Behar duzun gizona aurkitu duzu?

2021-04-09

Enperadorearen kabinetearen atea zabaldu zuten bizkor, eta atezainak Kissoff jenerala zetorrela iragarri zuen.

—Mandatari hori? —galdetu zuen tsarrak bizi.

—Hemen da, jauna —erantzun zion Kissoff jeneralak.

—Behar dugun gizona aurkitu duzu?

—Bai, jauna, hitz ematen diot berorri.

—Jauregian ari zen lanean?

—Bai, jauna.

—Ezagutzen duzu?

—Bai, eta agindu zailak askotan bete ditu egoki.

—Atzerrian?

—Siberian bertan.

—Nongoa da?

—Omskekoa. Siberiarra da.

—Odol hotzekoa da? Adimentsua? Kementsua?

—Bai, jauna, behar den guztia badu beste batzuek beharbada porrot egingo luketen lekuan garaile ateratzeko.

—Zenbat urte ditu?

—Hogeita hamar.

—Gizon indartsua da?

—Jauna; hotza, gosea, egarria, nekea azken-azken mugaraino eramateko gauza da.

—Gorputza burdinazkoa du?

—Bai, jauna.

—Eta bihotza…?

—Bihotza urrezkoa.

—Zer izen du?

—Mikel Strogoff.

—Abiatzeko prest dago?

—Zaindarien gelan dago, berorren maiestateak zer aginduko duen zain.

—Datorrela —esan zuen tsarrak.

Handik pixka batera, Mikel Strogoff mandataria sartu zen enperadorearen kabinetean.

Mikel Strogoff garaia zen, indartsua, sorbalda eta bularralde zabalekoa. Haren buru sendoak arraza kaukasiarraren ezaugarri ederrak ageri zituen. Besoak eta zangoak, irmo tinkaturik, lau palanka ziren, indarrezko lanei ekiteko mekanikoki prestatuak. Mutil eder gotorra, lerdena eta sasoikoa, nekez mugiaraziko zuten zegoen lekutik gogoz kontra, erroak boteak zituela baitzirudien, oinak lurrean finkatzen zituenean. Kopeta zabala zuen, buruaren goi alde karratua, eta adatsa ugaria eta kizkurra, kiribilka ihesi zihoakiona, kapela moskutarra jantzita zeukalarik. Begitarte zuria zuen maizenik, eta oso gutxitan gorritzen zitzaion kolorea, ez baitzitzaion odola sarri berotzen, ezta bihotza abian taupadaka hasten ere. Haren begiak urdin ilunak ziren, begikera zuzen argi tolesgabekoak, dirdizka beti betileen arkuaren azpian. Arku hori osatzen zuten gihar uzkurtuxeek adore aparta erakusten zuten, «heroien adore haserrerik gabekoa», fisionomisten esanari jarraituz. Sudur bikaina zeukan, zulo-handia, eta gailen haren aho simetrikoaren gainean, zeinaren ezpainak lodixkoak ziren, gizon zintzo eta onaren seinale.

Mutil eder gotorra, lerdena eta sasoikoa, nekez mugiaraziko zuten zegoen lekutik gogoz kontra, erroak boteak zituela baitzirudien, oinak lurrean finkatzen zituenean.

Mikel Strogoff gizon bipila eta kartsua zen. Bazekien erabakiak zirt edo zart hartzen; ez zuen azazkalik jaten zalantzan, ez zuen belarri atzean hatz egiten ezbaian, eta ez zen inoiz trabatzen duda-mudan. Urria keinuz eta hitzez, bazekien geldi-geldirik irauten, soldadua nagusiaren aurrean bezala; baina, ibiltzen zenean, aise eta seguru mugitzen zen, pausoak zehatz eginez, bere buruan konfiantza zuela erakutsiz, bere asmoak burutzeraino gelditzen ez zela nabarmenduz. Txoririk eskura etorriz gero, ez zuen berehalakoan askatuko. Arrasto eta aztarna guztiei adi zebilen beti, egokierarik ñimiñoena ere alferrik galdu gabe.

Mikel Strogoffek uniforme militar dotore bat zuen jantzirik, zaldizko ehiztarien ofizialek gudan erabiltzen zutenen antzekoa: botak, ezproiak, galtza estu samarra eta jaka kolore arrekoa, larrua ertzetan jiratua eta txirikorda horiez apaindua. Haren bular zabalaren gainean gurutze batek eta hiruzpalau dominak egiten zuten dirdai.

Mikel Strogoff tsarraren mandatarien gorputz bereziko kidea zen, eta ofizial maila zeukan gizon hautatu horien artean. Haren jokabidean, haren itxuran, haren izaera osoan, zerbait antzeman zitekeen batez ere, eta aurki ohartu zen horretaz tsarra, hots, «aginduak betetzeko» sortua zela. Eta guztiz gomendagarria da Errusian ezaugarri horren jabe izatea, Turgeniev eleberri egile ospetsuak zioenez, Moskuko inperioaren posturik gorenetaraino iristeko behar-beharrezkoa baita.

Egia esateko, inor gauza baldin bazen Moskutik Irkutskera lurralde inbaditu batean zehar joateko, bideko oztopoak eta trabak gainditzeko eta mota guztietako arriskuei aurpegi emateko, hori, denen artetik, Mikel Strogoff zen.

Julio Verne

Mikel Strogoff, Ibaizabal, 2002. Karlos Zabalak euskaratua

Julio Verne idazle frantsesa

Eszenatoki literario fantastikoetan barna, abentura gosez, irudimenaren ateak parez-pare zabalik, haurtzaroko lilurak gogoan hartuta eta nerabezaroko suak piztuta, literatur lan gogoangarriak idatzi zituen Jules Vernek. Irakurleen basa-herriari bere nobela faboritoetako hainbat eman zizkion eta euskarara itzulitako bere lanen arteko baten pasarte honek ezin hobeto erakusten du nola lortu zuen herri libre horren maitasuna.  

Mikel Strogoff nobelaren hirugarren kapituluan gaude. Eta oraindik ez dugu gizon hori ezagutzen. Aurreko bi kapituluetan –Jauregi berriko jaialdia, Errusiarrak eta tatariarrak– ze abentura zaila dugun aurrean esplikatu zaigu, ze inportantea den helburua eta zenbat zailtasun topatuko dituen protagonistak helburu hori lortzeko. Bana heroia falta dugu eta heroi hori da hirugarren kapituluaren hasieran ezagutuko duguna eta ezagutzeko desiatzen gaudena. Horretarako etorri gara. Tituluak aurreratu digu nor den gizon hori, izenez behintzat, eta horrekin norbait dela sentitu dugu, ezagutzea merezi duen gizon bat: Mikel Strogoff. 

Jules Fératen azala.

Gure heroia. 

Baina bi kapitulu itxaron arazteaz gain, Vernek apur bat gehiago edukiko gaitu zain bere protagonista ilunpetik atera baino lehen. Hirugarren kapituluaren hasieran bi pertsonaia jarriko ditu geure aurrean, heroiari buruz hitz egiten, gizona aurrean ez dagoela. Eta gero zabalduko du gela horretako atea Strogoff sartu dadin eta gera gaitezen miretsita, konbentzituta eta ahal bada, enamoratuta. Teknika bikaina da heroia aurkezteko. Hasierako dialogoarekin sinesgarritasuna lortzen du Vernek, Strogoff agertu baino lehen, demostratu egiten digu bere heroikotasuna, konbentzitu egiten gaitu. Eta gehiago ere bai: hain gizon miresgarria ezagutzeko gogoa eman digu. Maite dugu gizona ezagutu baino lehen, eta ezagutzen dugunean, Verneren deskribapenak asmatu dugula senti arazten digu. Miresgarria da Mikel Strogoff. Hau da bizitzera goazen abenturarako nahi genuen heroia. Bihotzak ez gaitu engainatu. 

Irati Jimenez

Irudia: Peresvet eta Chelubey arteko duelua Kulikovoko zelaietan. Mikhail Aviloven margoa, 1943