Sakelako harria

Goiz jo du despertadoreak Julian Larralderen logelan. Ernatzeko tenorea dela jakinarazteko abisua. Ezkerreko eskuarekin bilatu, aurkitu eta itzali duen arte. Bata bertzearen ondotik eginen dituen mugimenduetako lehenbizikoa. Gainerako guziak berez etorriko dira. Hala izaten da egunero. Baina gaur kate mekanikoa gelditu egin da istant batez, duda egin baitu armairuko atea irekita. Pertxatik zintzilik ageri da laneko buzoa, bere burua urkatu baitu, jakinik ez dela kartzela horretatik sekula gehiago aterako. Aspaldi jauntzi gabeko txaketa jaspeatua hartu du. Irri murritxa eskapatu zaio ezpain artetik, ez baitu uste konkortzen hasiriko bizkarrean behar bezala egokituko zaionik. Ongi izaki, ordea! Oihal piezak lotzen dituzten hariek nolabait ere kontu diote hautsi gabe. Ez zuen usteko. Sakelan zerbait gogorra nabaritu du. Harri leun bat da. Aspaldiko uharria! 

Zenbat denbora lantokian hasirik? Sesentaidosean estreina! «Bizitzaren puskarik hoberena joan zaidak!». Pentsamendu horren kargarekin sartu da sukaldean. Irratia biztu, kafea prestatu, esnea kazolara bota, katilua mahaian paratu. Katuari begiratu dio. Kamainatik atera gabe mingainarekin azpialdea garbitzen ari da. Begiek begiekin topo egin dutelarik miauka hasi zaio. «Bandido zaharra! Orain ere zerbait nahi hik! Hago pixko bat!». Lehenago ez zituen sobera gustuko. Gorroto ere izan zien bolada batean. Halako batek berak hagitz maite zuen karnaba hil zionez geroztik. Ukitu bertzerik ez, eta seko hantxe! Katuaren maitte-maitte bat aski izaki txori ttikia hiltzeko! Baina lagun hau inork deitu gabe sartu zitzaion etxera, eta ez zuen kanpora bidaltzeko balorerik izan. Handik honat apopilo. «Gustura bizi haiz hi, fonda merkean!».

Ezti lodiaren potoan koilaratxoa sartu du. Harekin gozatzen du zintzurra erreko dion kafesnea. Bezperako ogi sobranteko puska batzuk bota ditu gero, eta salda guzia inarrosi. Ogi zopek kafesnez mozkor xalantak ematen dute, jirabiraka ibaiko ur uherrean. Ahoak irentsi du putzu osoa. Tximistak eta trumoiak hertzeen laminazuloan. Baina baraurik ere berdin sentituko zuen gaur ekaitzaren ondoriozko zirimola. Astelehen hau berezia baita Julianentzat. Berrogeita sei urteren ondotik!

Gosarikoak bildu, etxe osoari begiratu bat eman, balkoiko atean Mustatxentzat zirritua utzi eta kanpokoa ireki du. Adiskideak ez dio begiratu, lurreko plateraren gainean xurrupaka ariki, hondarreko esne ttantta mingainez garbitu arte ez baitu sosegurik izaten. Paper bat sartu dio ate azpitik parean bizi den alargunari, etxekoak egiten dizkionari, eta eskailerak beheiti abiatu da. Bosgarrenean bizi den parejaren buzoian bertze letra batzuk uzteko tentazioa izan du, «Alda zazue lastaira zahar hori! Negozioan hasten zaretelarik, kirriki-karraka horrekin ez da lo egiteko manerarik!». Gazteen sasoi onaren berri izaten du gau frankotan.

Oraindik ilun dago eta karrikan jende gutti dabil. Banakaren bat edo bertze lanera bidean, automobilen bat arrankatzen, partitzaileen furgonetak presaka… Prentsarekin batera eguneroko beharrezkoenak saltzen dituen denda koxkorrean nagusia jeneroa antolatzen ari da. Herria nagiak ateratzen, eta etxeetako argiak pixkanaka bizten hasten, leihoak zabaltzen. Neska gazte beltxaran eder bat gurutzatu du, zapata-takoi puskatuak eskuan, oinutsik espaloi bustiaren gainean. Ez da gauaz lanean aritua den bakarra. Errotuladore txar bat arma gisara, gaur ere bere marka utzi du aktibista sekretuak, betiko berbera: ETA EZ. Horixe bere arkanbele-kanta! Mamorro hau ez da hegaka ibiltzen ordea. Ezaguna du. Bi hanka eta bi beso ditu, eta sudur xorrotxa, eta berak baino hamar bat urte gehiago…! Soldadu gogorra, bere gerra partikularrean! Faroletan eta trafiko seinaleetan edo aparkatzeko txartelen pagatokian hasi zen. Baina orain automobilen gainean ere idazten du bere manifestua! Deskuidoan bere Citroen xaharrean ere egitea gogoratzen bazaio, HORI ERE EZ erran beharko dio, eta xikinkeria egin behar badu, bereiz dezala hobeki tokia.

Autobusera sartzen ari den bitartean, automobila ez baitu hartzen zentrora joateko, haur denborako iduri bat etorri zaio pintada egileaz oroitzean. Egun hartan joka ibili zen eskolan. Joka edo. Andres Larunberekin, orduko alkatearen semearekin. Pitokeriaren batengatik, seguru. Baina kontua da izan zutela sesioa. Eta berak eman ziola polliki. Ez sekulakoak, ez baitzekien, ez baitzen usatua! Ukabila itxirik eta horrelakorik ez. Eskua zabal-zabal, zapla! Lehenbiziko eskuinarekin, eta gero ezkerrarekin. Alkatekumea, matelak gorriturik, etxera negarrez joan zen arte. Ez zen misterio bera gailentzea, bi urte zaharragoa zen, eta puska handiagoa ere bai. Lotsa pixka bat ere sentitu zuen. 

Gero, egun hartan berean, etxera bidean, futbol zelaiaren parean, lurrean letra handi batzuk ikusi zituen, kamio erdian klarionez eginak, MAKI BASTARTA. Maki erraten zioten Frantzian bizi zen osabari eta, harengatik, baita familia osoari ere. Berak ez zuen entenditzen, baina mingarria zitzaion. Gerora ikasiko zuen. Bastarta, ordea, bazekien zer zen. Eta hura are makurragoa zen. Hura amarentzat ere burla zen. Harexek jarri zion odola bor-bor, guttitan bezala. Andresen etxera joan eta, orduan bai, sekula eman gabeko beharriondoko on batzuk emateko gogoa sentitu zuen. Martinek kontu zion besotik. Familia harekin sartzen bazen ez zuela onik izanen. Hobe zuela kasurik ez egitea. Martin! Martin Jitua! Non ote dabil orain? Hura besotik tiraka gogor. Ez zuen segituan amore eman, baina hondarreko lasaitu zen. Bien artean urratu zituzten hitz zikin haiek. Arrasto zuri bat gelditu zen lurrean. Eta nahigabe sakon bat bere baitan. 

Autobusean, aulki bat libre ikusi eta hantxe jarri da, aspaldiko istorioak burutan. Belosoko maldan goiti hasi direlarik, ondoko asientoko gizona marmarika ari dela sumatu du. Bere buruarekin, diruaren kartera irekita, handik ateratako erretratu bati begira. Seminario zaharraren ondoko geltokian argazkia lurrera erori zaio, bere hanken ondora. Julian makurtu eta behatzekin hartu du. Emakume gazte bat, hiru haurrekin kamerari begira. Eta Juliani orain. Ondoko gizona bezala. «¡Mi mujer y mis hijos!», erran dio, negarra begietan. Hitzezko kontestarik gabe, kontsolamenduzko keinua egiten saiatu da. Gizonari barrena bertan husteko nahikoa iruditu zaio. Bakarrik dagoela eta pena handia duela. Edana dago, gizajoa. Solas egiteko maneran ezagun du. Baita hatsean eta begi xerbeldu horietan ere. Pattarra segur aski, pattar merkea. Berak ez zuela etorri nahi, baina nola mantenduko zituen andrea eta seme-alabak! Julianek ulertzen duela erran dio, «Me hago cargo», gogorra izan behar duela. Ekuadorrera itzuliko dela, ahal bezain agudo. Gainerako bidaiari lokartuen mututasunarekin, garrasia iduri du abailduaren solasak. Begirada serioak tiratu dizkiete horregatik. Suerte ona izateko, Julianek, baina berak han jautsi behar duela, Merindadeen plazan. Adios erran eta zutitu da, beldur baita ez ote zaion iratsiko, xintximaria larruazalean bezala, baina ekuadortarrak ondotik segitzea erabaki du. Nora joanik ez duela ematen du. Zer lan klasetan ari ote da? Julianek ez du deus gehiago jakin nahi, ordea. 

Espaloian, despeditzeko eskua luzatu diolarik, gizon ttikiak ustekabeko galdera egin dio. «¿Te puedo dar un abrazo?». Besagainak altxatu ditu, harritua, eta konturatu orduko gizonaren besoetan preso harrapatu du bere burua, haren ezpainak lepoaldean. Berak ere besarkatu du, erdi lotsatua. Ohartu da ez duela aspaldi inoren gorputzik horrela sentitu. Itogarria zaio. Nolabait ere gainetik kendu, eta kalea gurutzatzera abiatu da, erdi lasterka. Badaki halako paketearekin ezin izanen diola segitu, baina badaezpada ere burua bueltatu du pixka bat urruntzean. Gizon abandonatuaren begiek ezin dute ikusi. Lasaitu eta pausoa mantsotu du, Parte Zaharrera bidean.

Negarra! Negar egiteko gogoa! Ez nolanahikoa berak ere, kapitalera etorri zen egunean! Autobus zahar hartan, mendateko maldetan. Karreterak ezker-eskuin egiten zuen behin eta berriz, sugearen gisara, eta jendea garraiatzen zuen katxarro hura eginahalak egiten, ezinean. Orduan ere goiz zen. Argitzen ikusi zuen leihoko kristaletik. Begiak kanpoko aldera nahiago, bere baitara baino. Ez zuen deusetan pentsatu nahi. Oroitzen da portuaren gaina pasa eta gero koloreak aldatu zirela, berdetik horira, eta ezongia zabaldu zitzaiola estomakatik hasita gorputz osora. Ordea, pentsatzen jarrita, arabera, hagitzez makurrago ibilki da makina bat jende gaur egun, etxea utzi eta munduan barna lan bila. Baina orduko bere pena berak bertze inork ez zuen sentitu. Herritik bidali zuten eta ezin bueltatu. Laketuko ote zuen? 

Calle Tejeria karrika metal puska batean, eta paretan iltzatua. Hortik sartu eta hogei bat metro egin ditu ezkerraldeko etxeen arrimuan, kristalezko erakusleiho baten pareraino. Bodegas Arrieta, desde 1893, denborak kolorea janiko letrak kristalean. Eta haien gainean paper bat, Cierre de negocio. Ederki jakinki hori ikusiko zuela, eta halere ahoa zabal-zabal, lehenbiziko notizia balu bezala. Ezin sinetsi. Berrogeita sei urte hortxe, egunero-egunero! Berak irekitzen zuen denda ordu horretan, nagusia geroago etortzen baitzen. 

Sudurra kristalaren kontra paratu du, ttikitan gozotegiko hartan mukiak uzten zituelarik bezala, eta bere burua bilatu du barrenean. Hantxe ikusi du, bere buzo urdina soinean, bezero batekin erausian. Botila batzuk apalategitik hartu eta mostradorearen gainean utzi ditu. Etiketak erakutsi dizkio erosleari, ardo haien gaineko goiti-beheiti guziak emateko. Buruz egin du kontua, paperik gabe, ez agiririk ez emateagatik, emakume eder hura konkistatzeko baizik. «Nola arraio egiten duzu?», galdetu dio. «Erraxa da», kontesta berak, «praktika pixko bat bertzerik ez da behar!».

Kale-garbitzaileak aterarazi du ametsetik.

—Zer, Julian, erretiroa hartu ta oraindik lanean segitu nahi?

—Motel, kosta egiten zaidak!

—Hi, aspertzen bahaiz, emanen diat nik entretenimendua!

 Irri egin dute bi gizonek. Pozik eginen lukeela berarekin truke erran dio bizargorriak. Kontseilu ematen hasi zaio gero, aprobetxatzeko eta gozatzeko orain, oraindik ere gazte eta sasoian dagoela. Ea zertarako nahi duen mutilzahar horrek horrenbertze diru…

Metro batzuk aitzinera egin eta Hiesaren kontrako Batzordearen lokalaren parean gelditu da. Joxemari bere lagunaren liburu-denda zena! Hura ere herritik etorria, bertze hainbertze bezala. Bertan erosten zuen periodikoa egunero. Xoxa eskuan hartzen zuelarik, «Ekilikua!» erraten zion aldiro, konforme zela seinale. Jaioterriaz ere maiz solastatzen ziren. Ihizi denboraz aunitz oroitzen zen. «Nola joaten ginen nerabeak ihizturiei xakotea eramatera! Oroitzen haiz?». Gizon gozoa. Negozioetarako desastrea! Liburuak gustatzen hari, letra paperean, eta lagunekin konbertsazioan aritzea. Fraidetan ikasia! Baina enpresa lanetarako zero! Bat saldu eta bi erregalo ematen zituen. Julianek hala zituen hartuak mordoxka bat. Nola ez zuen lehenago kiebra jo! Gizon ona, Joxemari! Jubilatu, denda itxi eta familia osoarekin herrira bueltatua. Aspaldi ikusi gabea. Zertan ari ote da?

Langileek fabriketan gaurgero hasia izan behar dute eguneroko lanaldia. Haien ondotik, orain estudianteen txanda da. Eskolara joateko tenorea. Gaxte batzuk zigarroa ezpainetan dute segituan, etxeko ataritik metro multxo bat urrundu ordukoz. Horiexek puskatu zioten eskaparatea azkeneko elurtean. Nexka-mutikoak elkarrekin doaz. Guraso gazteren bat edo bertze ere bai, umea haurtzaindegira eraman behar eta. 

Ez daki nora doan baina ez du non gelditu eta hankek atsedenik eman gabe eramaki dute. Kantoian aspaldiko bezero bat agertu zaio parean. «Zer zabiltze, zu, ordu honetan hemen, gizona! Ez al duzue denda itxi?». Josefina da. Leitzako erregina! Senarra ospitalean duela. «Ez al ziñekin?». Ez dela grabea, baina han egon behar. «Edadea, badakizu!». Emateko goraintziak bere partetik. Baleki nolako inbidia dion! Horrelako emakume alegre eta bizizalea tokatzea! Oraindik ere ohatzean jostatzeko eta goxatzeko prest imajinatzen ditu. 

Oihu zakar bat sartu zaio bat-batean pentsamenduak haustera. Pako Kojua da. Futaka hurbiltzen ari da, beti bezala, bere xakur buztan-motxarekin. Norentzat ote du gaurko maldizio maxota? Ez du harekin solas egiteko gogorik, baina nola ihes egin?

—Julian, leitu duk periodikoa? Horiek dituk, horiek, putakumeak!

Hitzak poliki eta garbi isurtzen ditu, baina ez daki zertaz ari zaion.

—Politiko guziak, putakume hutsak! Eta haundiena hik dakiken horixe, alkatea! Kaguenlaputa!

Bastoia airean goiti egin du, zerura zuzen. Han bide daude politikariak, haien kontrako erretolikak segitzen baitu.

—Nere esku balitzeke! Nere esku balitzeke… hartu eta denakeri kohete bana ipurtzulotik sartu eta aire! Hasta-Mugaire! Bai horixe! Leitu duk periodikoa?

—Ez, Pako, baina leituko diat. Orain presaka nabilek.

Burua makurtu eta eskapu joan da, haserrearen gaineko argibiderik galdetu gabe. Ezagutzen baitu Pako! Nork aguanta halako perla? 

Egia erran, ez du inor ezagunik ikusteko batere gogorik. Esplikaziorik eman behar ez izateko. Izanez ere, berak ere ez daki zer egin behar duen orain, bere betiko lantokia itxi eta gero. Jendea dabilen karriketatik aparte, harresien aldera jo du, bertan bakarrik egoteko esperantzan. Hantxe, harrizko babes zaharraren gainaldean, bera ez bertze inor ez da ageri. Katedralaren atzealdean dago, ziudadearen goitieneko lekuan. Hemen ere eliza gailen, herrian bezalaxe! Izorra hadi, Piarres!

Etxeko balkoian balitz bezala, ukondoak harri hotzean finkatu eta bi eskuak lotu ditu, kokotsa haien gainean pausatzeko. Begien ikusmiran ibai ondoko auzoak eta inguruko herriak. Eta mendien gailurrak aiztur lana egiten, zeruko oihalari puska batzuk kentzen, sorterria estaltzen dutela oroitarazi bidenabar. Hango inor oroitzen ote da berataz?

Egonleku lasaia eta pasealeku ederra da hau. Frankotan etortzen ziren Karmen eta biak igande arratsaldeetan. Despedidako egunean ere hementxe izan ziren. Bartzelonara zihoala, neskato lanean aritzera, eta izeba Margariren etxean biziko zela. «Geroztik, Mediterraneora, ikusten ari garen ibaiko ura bezalaxe, ez?». Probatu behar zuela, izebak erran ziola ongi pagatuko ziotela, hagitz etxe ona zela. Joateko berarekin, erran zion, seguru zela berarentzat ere lana izatea han. Espainia guzitik jendea joaten ari zela. 

Baina Julianek problema koxkorra zuen, denbora hartan dendara sartzen ziren emakume guziak maite baitzituen. Tenientearen emazteak bodegako barrika artean larrua eman zionez geroztik, denak deseatzen zituen. Harekin harrotu zen, urguilu ergel batek hartua. Milagros zuen izena, «milagroak» egiten zituena. Eta ez zen Katalunia aldera joan. Ezta Karmen bueltatu ere. 

Pixagaleak dago, baina ibaia urrunxko izaki. Haur denboran igual ailegatuko zen! Orduan bai, pendoitzaren izkinan paratu eta handik txorrota putzura, xixare eta mamorro bila ibiltzen ziren oiloak eta piroak inguruan. Orain dena da debeku, animaliak preso, bakoitza bere kaiolan, eta gizon-emakumeak, nezesidadearekin konplitu nahi izanez gero, etxe barrenera! Hau mixeria!

Luzioren ostatura sartu da eta barran zerbitzatzen ari den seme gazteena saludatu du.

—Eunon, gazte, fuerte ari haiz!

—Beharko! Ez ematen jubilazioa guri!

—Jubilazioa erran duk? Hago pixko bat… Etzeok maiatza ailegaturik!

Gizonaren boza adituta, Txaro, alarguna, sukaldeko leihora agertu da.

—Horra nor dugun hemen! Julian! Zer zabiltza tenore honetan? Etxean ezin errenditu, edo zer?

—Bonxur, etxekoandre, zu ikustera etorri naiz!

—Gezurtero zikina! Izanen duzu negozioren bat! 

Bigarren etxea du Luzio zenaren taberna. Senar-emazteak esposatu eta, lokala traspasoan hartuta, hor hasi zirenez geroztik lanegun guzietan sartu da hameketakoa egitera. Eta jaiegun azkarkitan ere bai. Ongi ezagutzen dute.

Gazte koadrilla sanferminetan Lacalle tabernaren aurrean. 1988ko uztailaren 6an. Argazkia Joxe Lacalle

Tortilla pintxoa eta baso bat ardo mahaira ekarri dizkio mutilak. Zer nahi duen galdetu beharrik ez. Ondoko mahaian funtzionario batzuk iji eta aja ari dira, gosari berezia egiten: arroltze frijituak, xolomoa, xingarra, txistorra, patatak… Bera ere, Luzio bizi zen garaian, nagusiarekin mano-mano, gisa hartako makina bat otordu egina da hortxe berean. Nahikoa jan ondotik, pintako ardo botila exkax igual, eta akabatzeko kafe beltza, bero-beroa. Zigarro bana biztu eta buelta berriz, bakoitza bere lantegira. Orduan bai, sasoia!

San Fermin bezperako batean ezagutu zuten elkar bi gizonek. Bestaren aitzakiarekin, Bodegas Arrietan goizean goizetik hasi ziren langileak eta bezeroak, lehenbiziko xurrupaka eta hondarreko zurrutean. Eguerdian denda itxi ondotik, etxera bazkaltzera joan beharrean, Parte Zaharrean barna bueltaxka bat ematea gogoratu zitzaion. Jende guzia harrotua zegoen, salto eta irrintzi. Musika ere nonahi aditzen zen. Aitzineko urteetan ere ikusia zuen panorama bera, baina sekula ez zen atrebitu gelditzera. Urte hartan, ordea, erdi txispatua baitzegoen, eromen hartara sartu egin zen. Berak jakin gabe nola, halako batean bere burua lagun kuadrilla batekin ikusi zuen, soziedade batean, mahaiaren bueltan, ordurik gabeko jan-edan nahasian. Orduan ezagutu zuen Luzio. Biak lepotik loturik, orduak eman zituzten Ziburutik Sarara bi neska faltatu kantatzen, zorion betean.

Makina bat parranda etorri ziren haren ondotik. Primeran hartzen zuten biek elkar. Adiskideak ziudadeko xoko guziak ongi ezagutzen zituen. Doña Mikaelaren etxeko bidea harexek erakutsi zion. Neska sinpatikoak zituen! Eta madama bera ere emakume gozoa zen. Anbiente ona zegoen burdel hartan. Etxekoandrea eritu zelarik, neskek primeran zaindu zuten. Don Pako Iriarte etortzen zitzaion kasu egitera, Tio Pepe bertzerik edaten ez zuen mediku zakar baina denek etxerako nahi zuten huraxe. Elurrak bazter guziak zuritu zituen otsaileko egun batean hil zen. Auzoko apez ergelak ez zela sartuko bekatuzko etxe hartara, eta Joxemarik bere liburu-denda eskaini zuen, kaxa bertan uzteko kanposantura eraman bitarte. Nagusia falta izatearekin, artaldea desegin egin zen, eta kofradia hartako lagunak nora joanik gabe gelditu ziren.

Baina hori andregaia hartu baino lehen izan zen. Bateratsu hasi ziren biak. Jito Alai frontoiko berbenara joaten ziren igande arratsaldeetan. Hantxe ezagutu zituzten bakoitzak berea, Luziok Txaro eta Julianek Karmen. Elkarrekin ibili ziren bolada batean laurak. Eguraldi ederra baldin bazen ibai ondora, eta txarra suertatuz gero ostatura, meriendatzera. Musika-tokira ere tarteka agertzen segitu zuten. Halaxe joan ziren dozena erdi bat hilabete. Luzio eta Txaro esposatu egin ziren, eta Karmen, Julianen ezbaiarekin aspertua, Bartzelonara joan zen. 

Ezkonberriak tabernan hasi ziren lanean. Luzio barran aritzen zen, eta Txaro sukaldean. Hiru seme-alaba egin zituzten, bata bertzearen ondotik. Baina gizona agudo gaizkitu zen. Bera zen zerbitzaria, baina, aldi berean, bezerorik hoberena ere bai. Plan txarra. Eritasunak azkenean gizona bentzutu eta San Fermin bezpera batean, hain zuzen ere, eman zioten lurra kanposantuan.

Harez geroztik, arrunt bakarrik ibili dela pentsatu du Julianek. Lanak hartzen zion denbora puska ederra, baina bodegatik aparte orduak luze joaten zitzaizkion. Eta orain ez daki zer egin behar duen honenbertze denborarekin.

Zerbitzari gazteari adio erran eta kanpora atera da. Berotzen hasi du, baina ez du txaketa kendu nahi. Bertze karrika batzuetara abiatu da, arrotzago zaizkionetara. Jende aunitz dabil, goiti eta beheiti, ezker-eskuin. Berak ez du inor ikusten. Bertze paisaia batzuetan ditu begiak. Gazteluko plazara ailegatu da, plaza nagusira. Jubilatuek aulki gehienak okupatzen dituzte. Bakarren bat egunkaria irakurtzen ari da, eskelak segur aski, baina gehienak jendearen joan-etorria kontrolatzen ari direla ematen du.

Auzo zaharra bururen buru gurutzatu du, gelditu gabe. Errepide zabalera ailegatu da. Eskua sartu du txaketaren sakelan. Aspaldiko uharria hortxe dago. Bi behatzekin ukitu du, behin eta berriz igurtzi. Ongi sentiarazten du. Egunero etxera eramaten duen autobusaren zain gelditu da. Ibilgailua etorri eta txoferrak atea zabaldu du bere parean. Ordea, Julianek ezetz egin dio buruarekin. Gaur ezetz. Ez da sartu eta oinez abiatu da.

Probintziako autobusen estazio zaharraren ondotik pasatu da, eta herriko autobusean txoferrari laguntzen zion jenio biziko emakumeaz oroitu. Nola agintzen zien makurtzeko guardia zibilek ez ikusteko, denentzat tokirik izan ez eta zutik joaki baldin baziren. 

Errepidearen bertze aldean dago geltoki berria. Ez da egundaino bertan izan, eta hara sartzean daldara bat sumatu du hanketan. «Emaidazu txartel bat, faborez!», erran dio leihatilako neskatxari.

Mikel Taberna Irazoki Kapi

Atarrabiako Pedro saria, 2008

Gazte koadrilla sanferminetan, 1988ko uztailaren 6an.
Ezkerretik lehena, Espainiako poliziak hildako Mikel Castillo da. Argazkia Joxe Lacalle

Irati Jimenezen «Sakelako harria: irakurketa gida» Deabruaren Eskolan