Ez-ohizkoa da Jesus Galindezekin gertatua. Hogei eta hamar urtez atzenduxea Euskal Herrian, zer erranik ez gure literaturgileen artean. Berriki, idazle kanpotar batek piztu dio bat baino gehiagori oroimena. Vázquez Montalbanen nobelaren protagonista batek dioen bezala, horrelakoak gertatzten dira lurperatu gabeko hilotzekin: goiz ala berant egiten dute birragerpena. Literaturaren indarra, kanpotik heldu bada ere.
Irakurria nintzen lehenago Montalbanen lanen bat. Baita gustatua gelditu ere narrazioari erasten dion erritmo biziaz eta gizarte errealitatea isladatzeko duen trebezia bat ere ez inozoaz. Eta hala ere, ezerosotasunez eta alferkeriaz zabaldu nuen Estatu mailan oihartzun pollita erdiesten ari omen den Galindez nobela.
Ez-erosotasun berdintsua somatu izan dut kanpotarren batek gure herriaren halako ezaugarriaz —historia, hizkuntza, politika dela— eritzirik agertzerakoan. Ongi ustez jokatuagatik, arazoaren bame tripak bizitu ezak ergelkeria gaitza erraneraziko diola espero izaten dut gehienetan. Nire alferkeriaren iturburua, ordea, alderantzizkoa zen. Aita zenaren miresmenak berri ugari utzirik zidan Galindez abertzalearen sekula argitu gabeko heriotzaz. Aski eta abasto kanpotar batek hartaz nuen iduria bertzerik gabe lardaskatzeko.
Hainbertzenarekin, lotu nintzaion, lotu, liburuari. Eta ezerosotasuna eta alferkeria hastearekin bat aienatu.
Bistan da Montalbanek baduela gure berri, bistan denez Montalban ez dagoela gutaz maitemindurik. Eta beharrik. Apologia ohi dugu maiteminaren sasikumea eta apologiaren amildegietan erroiztuik poto eginen zion puntu aberatseko gertatu zaion Galindez honek. Distantziamendua, hortaz, distantziamendu begirunetsua, hunkigarria zenbaitetan. Irakurketa aitzin atzendua zitzaidan gainera narratzaile trebeak berri bilakatzen dituela zahar eta jakinak diren istorioak. Montalbanek Galindez berri honekin egin duen gisa. Bertzeak bertze, orain konprenitu dut gure aita zenak amurriotarraren kasuan miretsi eta adierazi nahi zidana: bizitzaren bihurguneak goiti-beheiti, gizakiak funtsean erakusten ahal duen duintasuna. Orduan ez nuen ulertu. Kanpotar baten lumatik deskubritu behar izan dut jadanik harek irakurriko ez duen liburu batean.
Aingeru Epaltza
«Galindez», Euskaldunon Egunkarian, 1991eko maiatzaren 5ean
