Lurraren infernura jaitsi naiz

Leopoldo María Panero anaiak uztailaren bukaera aldera ihes egin du Arrasateko psikiatrikotik eta Kanarietara joan da, Claudio Rizzo idazle italiarrarengana (batera argitaratu dute beren azkena: Tensó). Aurretik Espainiako beste zenbait zoroetxetan egon bazen ere, Arrasatekoan eman ditu ia azken hamar urteak, eta bertan idatzi ditu bere poemarik lazgarri eta gordinenak. Haro Ibarsekin batera, azkenaldiko estatu espainoleko idazle hoberenetakotzat joa izan da. Nueve novísimos antologian eman zuten ezagutzera, eta geroztik hamar poema bilduma argitaratu ditu eta auskalo zenbat gauza gehiago. Batzuentzat jeniala da, beste batzuentzat, berriz, atrakzio fatala. Nolanahi, inor ez du indiferente uzten espainiar idazle maldito ezagunenak.

Idazle problematikoaren lehen berri 80ko hamarkadako hasieran izan nuen. Igandeetako gehigarri batean zetorren gizona. Haxisarekiko zuen erlazio goiztiarra; bere haragi bereko familiaren berezko kontuak: aita Leopoldo errejimen frankistako elementua zen, kontsul plenipotentziarioa Ingalaterran eta 27ko belaunaldiko poeta preziatua; bere ama (Felicidad Blanch, 90ean hil zena eta orduan bai sentitu zela umezurtz desolatua) eta bi anaiak ere bereziak eta poetak; tartean zeuden gerora deseredatuko zituzten Astorgako izeba neska-zaharrak… 

Buruz arituko naiz idatzi honetako zenbait pasartetan eta okertu ninteke. Baina uste dut bere lehen liburuan Prousten erreferentziak ekartzen zituela eta bien gogaide nintzenez, bada, neurri batean behintzat, bidaide-edo izatea ere erabaki nuela orduan. Horregatik irakurri nuen Panero honen lehen antologia segituan eta denbora beretsuan ikusi bere familiarteko gorrotoak hain zuzen irudikatzen zituen El desencanto zinta. Espainiako gizarteko pertsonaia bilakatu ziren Panerotarrak orduan. 

Geroztik desenkantuak jota ibili ohi garela esan izan da, badakizue. Gero, ondo gogoan dut, Argian lanean nenbilela, nola egin nahi izan nion elkarrizketa bat Leopoldomariri (88a edo hola izango zen eta inork gutxik ezagutuko zuen hemen; ia inork ez zuen jakingo gauak eta egunak Santagedan botatzen zituenik). Bada ez, ez nuen hortan lanik izan, ez zela euskal idazlea eta ideia burutik kendu zidaten; ordainetan, eroetxe horretako zuzendariarekin eginiko antipsikiatriari buruzko elkarrizketa batean geratu zen gauza Argian. Hori bai, Globo rojo bertako gaixoek argitaratutako aldizkaria ekarri ziguten Mondragoetik eta huraxe ezagutzeko parada izan genuen: hango Marino terrestre eta Paneroz gainerako beste zenbait firma xelebre ezagun ditut geroztik.

Galdutako senaren bila ibili beharreko bidean eginiko Poemario del manicomio de Mondragón-edo irakurri genion laster. Poema baten zatia, «(…) beraz, ondoriozta daitekeenez, gizonen patua ez da arratoiena baino diferenteagoa», edo halako zerbait, ez dut guztiz ahaztu.

«Artistaren lanak behar ditugu epaitu, eta ez bere bizitza; pertsona bezala inpresentablea izanda ere, idazle batekiko erlazioa ez dugula eten behar irakurleok. Ez digula ajola behar literaturaz kanpoko hotsak eta itzalak, onak edo txarrak, eta, Paneroren kasuan, idaztea izan badu suizidioaren kontrako argudio», bada, literatura idazle eta irakurleen artean osatzen dela beti, eta poeta hau ere biziko bada, irakurria izaten bada biziko dela

Ordurako famatua zen Panero, tristemente zelebrea. Hemengo agerkari eta medio gehienetan aterako zen, egia latzak eta kontu xelebreak esanez. Edonola ere, gauza interesanteak beti. Aipu eta esaldi borobilak botatzeko beti pronto. Eta, era berean, eromenaren eremu ilunenetatik idatzi dizkigu poema luzidoenak. Bersoak ez ezik, prosak (Maupassantena izan ziteken errelato beltz bat Igandegin, esate baterako), eta iritzi artikulu entrenigarriak idatzi ditu, Eginen azkenaldian. Poemario berriak etorri ziren segidan, Heroína otros poemas (92), Orfevbre (Visor, 94). Azken hau, Ezra Pound bezalako poeta baten artisau-prezisioarekin idatzirik zetorren, baina «“heriotza bizitzan” gisako poesia da, teknikoki bitxitailatzaile batek eginiko modukoa, baina inspiraziorik gabea», zioskun berak, guri poesia sakona iruditzen bazitzaigun ere.

Gimferrer izendatuak egin zion aitzinsolasa bere lehen poemarioaren berrargitalpenari (Así se fundó Carnaby Street, 1970); bere biografía bat ere atera du Tua Blesak El último poeta, eta besteren bat ere bada hortik… Beste filme bat ere egin dute aspaldi ez dela poeten-familia ardatz dela. Panerotarrak beti zirkuan. Telebistetan ere ikusi izan dugu, baina guzti horrek ez zuen aterarazten zoroetxetik. 

Ezra Pound eta bere bikotea, Olga Rudge biolinista

Garai beretsuan, psikiatrikoz kanpoko Gesalibar auzoko laguna ere egin nuen, Balendin Tramon, ostielakidea. Balendinekin joan nintzen Gabriel Korta euskal poeta errenteriarra elkarrizketatzera bertara (orain Usurbilgoan dago Gabriel) eta Balenek berak egin zion azkenik elkarrizketa Panerori eta Ostielaren 4. zenbakian (96ko azaroan) argitara eman genuen. «Erregea? Berarekin telepatizatzen dut. “Mentalki, destronatutako erregea naiz”, esan zidan azkenekoan. “Errege bat” ez, baina “Erregea” zela uste zuen, Felipe Gonzalezek “Ministroa” (sic) zela uste zuen antzera. Neuk esplikatu nion arazo sikoanalitiko hori, eta orain Errepublika nahi duen Espainiako errege bat delakoan dago», esango zigun besteak beste barre algaren artean. 

Berak, jakina, bestelakoak esan ditu: erotasuna krimena dela gizartearentzat, eroa ez balitz errespetatuko zuketeela, psikiatrak hiltzaileak direla eta bera hiltzen saiatu direla hotz-hotzean. «Zamatu, azpiratu eta ukatu egin naute». Aukera izan nuen, baina, beste askok bezala, pentsatzen dut, ez nuen tratu pertsonalik euki nahi izan berarekin; beste zenbaiti nola zihoakien jakinda, normala. Nahiz eta bere literatura mirestu. Eta honetara etorri nahi nuen, hurrengoa esateko idazten dut artikulu hau: artistaren lanak behar ditugu epaitu, eta ez bere bizitza; pertsona bezala inpresentablea izanda ere, idazle batekiko erlazioa ez dugula eten behar irakurleok. Ez digula ajola behar literaturaz kanpoko hotsak eta itzalak, onak edo txarrak, eta, Paneroren kasuan, idaztea izan badu suizidioaren kontrako argudio», bada, literatura idazle eta irakurleen artean osatzen dela beti, eta poeta hau ere biziko bada, irakurria izaten bada biziko dela. 

Paneroren liburuen hazia ez da eremu idorrean erori, halere, ez eta zabalkunde urriko liburuen kasuan ere. Bere obra, bere bizitza eta heriotzarekin estuki loturik etorri zaigu. Belaunaldi baten zeinuak aurkitu daitezke berorietan: sexua, drogak, zoramena eta heriotza. Hondamena eta sorkuntza. 

Dena den, poesiarekin oso desengainaturik dagoela adierazi izan du behin eta berriz: «Poesia hil egin da niretzat eta guztiontzat. Gaur egungo poesiak ez dauka zentzurik, testuak mekanikoak dira: teknika gehiegi eta inspirazio gutxi». Musetan ez du sinisten, ordea: «Nik ez dut inspirazioaren monstruoa deritzaion horretan sinisten. Hilik nago. Lehen zoratuta nengoenean pozik bizi nintzen, baina orain lurraren infernura jaitsi naiz eta oso gaizki pasatzen dut. Bizitza putada bat da».

Desesperazioaren malkarretik zotinka, oihuka aritu urteetan eta bere psikiatrekin (eta zeinekin edo non ez?) zoro kondizioaz askotan eztabaidatu eta gero, Kanarietarako eguzkiaren bila abiatu da, beraz, gure Leopoldomari, Mondragoeko ilunpea atzean utzita. Zerbait ona utzi diguk: hiri eta hik aipatuei irakurtzeko grina eta buruari bueltak emateko joera, eta aurrerantzean ere jarraitu nahi diagu hire ibilbidea. Ea paradisua aurkitzen duan ihes horretan. Zoroak egia esaten du gehienetan (makina bat esan zuhur utzi dizkiguk, Panero, ero handi horrek). Gu ere zoro samarrak gaituk eta benetan diogu: ondo joan, beaje on deikela!

Jon Arano

«Paneroren tokata eta ihesa», Euskaldunon Egunkarian, 1997ko irailaren 16an

Cocktail dementziala, So Pinenuten irudia