Salman Rushdieren Bertset satanikoak blasfemotzat jo eta egilea fatwara kondenatua izateko, bada berrirakurri berri dudan liburu horretan pasarte giltzarri bat.
Mahounden historia, hareazko hiria zen Jahiliako Profetarena. Garai hartan, Ekialde hartan, politeismoa zen nagusi fededunen artean, eta Lat, Uzza eta Manat Jainkosak ere euren lekua zuten Olinpo hartan. Baina Hegazti horiek primerakoak izan arren, «Ala da bakarra» esaldira iristen da Jainkoaren Postaria. Alabaina, Jainkosa horien izenak ere idatziak zituen jada bere bertsoetan, eta…
«Gibreel goiaingeruarekiko borroka libreko bere azken konbatearen amaieran, Mahound profeta bere ohiko lo argigarrian erortzen da abaildua, baina kasu honetan normala den baino lehenago esnatzen da. Konortea berreskuratzen duenean, goi haietako desolazioan, ez dago inor bistan, ez dago izaki hegaldunik arroketan pausaturik. Salto batez jartzen da zutik, bere aurkikuntzak ekarri dion estuasunak zamaturik. “Deabrua zen –dio ahots goran airera, egia bihurtuz ahotsa ematean berorri–. Azkeneko aldian Shaitan zen”. Hori da berak entzun duena bere entzutean, engainatua izan dela, deabruak bisitatu duela goiaingeru baten forman; beraz, memoriaz ikasi zituen bertsoak, poesiaren dendan errezitatu zituenak, ez ziren egia, baizik eta beraren antitesi diabolikoa, ez zerutiarrak baizik eta satanikoak. Ahalik eta lasterren itzultzen da bera hirira, sufre eta sulfuro usaineko bertset ez-mundutiarrak ezabatzera, menderik mende betirako borratzera; era horretan iraun dezaten tradizio zaharretako bildumaren bat edo bestean, zeinak interpretari ortodoxoek saiatuko diren desagerrarazten; baina Gibreelek, kameraren angelu altuenetik planeatzen eta zelatatzen duenak, xehetasun bat daki, gauzatxo bat soilik, izugarrizko arazo bilakatu dena: bi aldietan ni nintzela, baba, lehena ni eta bigarrena, halaber ni. Nire ahotik, baieztapena eta ukapena, bertsoak eta konbertsoak, unibertsoak eta ifrentzuak, historia osoa, eta denok dakigu nola mugiarazten zidaten ahoa.
“Lehendabizikoa deabrua izan zen –murmurikatzen du Mahoundek Jahiliarantz korrika doan bitartean–. Baina oraingoan aingerua izan da, ezbairik gabe. Berak janaraziko dit hautsa”».
«Nor molesta dezake hodei batek?», edo gisakoa ere galdetzen du Salmanek liburu horretako beste pasarteren batean. Baina nork daki?, beldurra librea da, ia bizitza osoa daramagu fundamentalismoak eragin dituen triskantzak ikusten, eta Barkatullah talibanaren aurrean fidakaitza nauzue, Beldurgordea anai-arrebok, horregatik sinatzen ditut hitz hauek ezizenez.
J.M. Arranomendi
Deabruaren Eskolarako, 2022ko irailaren 16an