Torrebruno eta poniak

2020-11-01

Otsailak 25

Teaser grabaketa. Haritz, Javi eta hirurok paduran barna. Teaserra grabatzeaz gain, lokalizatzen hasteko baliagarria izan da eguna. Goizean sekulako euria bota du. Galtzontziloak ere blai. Eguerdian, Decathlonera euritako galtzak erostera. Belaontzian nabigatzeko petoa erosi dut.

Txintxua Filmseko Marianen eta Kixiren etxean bazkaldu dugu, haien etxeko leihoan plano bat grabatu ondoren. Hasteko: entsalada, kalabaza pipekin eta gaztarekin. Gero: haragi egosia kus-kusarekin. Bazkaltzen amaitu dugunean esan digu Kixik, poni haragia dela jan berri duguna; anaiak hazten omen ditu. Haur bat jatea bezalakoa dela esan du Haritzek. Nire ustez ipotx bat jan dugu. Poniak eta ipotxak batera ikusi nituen behin txikitan, gaur egun Anoetako futbol zelaia dagoen landan jartzen zuten zirku batean. Torrebruno eta poniak. Atsegina izan da bazkalosteko solasaldia; baina akaso gaurkoa, mahaian esertzekoa baino, bokata bat jan eta lanean segitzeko eguna zela komentatu dugu. Halakoetan beranduegi bihurtzen gara zentzudun.

Koldo Almandoz

Oreina: Marea gora, marea behera. Bitakora kaiera, Txintxua films eta Farmazia Beltzak argitaratua, 2018

Irudia: Aspaldiko Bombero Torero saio bat zezen-plazan jaietan

1958ko El Bombero Torero: Espectáculo renovaciónen kartela