Benito Perez Galdos idazpurua
Colon plaza, 2, 3
Madril
Clarin maitea: zeu zara guzti honen egilea. Dagoeneko ez dut zalantzarik zeu zarela Gurutzada honen Pedro Ermitaua, eta ez dakit zertan geratuko den sakristiakoen kontrako Gurutzada, baina hain geratu dira harrituta kostako zaiela luzaroan ahotsa altxatzea.
Gertatu dena hain itzela izan da erdi izututa nagoela oraindik, ezin dizkizut deskribatu gau horretan (eta egun horretan, ze eguna ere egon zen) nik sentitu nituen nahasmendua, bozkarioa, esker ona, tontoaldia, lotsa, entusiasmoa eta laborria. Pena bakarra, zu bertan ez egotea. Gau osoan izan zintudan gomutan.
Badiotsut esan, gauza handia izan zela, hain handia ez baita guztiz nire kontua, guztiona baino. Aro berri baten hasiera izan da, literatura berri eta aurrerakoi baten lehen aldarria, iraganarekin hain maiteminduta dabiltzan sektore horien literatura zaharkituaren, zimelduaren eta ia mortuaren kontra.

Handia da kontua, eta ematen du zer pentsatua. Elkarrekin bageunde luze hitz egingo genuke honetaz. Ze 26koak badu denek ikusten ez duten esangura sakon bat. Uste dut etorkizunak zuk, nik eta beste batzuk aurreikusitako gauza ugari esango dizkigula. Uste dut bertsoen ekoizpena asko urrituko dela. Uste dut… tira, uste dudana ez da gutun batean kabitzen. Gainera oraintxe heldu da nire eskuetara 18ko data duen zurea [sic]. Eta egunkari bat ere bai. Ikusi dut zazpi ahalak egin dituzula. Ikaragarri ona zara. Zaude harro, ze hau zure obra da.
Carleta portatu egin da. Betiko moduan egon zen, zoragarri, beti. Canovas ekitaldira etortzeak sekulako garrantzia izan zuen. Ezin duzu imajinatu munstroaren presentziarekin ze harrituta, ze konfundituta geratu diren batzuk. Nik neuk ez nuen espero Canovas agertzea. Zelako sorpresa, imajinatu ezin duzun arrakasta eta oihartzun batena.
Madrilgo prentsan honi buruz hitz egiten baduzu, bota loreak Canovasi, ze, gezurra dirudi!, bera izan da piztiaren bihotzean eta erraietan sartu dugun [ahorik tatxatuta dago] ezpatarik zorrotzena eta zoliena.
Bota nahi beste lore Castrori eta Serranori ere (gera dadila geure artean), haiei zor diegu Canovasen agerpena; laudatu itzazu asko militarrak, medikuak, artistak, uholdean etorri ziren denak, talde ezin bikainagoak —laudatu Echegaray ere, miragarri egon zen, handi eta apal. Tira, lauda itzazu guztiak. Ez erasotu Akademia, ezta aipatu ere. Hobe da isiltasuna. Eman bostekoa eta milioi bat esker hiri loriatsu horretan ezin gehiago maite zaituen Benito Perez Galdosekin akordatu diren guztiei.
Benito Perez Galdos
Leopoldo Alas Clarini gutuna, datarik gabe, baina 1883ko martxoaren 26an egindako Perez Galdosen omenezko bazkariaren ostean, Irati Jimenezek eta Mikel Sotok euskaratua
Irudia: Benito Perez Galdosen erretratua. Perez Galdos Etxe Museoa

Gaiari buruz gehiago jakin nahi izatekotan:
Jesus Rubio Jimenezek eta Alan E. Smithek apailatutako Galdos eta Clarinen arteko 65 gutun daude Cervantes Virtualen.
Benito Perez Galdos Real Academia de la Lengua Españolako akademiko izateko proposatu zutenean sortutako iskanbilari buruzko informazio interesgarria dute zenbait gutunek (bereziki 163-167 orrietakoek).
