Lilura ur bazterrik gabeko itsasoa da, beti bat izan arren egunero aurpegi desberdinez agertzen zaiguna, noiz neskatxa urdin, atzo edari zakar, bihar porturik gabeko nabigazioaren magal. Bere uneak ditu lilurak, usain minak haren gorputz desiratuak ispiluetako erantzun isladatuetan.
Erlatibotasunaren itsasoko printzesa denez lilura, gurtu izan zutela Baudelaireren zital liliek, eta erabaki zuen eusko bidaztiak ere pleitesia egitea jaitsi berriak ohi duen lotsarik gabe. Norekin portatuko zen, ordea, printzesa kortesiatsuago, jakinik, berak zekien bezala, nondik zetorren bakoitza eta zeri esker zuten Baudelaireren liliek zital usain sarkor hura, zein harlosa gastatuen gainean ibili behar izan zuen, ordea, bidaztiak? Erakutsia zioten printzesari erregalia bera baino garrantzitsuagoa izaten dela opari egiteko tenorean izaten den asmoa. «Hala da, hala da… —pentsatu zuen printzesak, Lizardi agur gisako erreberentzia eginez aldendu zitzaionean—… zaldi bat erregalatzen dizutenean, bai behintzat».
Liluraren aurrera agertu izan dira iragan mendeetako bisitarien imintzio zeremoniotsu berdinekin gaur eguneko batzuk ere, Bocaccio eta Danilo Kis, Stendhal eta Lange, Goethe eta Ungar, eta printzesak badaki, aurreko bisitarien kasuan hizkuntz tradizioa bezala, hauekin denbora ere badela muntako eta denboraren galbaheak egiten dituela gizonok egiten ez dakizkigun bakeak.
Eskatu diote printzesari oroit dadila, hala eta guztiz ere, zein zaldunen aurrean egon zen arretaz eta aiduru, eta ondo oroitzen da egin ziola bisita marinel trazako newyorktar batek. Zakar plantako gizon bizar sarria ez zetorkion bakarrik. Keinu egin airean eta alboan zituenak aurkeztu zizkion printzesari:
—Benito Cereno, Billy Budd… Bartleby…
Anjel Lertxundi
«Zakar plantako marinelen bisita», Euskaldunon Egunkarian, 1991eko maiatzaren 5ean