarrek irabazi.

Barruan, eurenarekin sinestuta behatz mamiez azken azulejoari eutsita iraun zuten gazteak, arrastaka atera zituzten, arrastaka, azulejoen Iakan pentagramak urratuz azkazalekin; arrastaka, behin eurek sartutako silloi zaharrak bezala. Odola tximiniatik, odola estolderiatara.

Eta eseki zuten bandera bat egurrezkoa eta iltzeduna.

Okupazioaren aldeko manifestazioa Iruñean 1992. urtean. Argazkia Joxe Lacalle

Eta etxe itxia huts. Espazioaren desokupazioa, des-betetzea, des-bizitzea: heriotza. Kutxa metafisiko bat berriro. Airearen okupazioa alferrikako okupazio horietarik da. 

Urte huts, urte hilak joanda iritsi zara zu. Itxura-jendeak, formaren delineanteek bidalia —Arrazoiaren auzoak (?) Udalak (?) Elizak (?)—, horma hauek zuritzera. Jatorri ukigabe hura imitatuko duen artelan bat eskatu dizute. Eta egin duzu. Jantzi duzu etxea bainila kolorez, garbi. Jantzi duzu zuriz. Erostun bat izan dezan, betirakoa, betirakoa aldi baterako behintzat.

Auzo arrazionalista bare da. Urak bere bidera etsi.

Ertzak ere leundu zaizkiola dirudi. Monotonia beti da errazagoa.

Bukatu dituzu lanak. Bukatu duzu kontraesanaren metafora: garbitu duzu hormen azala eta zikindu zure burua. Eta jada paretak lehortzen hasiak dira. Garbitu duzu arrabo­la; itxi duzu, ertzak zanpatuz kuboa; sartu gainerako trasteak —brotxa mehe, karrozero zinta— kirol poltsa gazte garaiko horretan; lurreko estraza papera ere bildu duzu, bola erraldoi bat eginez. Eta paretak pixkanaka lehortzen ari. Gero, gustagarriena: heldu duzu zokalo ertzean itsatsitako zinta luzearen punta, eta tiraka-tiraka zinta askatuz dibujatu dituzu gela kubikoaren ertzak; ezkerretik eskuinera, pintura lehortzen ari den bezalaxe. Beste izaera bat hartu du denak, dotore, kantoi-zorrotz; zinta mordoilo sobrantea ere kirol poltsara. Eta paretak lehortzen. Makurtu zara eta hartu duzu kartel handia, baina paretetan pintura lehortuz doa, jarri dizkiozu bi ertzetan bi soka, eta zure bizkarrean paretak lehortzen ari dira, irten zara kartela esekitzera, baina pintura lehortzean alkoholezko rotuladoreen tinta kanpora irteten da berriz, Amazonasko asfaltopetik adaxkak bezala. Esekitzen ari zara kartela. Eta zure atzealdean pixkanaka-pixkanaka errebelatuz doa: [ etxe  txiki  bat  zara ], eman duzu buelta [ ahula   hauskorra,   lau   gelatako ].

lzan zena zail da erabat ezkutatzen.

Nahiz eta kartel bat, hori fosforitoa, «SALGAI», zintzilik, eskuineko bentrikulutik.

Maialen Lujanbio

«Zuriz jantzita ere», Ametsen baratza: Sorgintxulo gaztetxean ereindako berbak, Elea, 2005

Irudia: Iruñeko Euskal Jai Gaztetxea, 1994. urtea. Argazkia Joxe Lacalle