Macondo dut gogoan, edo basabizitzari hirukoa

2024-01-21

LUISA

Bai, errazena etxera joatea zen. Luisak ondo zekien bere bizitzan gertatutakoaren berri. Urte asko igaro ondoren, oso ondo gogoratzen zuen bere aita Augustok itsasoa ezagutzera eraman zuen eguna. Garai haietan, Hurturi lokatzetan hondoratutako zortzi edo hamar etxek osatzen zuten herrixka bat zen; komunen ordez, lehendabiziko pisuan zulo bat, kakak ukuilura eror zitezen. Ez zuten eguzkia ezagutzen, eguzkia baitzen beraien ordulari bakarra. Sua deabrukeria bat zen, eta barazkiak gordinik jaten zituzten. Haragiak ere bai. Lurrak eskuz lantzen. Zuhaitzak harrien kolpez puskatzen. Maitasuna ahariekin egiten.

Ulertzekoa da Luisari itsasoa ikusteak eman zion zirrara. Hain ur garbia mundu zikin hartan! Hamabi urterekin haurdun zen, eta ez zekien aitaren berri. Augusto bere aita izan zitekeen. Edo Augusto, bere anaia. Edo Augusto, bere etxean bizi zen lehengusua. Herrixka hartan denek Augusto eta Augusta zuten izena. Luisa ere garai haietan Augusta zen. Mundua ezagutu zuenean bere basa-bizitza ahaztu behar zuela eta, izena aldatu zuen. Denak Augusto eta Augusta zuten bere izena behin herrira heldu zen misiolari erdi lapur erdi ero baten oroimenean. Elizatxo bat eraiki behar zuela, eta nahiko diru bildu zuenean, ihes egin zuen. Baina Hurturiko andereeak, gizon-andere guztiek, Jainkoak bere Josafateko zelaira eraman zuela uste zuten. Eta egun ere horretan izanen dira.

Haurra sabelean hil zuen, eta urtebetera berriro haurdun bihurtu. Hura ere sabelean hil behar. Herrixka hartan oheak ez ziren sobratzen, eta norbait hiltzen zenean, borroka gogorra izaten zuten andereen artean nork lehenagoka haurra edukitzeko apustuan. Bitartean, sabelean hiltzen zituzten semeak. Eta haurrak jaiotzen baziren, aitona izaten zen haurra hil behar izaten zuena. Hau zen ohitura, denak onartzen zuten ohitura.

Hamabost urte eta sabelean hiru seme zituen Luisak Hurturitik ihes egin zuenean. Handiegia zen itsasoaren deiari erantzunik ez emateko. Mendaitza alderen alde igaro, aintzira ikaragarri batzuetan galdu eta ibai luze bati jarraituaz itsasora heldu zenean eskorbutoaz gaixotu zen. Hiru egun igaro behar izan zuen itsasoak hondartzera botatako plastiko batean bilduta. Sukarra amaitu zitzaionean abiatu zen.

Ehun eta berrogeita hamar urte igaro zituen hirian. Lehendabiziko hamabi urtetan paperak, zigarroen azkenak eta zuhaitzen hostoak jaten zituen. Bost bider egon zen kartzelan. Emagaldutzan lanean hasi zenean hogei eta zazpi urte zituen. Hirurogei urte baino gehiago egin zituen bere bizitzan izan zuen ogibide onenean. Milaka gizon ezagutu zituen, eta, tarteka, izen handiko andereak ere bai. Hauek, gehienetan, dirudunak izaten ziren. Bat, izurria sendatzeko pastilla bat asmatu zuen sendagile baten emaztea. Bestea, bankako zuzendariarena. Bestea, hiriko etxe gehienen nagusiarena. Luisaren izena asko zabaldu zen. Andere zintzo, jator eta leiala zela zioten. Bere lanak oso isilean egiten zituena. Adinik ez zuelakoan zeuden. Adina zuela jakin eta zenbat urte zituen asmatu zutenean, Luisak bere ogibidea aldatu behar izan zuen.

Zortzi urte igaro zituen moja-komentu batean. Hauexek izan ziren Luisaren urte gogorrenak. Lo ordubete bakarrik egiten zuen. Eliza ikaragarri bat egunero goitik behera garbitu, komentuan zeuden zortzi mila mojentzat janaria egin, haien arropak garbitu, loretokia txukundu eta baratza landu.

Lan hauek ez zituen oso gustura egiten, baina bere onetik ateratzen zuena elizan egunero ordu pare bat egon beharra zen. Behin, mojatxo haiek «Jaunaren babesean nago ni, eta honek egiten nau zintzo» abesten ari zirenean, Luisak ahots handiz «Banoa» esan zuen, eta ez dute gehiago haren berririk izan. Geroaren geroan, zigarroen azkenak biltzen jardun zen. Eta gaztainak saltzen. Eta hiriko komunak garbitzen. Eta hildakoen etxeetan negar egiten. Ehun eta hirurogei eta bost urte zituenean, haur bat izan zuen, eta izenez Augusto ipini. Orduan erabaki zuen: Errazena, etxera joatea zen.

JOSIAS HAADIS

Kalera begira zegoen danbor baten handiko lupaz. Leihoak Lehendakariaren ateak ziruditen, eta emakumeen aztalak, boabdad zuhaitzaren enborrak. Handi ikusi nahi zuen dena. Ezagutu zituen lupa guztiak txikiak zirela, eta Amsterdamera joan zen hango lupa-egile batengana. Josias Haadis zen bere izena, eta munduko gizon traketsenek ezagutzen zuten: Kontrabandistek eta marinelek; gobernadore eta gotzainek; jakintsu eta idazleek. Terroristak ere inguratzen zitzaizkion. Lupa-egile trebea eta inorekin fidatzen ez zena. Lagunek, begien ordez bi lupa zituela esaten zuten. Ez zitzaien arrazoirik falta. Ni, askotan bezala, Josias Haadis agurtzera joan nintzen batean, bi urte lehenago belarriaren ertzean izan nuen pikortagatik galdetu zidan. «Rue des Napolitaines» kalean zeukan gozotegiari esker mantentzen zen eta gauaz, lupak egiten zituen. Era guztietakoak. Bere gelatxoan zortzi ispilu handi zeuzkan. Batean, buru handi eta gorputz txikiz ikusten nintzen. Bigarrenean, borobil. Hurrengoan, arkatzaren mehea nuen. Laugarrenean, biluzik ikusten nintzen «X» tximisten sistema miragarri baten bitartez. Bestean, begiak bakarrik ikusten nituen, seigarrenean, belarriak. Zazpigarrenak emakume baten irudiaz janzten ninduen. Eta azkenekoak, nintzen bezalakoa: Nire sudur luze eta belarri handiez.

Danbor baten handiko lupaz kalera begira zegoen gizona Amsterdamera Josias Haadis lupa-egile trebearengana joan zenean, ez zekien zer pentsatu. Neurri guztietako lupak zeuzkan gizon harrigarri hark. Pentsa ezazue han zegoen lupa baten handia zelakoa izanen zen: Lupa, ematen zituen irudiak baino handiagoa zen. Harrigarria, benetan. Baina Josias Haadisek ez zion saldu izan nahi. Bere arrazoia oso argia iruditzen zait: Danbor baten handiko lupaz kalera begira zegoen gizonak lupa bat behar zuen, baina Josias Haadisek asmatutako tresna trakets hura palu bat zen. Josias Haadisen bertute handienetako bat logika zen. Eta logikari jarraituz, danbor baten handiko lupa bakarrik salduko ziola esan zion:

—Danborraren handiko lupa hau da zuk behar duzun lupa. Batetik, tresna egokia duzu gerrian zintzilik ibiltzeko. Eta, bestetik, gerla-garaietan, danbor jotzailetzat hartu eta danbor-jotzaile eginen zaituzte danborraren handiko lupa hau gerrian zintzilik ikustean. Baina, gertatuko dena, danborraren handiko lupa hau ez dela danborra, lupa eta oso lupa baizik. Eta zuk ez duzu gerlarik eginen. Ez da gerlarik egin behar. Lupa ere gerlarako erabilia duzu. Bai, gizona, bai. Greziarren garaian. Zuk nahi duzun handiko lupa bat asmatu zuten, eguzkiaren dirdirak luparatu eta aurkakoen itsasontzien zapiei su emateko. Hara hemen zergatik ez dizudan zuk nahi zenukeen handiko lupa bat saldu. Zure herrian istilu gorriak dira egun, eta posibleetan erortzen da gerla bat hastea. Tentaldian erortzen bazara, zer? Ez, gizona, ez. Hobe duzu danborraren handiko lupa bat, gerla-garaietan gerlarik ez egiteko.

Logika oso ona erabiltzen zuen Josias Haadisek. Danborraren handiko lupaz kalera begira zegoen gizonari danborraren handiko lupa hura saldu zionean, bederatzigarren ispilu bat asmatzen hasi zen. Burua kiskaltzen zeukan ideia bat eraman nahi zuen aurrera: Bederatzigarren ispilu hartan begiratzen zirenak, eguzkiaren dirdiren ispiluratzeaz erreko ziren. Ez naiz harrezkero bere etxera joan. Eta munduan kontrabandista eta marinel, gobernadore eta gotzain, jakintsu eta idazle eta terrorista gutxiago dago.

DEMONTRES

Hurturik bigarren ipuin bat merezi duela, eta Demontres apaizaren gertaerak adierazteko idatzi dudan ipuina.

—Gauza guztiak dute berezkirozko bizitza —esan zuen apaizak—. Jainkoaren bultzada behar ibiltzen hasteko.

Hurturiko zaharrenek ere ez zuten gogoratzen Demontres —honela deitzen zioten apaizari, orain ahaztuta edo gainduta zeukan, baina lehen eduki zuen «Demontres» esateko ohituragatik— Hurturira noiz etorri zen.

Hurturin hiru gizon-era zeuden. Bata, Elizara sarritan joaten zirenena; bestea, Elizara joan gabe, apaizari etxera kafea hartzera hots egiten ziotenena, eta azkena, ez Eliza, ez kafe, Demontres erotuta zegoela esaten zutenena. Azken hauek ziren gehienak. Hurturin «erreferendum» bat eginen balitz, eta Demontres hautagai bakarra izanen, ehundik laurogeik ezezkoa emanen lukete, hamasei-hemezortzik ez lukete erabakirik hartuko eta azken lau-bik, zalantza askoren ondoren, kristau onak ez duela politikan sartu behar, eta baiezkoa emanen lukete.

Hurturikoek bere bizitza guztian gogoratuko zuten Demontresen behingo zeremonia, herriko enparantzan mahai batera igota, sukarrez dardarka, begi-zuloekin, bere irudimenaren indarrarekin azken kausitzea —mistiko bat zela esan behar dugu— azaldu zienean:

—Galileok ez zuen arrazoirik. Munduak eta munduan dauden gauza guztiak Jainkoa dute bere ardatz.

Hurturikoek ez zuten Galileo eta Galileok esana ezagutzen, baina ardatzaren auziak buru asko berotu zuen. Herrian izan ziren ondorioak azaltzen ahaleginduko naiz.

Augustok, hirira joan zen Augusta, baina Luisaz bere izena aldatu zuenaren aitak, bere gurdiaren gurpilak deslotu eta Demontresek ardatza aldatu ote zion beldurrez, ardatza, garbitu ezin litzatekeen olioz busti zuen.

Bere izena gogoratzen ez dudan hogei edo hirurogei urteko neskatxa batek ez zion bere semeari zilbor-soka moztu izan nahi. Zilbor-sokatik zintzilik hil zen gizarajoa.

Hiriko egunerokoak jasotzen zituen, baina irakurtzen ez zekielako bere etxeko hormak egunerokoen orriez estaltzen zituen gizon jakintsu bat bere ukuiluan zulo handi bat egiten hasi zen munduaren erdia aurkitzeko itxaropenez. Baina, okerrena, Demontresek Ogi-Deunak Jainkoa ber-bera atxikitzen zuela esan zuenean izan zen. Jendea jabetu zen Demontresen buru ero eta nahasiaz.

Nik, noski, onartzen dut Demontresen egia eta sinetsi, fede zintzoz sinesten dut, baina ipuin basati bat idazten ari naizenez, gero ez dut inkisidoreen beldur izan behar, beldur honek justifikaziozko hitz hauek idaztera behartu banau ere.

Demontres Hurturin bertan jaioa zen, baina bost urte zituelarik Seminariora bidali zuten, edota Augusto misiolari erdi-ero, erdi-lapurrak eraman zuen, eta Gotzainak hamabost urteetarako apaiz egin zuen. «Bederatzi urteko Aita Santu batek zuzendu zuen Eliza». Hauexek izan ziren Gotzainaren hitzak, eta hauexek sarritan Demontreserenak ere.

Hurturira heldu zenean ez zuen inork gogoratzen, eta bera ere ez zen bere semetza azaltzen ahalegindu.

Hamabost urte zituen bere sotana beltzez enparantza erdian azaldu zenean, eta, istant berean, Hurturiko neskatxa guztiak bihotz-minez gelditu ziren Demontresek semeak egiteko behar zena ez zeukala jakin zuten arte.

Harrezkeroztik. Elizara ez da garai haietako neskatxariik azaldu. Inkestak egiten ibiltzen zen batek apaizaren prestasuna eta gorputz alaia zirela neskatxak Elizara joatearen kakoa erabaki zuen gertatutakoaren analisi jator bat egin ondoren.

Sermoietan Sofoklesen Elektra liburuko testuak irakurtzen zituen, baina, Hurturikoen zoritxarrez, grekoz irakurtzen zituen.

Ez dut grekoz idatziko, irakurleen zoritxarrez izan ez dadin, Demontresek askotan erabiltzen zuen zatia:

«Ez naiz erotuta dagoen igarlea, jakinduriarik gabea;
Ni honat zuzena ekarriko dudana naiz». (El. 474-477)

Luisa Hurturira hurbildu zenean txekor batek baino bizi gehiago zeukan.

—Egun on.

—Baita zuri ere

—Ni Luisa naiz.

—Banekien. Hurturiko berriak berehala zabaltzen dira; ni Augusto naiz, Hurturiko apaiza.

—Hitz gutxitan, Demontres. Nik ere banekien. Hurturiko berriak azkar zabaltzen dira.

—Zer nahi zenuke?

—Zurekin hitz egin.

—Ez dut nire bizitzan horrelakorik entzun. Nirekin hitz egin nahi duzula, eta norekin ari zarela uste duzu?

—Apaiza zaranez, lagundu egin behar nauzu.

—Semeren bat, edo lapurketa bat edo…

—Ez, ez. Ez dut horrelakorik.

—Has gaitezen lehendabiziko agindutik.

—Ez, ez. Ez dut aginduen kezkarik.

—Zer duzu, bada?

—Heriotzaren ertzean nauzu, eta Elizari mesede bat eskatu nahi nioke.

—Elizari mesede bat? Elizak mesedeak jasotzen ditu, eta ez nola-hala eskaintzen.

—Santa egin behar nauzue.

—Horrelakorik…

—Bai. Aldare txikienean irudi bat, eta nire heriotzaren eguneko urtebetetzeetan, arrosa-xorta bat eskatzen dut. Besterik ez.

—Eta zuk zer eskaintzen diozu Elizari?

— Nire santutasuna eta nirea den guztia.

—Nor zen zure aita?

—Zurea.

—Zer diozu?

—Bai. Zure seme bat abortatu behar izan nuen gure gazte-denboratan.

—E?

—Entzuten duzuna da egia. Nire isila, aldare txikiko irudia eta nire heriotzaren urtebetetzeetako arrosa guztien ordez.

Nire amonak bereari eta honek nork daki nori entzundako gauzak dituzu, irakurle. Dena, nik aitari askotan ertzundako esaera duzu: «Izen onaren truke, aldare eta arrosa gorriak».

Hurturi itsasoak jan omen zuen, eta egun turismoko herri polit bat dago Hurturiren gibelean, Hurturik zituen bekatuz eraikitako etxez, hotelez, umeentzako parkerik ez, hondartza zabalez jantzita.

Ez nizkioke suari nire eskuak eskainiko herri polit hori non den ez dakidala esateagatik.

Anjel Lertxundi

«Macondo dut gogoan, edo basabizitzari hirukoa», Hunik arrats artean, Kriselu, 1970