Uste nuen mendialdeko gerrillariak hiri erresistentziakoekin batu eta fronte komun bakarra osatuko zutela, justizia eta bake egunak zetozela

2024-04-20

Javier Arzuaga Lasagabaster naiz ni. Abizenek diote, baina inork dudarik balu, letra guztiekin esango dut, euskaldun peto-petoa. Oñatin, Gipuzkoan, ekarri ninduten mundura, doi-doi duela laurogeita bi urte + berrogeita hamar egun. Abade ohia naiz, ustez Eliza Katolikoaren baitan naizelakoan nago oraindik, eta Stella Andino Padillarekin ezkonduta nago. Hiru seme-alaba hazi ditugu: Xabi, Madalen eta Maite. Ama eta kimuak, lauak puertorricoarrak dira, eta ohore handiz, eransten dute beraiek. Gustukoa dut hori. Ona da nondik gatozen jakitea eta oroitzea.

Gure gurasoak oso «jende ona» ziren, zintzoak zinez. Eta ez dakit interesatzen ote zaidan ere gutxi-asko beraiek ere «euren garaiko seme-alabak» zirela jakiteak. Katoliko-apostoliko-erromatarrak eta tradizionalista tinkoak ziren edozeren gainetik (vs. liberalak edo/eta errepublikarrak). Por Dios, por la Patria y el Rey. Garaiz joan zen gure aita eta ez zion betarik eman bere semeak langa saltatu eta Patriatik eta Erregegandik desertatzen ikusteko. Jaungoikoagandik ez, baina apur bat bai, Jainkoagan sinetsi eta Bera ordezkatzen dutela diotenengandik apur bat baino gehiago esango nuke.

Javier Arzuaga Lasagabaster. Argazkia Berria

Gure gurasoek Bibliako kontsigna oso-beterik obeditu zuten: «Hazi eta ugaldu zaitezte». Txiroak ziren, baina zer axola, «Ugal zaitezte» agindu zuenak badaki ogiak ere biderkatzen. Zortzi seme-alaba hezi zituzten, nahiz eta azken bi neskak jaio eta laster hil ziren. Halere, seguru nago ez zirela kexu izango euren lau seme eta bi alabak, seiek ezkongabe izatea erabaki eta fraide eta moja abituak jantzi bagenitu. Euren ugalkortasunarekiko kontradikzio txiki bat, zeinaz ez ziren segur aski konturatuko ere. (Maiz esan ohi dut, gure ama komenturako moja abadesa bikaina izan zitekeela, altuera txikitxokoa izan arren.)

Gure etxean komentu askotan baino gehiago errezatzen zen. Benetan, badakit zer diodan. Ez diot ongi ala gaizki errezatzen zenik, baizik eta errezatzen zela. Eta kantuan egiten zen, zeren eta gure aita musikaria baitzen, organista, parrokiako koruko eta udal bandaren zuzendaria; eta lau urtetarako bere sei seme-alabok tarrapataka eta majo sakatzen genuela pianoa, eskalan «do-re-mi-fa-sol-la-si- do» gora eta «do-si-la-sol-fa-mi-re-do behera. Jolas ere egiten genuen, bai eta kale ere eskolatik arratsalde batzuetan eta ni akolito nintzen, baina sekula ez ziguten laga sartzen zinera –ez dut akorduan Aloñamendi izena zuen ordurako–, ez, hori ez, ze «Aita-santuak zinetik infernura dio», edo halako zerbait.

Hamar urte nituen Arantzazuko frantziskotarren seminariora eraman nindutenean, orduan Aránzazu deitzen geniona. Hamar urterekin inongo umek ez daki Jainkoak deitu ote duen «erlijio bizitzara» ala ez; nik ez nekien bokaziorik baneukan edo ez. Nire aita-amek bazeukaten nire ordez bokazio ikaragarria. Ikasketak alboratu eta etxera itzultzeko gogoa behin baino gehiagotan izan nuen nerabezaroan. Negarrez hasi eta mihia hozkatzen nuen, ze «nola egingo diet hau gurasoei…?!». Ez, ez, ezta pentsatu ere, aurrera. Jainkoak esango du. Ergela, ergela galanta ni! Jainkoak ez zuen egundo ezer esan, ez gidari batek ez maisu espiritual batek ez zidan esan «hoa, bokazio hau ez baituk hirea, hoa etxera».

Gurasoek nigatik sentitzen zuten bokazioak ez zuen alde egin ez habia egin ene bihotzean. Disimuluan, isildu eta baneuka bezala egiten nuen. Eta urteak pasa ziren horrela. Inoiz ez ninduten abade ordenatu beharko. Sekula ez ninduten apaiz egin beharko. Hutsegite handia izan zen Frantziskotarren Ordenuan sartzea, behin ere ez ninduten eraman beharko apaizgaitegira hamar urterekin. 1967ko abuztuan predikatu nuen neure azken misioa Perun, Chaclacayon zehazki, Limatik hurbil, han non errepidea kostako marra abandonatu eta Andeak igotzen hasten den. Arratsalde hartan Limako kardinal-artzapezpikuak errieta latza egin zidan, kexak iritsi zitzaizkiolako: «Ze gauzak esaten ditu abade honek bere sermoietan…?!».

Arantzazuko santutegiaren panoramika. Argazkia Gure Gipuzkoa.

Baina, hala ere, ez zen bera izan gau horretan nire hitzak iradoki zizkidana. Oraindik ez dut entenditzen eta ez dut endelegatuko ere inoiz zer dela eta, zein intentziorekin, berbaldia hasieran nola esan nuen, aldaretik eta eliza mukuru beteta –atzo gertatu balitz bezalaxe oroitzen dut–: «Ni, hamar urterekin neuk hil nuen edo akaso beste batzuek hil zuten ume haren gorpua naiz». Izugarria, ezin dut ulertu. Esaldi soil bat da, zen, esaldi txar bat. Ez naiz hiltzailea, ez eta eraila ere ez naiz izan. 1959an, Kuban, ez nukeen hori hain gordin, hain anker esango.

Ene begien aurrean latinezko gramatika ipini eta musa, musae, eta dominus, domini eta ego sum, tu es delakoak memorizatzen hasi nintzenean ez nintzen ergela, ez azkarregia ere; sinple esanda, ohartu nintzen ikastea ez nuela gogoko, eta ikasle txarra izango nintzela beti. Estudiante txarra, baina irakurle ona, ipuin bat, poesia bat, nobela bat eskuratzen nuenean. «Humanitateak» deitzen ziren haiekin bost urte; gero, hamabostekin, ‘nobiziatua’, filosofiako hiru urterekin jarraituz; eta amaitzeko, teologiako lau urteak. Hamahiru urte, denera. Gerra Zibil osteko eta Bigarren Munduko Gerra urteak, eta Gerra Zibilaren eta Munduko Gerraren ondokoak. Urte arras zailak. Gose urteak, isolamendu, barre-iduri faltsuenak, hexur eta axalen ametsenak, gorroto gorde eta isilenak, beldur lurperatuenak.

Francok gorrotatu eta jazarri egiten zuen euskal usaineko zen oro, hizkuntza, usadio eta ohiturak, separatismoarekin identifikatzen baitzuen. Frantziskotar askok, beren aldetik, ez zuten ezkutatzen euren sentimendua: euskaldun zen ororen, geure ohitura, usadioen, hizkuntzaren aldekoa.

Francok gorrotatu eta jazarri egiten zuen euskal usaineko zen oro, hizkuntza, usadio eta ohiturak, separatismoarekin identifikatzen baitzuen. Frantziskotar askok, beren aldetik, ez zuten ezkutatzen euren sentimendua: euskaldun zen ororen, geure ohitura, usadioen, hizkuntzaren aldekoa. Politikatik urrun mantentzen zitzaigun. Baina kolore bateko eta besteko, jatorririk eta norakorik gabeko liburuak filtratzen ziren, eta mahaipetik korritzen zuten eskutik eskura. Futbolaz, pilotaz, txirrindularitzaz, politikaren ordezko kirolaz hitz egin genezakeen. Gutxi-asko teologian formaturik amaitu genuen karrera eta erabat desinformaturik politikan eta gizarte gaietan: ez dakit zer dela-eta zihoazen otarra berean.

(Lagun batek kontatu zidan urteak geroago, teologia ikasten genueneko gure izpiritu- heziketaren arduradunari egunen batean galdegin omen ziola zergatik tratatzen ninduen gaizki, zergatik zen niganako hain mesfidati, zergatik ez zuen agertzen nireganako gutxieneko estimurik. Eta erantzuna: ez nintzela elizkoia, ez nuela serios hartzen neure izpiritu formakuntza. Joño! Eta zergatik ez zuen galbahea erabili orduantxe?).

Gutako bakoitzari zegokion destinoa banatzeko orduan, Erromara joan nendila proposatu zidaten, liturgia eta gregorianoa eta antzeko musikak ikastera. Belarriak karranka egin zidan. Eta gero, handik Arantzazura itzulita, korua zuzentzen bizi guztirako, ufa! Ez, ez, ezinezkoa. «Ez dago beste ezer?». «Bestela, Kubara!». Ongi da, bada Kubara. Hor hasi nintzen begiak irekitzen. Lau ginen, oskoletik atera berriak lauok, eta, soinean generamanarekin eta Arantzazuko Probintziako aitaren bedeinkapenarekin, ustekaberen baterako pezeta miserable bakar bat ere gabe, itsasontzi zaharraren sabelean sartu behar gintuzten, laster itsasoei agur esan eta desegitekoa zen ontzian.

Gutako bakoitzari zegokion destinoa banatzeko orduan, Erromara joan nendila proposatu zidaten, liturgia eta gregorianoa eta antzeko musikak ikastera. Belarriak karranka egin zidan. Eta gero, handik Arantzazura itzulita, korua zuzentzen bizi guztirako, ufa! Ez, ez, ezinezkoa. «Ez dago beste ezer?». «Bestela, Kubara!». Ongi da, bada Kubara. Hor hasi nintzen begiak irekitzen.

Lauontzako biderako zerbait eskatzera joan nintzaion. «Billetean sartzen da dena», erantzun zidan. «Zerbait egin beharko dugu», xuxurlatu nion ene abitu santuari. Modua ere aurkitu nuen nire hatzetara erakartzeko –lapurtzea hitza itsusia da, ezta?– lau mila pezeta, azkenean ezertarako iritsi ez zirenak, eta akaburako berarekin betirako etsaitu nindutenak. Gehixeago ireki nituen (begiak) bidegabe tratatzen nindutela ikusi nuenean, ze bidaia abiatu aurretiko senideekin egoteko egun parea sikiera ere ukatu zitzaidan –ene kideak zazpi gozatu zituzten–, eta monastegitik ihes egin nuen egun batean, garesti atera lekidakeena. Bidaiak begihandiago egin ninduen. Baina, jainko jauna!, testamentu zaharreko zein haitzulotan bizi izanak ginen?

Eta Habana zapaldu osteko ordu gutxietara gau zohargian lez bi ilargi handi eta zuri gisa puztu zitzaizkidan begiak euskal folkloreko Ezpata-dantza dantzatzen erakutsi beharko nuela esan zidatenean, non eta Kubako Balet Nazionaleko Akademian, bai, (Alicia eta Alberto) Alonso familiarenean! Neronek bakarrik dakit zer gozatu nuen horrekin (alderantziz diotsut, eta abar). Eta norbaitek, irribarre artean, gaizki pentsatu nahi balu, argituko diot ez nituela hor galdu nire inozentzia eta birjintasuna.

Kubako Santiago de las Vegasko eliza

Ene destinoa Kuban Miramarreko Bostgarren Abenidako San Antonio elizako organoa zen, baina beste bat aurreratu zitzaidan eta hark Santiago de Las Vegasko apaizgaitegian utzitako hutsunea betetzea egokitu zitzaigun. Etxeko nagusia nire dantza eskolak eta komentatu ohi nuen balet akademiako giroak arduratzen zuen eta, halako egun batez, futbol-zelaian gora eta behera paseatzeko deitu zidan; arriskuan zekusan ene arimaren salbamenaz hasi zitzaidan berbetan eta, deus ez, lagundu gura zidala. Noski, mutiko eta neska gaztetxoen artean mugitzen nintzenez, eta neskatiko hain erantziekin…, asko zaindu behar nintzen, blindatu.

Ama Sor Ezdakitzeini gomendatzeko aholkatu zidan, zein kongregaziotako sortzaile zen ere ez dakidanari, haren beatifikazioa martxan zenez bere miraria premiazkoa omen zela-eta, eta bederatziurrena egin niezaiola, eta… «Bai, jakina, arrazoi duzu, bai, bai, nola ez?». Nigan zerbait gaizki bazebilen, hobetu beharrez, okertu egin zuen. Lelokeriak, eta zuzendaritza espirituala deitzen diote horri!

Latinera eta espainierazko irakasle. Berdin-berdin zatekeen geografia eta historia eman balidate. Zientziak, ez. Ez matematika ez fisika ez eta kimika. Ez nintzen jaio zientzietarako eta lehenbiziko egunean egin nuen planto. Benetan, ez nenkien irakasten. Lehen urtean konturatu nintzen: sekula ez nintzen maisu ona izango. Diziplina gabea eta pazientzia gutxikoa izaki! Baina ez ziren batere txarrak izan Santiago de las Vegaseko lau urteak. Alderantziz. Nire eskolekin konplitu, irakurtzeko astia izan eta gai eta egile arteko aukera zabala nuen.

Ohartu gabe sikiera, irakurketak eta kaleko harremanak erakutsi zidaten apurka-apurka ikasketek irakatsi ez zidatena: bizi gineneko mundua. Lehenago, bekatuzko mundua fededun bihurtzea zen kontua. Orain hartan, injustizia eta pobrezia bekatuetarik larrienak zirela ikusten nuen.

Futboleko baloiak ez ziren trapuzkoak eta piszina handia zen eta bere ura freskoa. Oso ondo jaten genuen. Landan sartutako lursaileko etxean bizi ginen. Noizbehinka nekazaritzarekin lotutako lanetan esku-hartzen nuen; adibidez, harria hogeita hamar oineko sakoneran zulatzea lurpeko ur korrontera iritsi arte. Hirugarren urtean apaizgaitegi-inguruetako parrokietan misio-kanpainan sorosle moduan parte hartu behar izan nuen; eta horrela euretakoa banintz legez onartu ninduten familiak ezagutu nituen. Mende erdi geroago, zutik diraute eta oso maiteak ditut horietako bi lagun. Misiolari hastapen horietatik Acción Católicako talde bi artatzeko konpromisoak sortu ziren.

Ohartu gabe sikiera, irakurketak eta kaleko harremanak erakutsi zidaten apurka-apurka ikasketek irakatsi ez zidatena: bizi gineneko mundua. Lehenago, bekatuzko mundua fededun bihurtzea zen kontua. Orain hartan, injustizia eta pobrezia bekatuetarik larrienak zirela ikusten nuen. Munduari itxitako elizgizonon begiratokitik ezin genituen aintzat hartu bere neurri egokian, ez eta esanguran, Agramanteren Zelai konplexu eta nahasian talka egiten zuten indarrak: legeak, sozialismoa, eskuinak, Mosku, Erroma, Washington, dinamita, bake-konferentziak… Lehendabizi kilima batzuk izan ziren, gero urradurak eta azkenean justizia sozialean «egia eternaletan» baino gehiago pentsatzen amaitu nuen. Justu-justu oso, erabat heldugabe dena, gaizki prestatutako txerrijana bezala. Baina gustatu zitzaidan, zaletu egin nintzen.

Casablancako parrokiara destinatua izan aurretik ikusia nuen ja, tximistaren argitan legez, ene bokazioaren etxolaren suzko erreketa. Etorri bezala joan zen mamu-ikusmena. Konpondu gabeko kezka zaharren eta bat-bateko sukarraren ondorio. Ostruken modura begiak itxi nituen berriro. Ez nintzen arduratu nire lehenengo zalantza erlijioso eta teologikoek ene fedea arriskuan jarriko bazuten ere. Nire kautarako oso normalak iruditu zitzaizkidan, anormala galderak ez egitea eta ez kezkatzea zela.

Libururen batean leitua edo norbaiti entzuna oroitu nuen, zalantzatik eratorritako egia izan litekeela benetan finkatutako egia. Eta antzerakoa pentsatu nuen neure bizitza afektiboaren lurpean harrak mugitzen sentitu nituenean. Berezko izena zuten. Ba!, San Antonio Abad, Asisko San Frantzisko eta beste santu batzuk gogoratu nituen. Beroiek tentatuak izan baziren, ez zen harritzekoa ni ere hala izatea, ezta?

«Ez dut uste prestaturik nagoenik parrokoaren erantzukizuna betetzeko, ez dut batere esperientziarik», erantzun nion Lurraldeko Ordezkariari, deitu eta esan zidanean bere intentzioa: Habana Zaharrera lekualdatu behar nuen, handik Casablancako parrokia eramateko. Egokiena horixe zela hausnartu nuelako esan nion, umiltasunez eta prestutasun osoz aldi berean. «Ez zaitez kezkatu, parrokia oso txikia da eta ikusiko duzu nola hartuko diozun neurria laster».

Badira alde batzuk tamainak baino garrantzitsuagoak direnak. Eta badira abilidadeak eta gaitasunak inprobisatzen ez direnak, edo tupustean herren egin eta begi-oker begiratu dezaketenak bat-batean hartuz gero. Banekien, baina sasi-umildadearen azpitik kontent nintzen niregan pentsatu zutelako. Horretarako eta gehiagorako prest nintzelakoan nengoen. Eta urriko hilabeteko egun on batean, habanar portuko 1. zenbakiko moila zapaldu nuenetik lau urte justu-justura, badiaren bestaldeko moila berorren parez pare geratzen den auzunean aurkeztu ninduten, Buen Consejoko frantziskotar lekaimeen komunitateari eta bost laguni, eskuko bost hatzak legez, Casablancako eliza parrokiaren benetako eskuineko esku zirenei.

Acción Católica Universitariako emakumeeen talde unibertsitarioa 1948. urte inguruan.Teresa Fernandezen argazkia

Laster ikusiko nuen casablancar eliztarrekin nituen afinitateak gutxi eta eskasak zirena eta nekez hobetuko zirela. Eta populazioaren gehiengoarekin, oso urriak. Casablancako jendea xumea, adeitsua, onbera zen, baina erreserbatua eta ia batere ez apaiz edo eliza zale. Pobreak eta jakituria gutxikoak ziren gehienbat, ongi hezitako klase ertainekoak baino. Katolikoak, sakonki katolikoak, urtean birritan bakarrik: Ostiral Santuko arratsaldean, Kristo Gurutziltzatuaren eta bere Ama Doloretakoaren prozesioan, eta uztailak 16ko Karmengo Amabirjinaren, euren zaindariaren, segizioan. Buruan kapelua estu eta ezpainak betitabako. Ohitu nintzen ez gelditzen inor agurtzeko eta ez inorekin hitz egiteko lantxatik elizarainoko bidean eta elizatik lantxarainokoan. Beraiek ere ez ninduten agurtzen. `Adio, adio ́, gurutzatzen ginenean, nahikoa baino gehiago.

Ohizko eliztarrak, iganderoko mezakoak, parrokia-eskolako umeen gurasoak, hurbilagoak ziren, ez asko ere. Euren fedea garatu gabea zen, sineskeriez blaitua. ACC edo Acción Católica Cubana elkartearen lau adarretakoren batean laiko konprometituen koadroen formaziorako izena eman zutenek, berriz, perspektiba nahikoa onak izateko itxurak zituzten epe luzera gehienbat; formatzeko desioa piztu nien, konplexurik gabeko fede baten testigantza ematekoa, parrokia-komunitatea biziberritzekoa. Zailagoa egiten zitzaidan haiengan liburu on bat irakurtzeko gogoa piztea.

Maila bateko elkarrizketa dozena erdi pasatxo militante laikoekin soilik eduki nezakeen. Eskukada bat lagunek bakarrik zuten ene adiskidetasun eta konfiantza. Gutxi eta jeloskor grinak ukituak. Kontuz ibili nintzen, ez erakusteko inorekin gogokoago nenbilela. Denboraldi batean, ze edozein modutara gogokoagotasun baten sarean erori nintzen, egun batetik bestera handituz joan zena eta, azkenerako, gogokoena baino zerbait gehiago. Maila eta gradu gorenera igotako adiskidetasuna. Hutsa, hiru urtetan hiru etxe zapaldu nituen. Behin, eta ez gehiago, deitu ninduten hiltzear zen gaixo baten albora. Ehorztetxerik ere ez zen Casablancan. Dirudienez, oso larri, hiltzekotan jartzen zirenean kanpora eramaten zituzten gaixoak.

Sekula ez nien behar besteko arretarik ipini ene arazoei. Neure bizkarrean hartzen nituen egozten zizkidaten zereginak, egokiro artatuko ez nituela jakinda ere, lehenik JOC edo Juventud Obrera Católicako emakumeen Elizbarrutiko Kontseilua eta geroago JAC edo Juventud Acción Católicaren gizonezkoen Elizbarrutiko Kontseilua. Konpromiso berrien eta arreta gehiago eskatzen zutenen biderketak ez zidan ez burutik ez bihotzetik kendu goikoa partean, erdi-erdi aldean eta beheraino sortzen ari zitzaidan zurrunbiloa.

Eliza instituzio gisara, bere jatorriak, historia, Vatikanoan metatu eta usteldutako boterea, hierarkia, ebanjelioarekin hain kontrajarritako bizitza estiloak… gero eta gutxiago sinesten nuen berarengan.

Oinarrizko arazoa bokazioa nuen. Egunetik egunera geroz eta konbentzituago nengoen sekula ez nuela ukan, sekula ez nintzen deitua izan ez erlijio bizitzara ez apaizaren egitekora. Ez, ez nuen galdu edota abandonatu. Iragana behatuz, aurreiritzi eta grinarik gabe aztertuz, bideko zeinu guztiek esaten zidaten hasieratik bukaerara beste batzuk izan zirela, gurasoengandik hasita, bokazioa eduki, bizi eta txertatu zidatenak deiaren ideia.

Eta orduan bi bide bakarrik geratzen ziren: atzera egin edota bokazioaren suzedaneo bat asmatu, hiru botodun erlijio-gizon banintz bezala, aldareari, pulpituari eta kofesalekuari lotutako abadearen gisara bizitzen ahalegintzeko. Lehenbizikoa ez, ezinezkoa zen, kolpea ezingo zuten jasan, ez aitak ez amak, nire irteerak hilko zituen eta nola geratu behar nintzen nagusien eta kideen iritzien aurrean, «zer pentsatu eta esango zuten nitaz?». Mila aldiz ergela eta koldarra. Eta inori deus esan gabe, inori ene porrota aitortu gabe, lepoan hartu ta segi aurrera.

Fedearen lorategian, erregadio ur eskasia eta galdera eta duda-muda uholdeak. Casablancako hirugarren urterako, neure fedea urratzen eta txirtxilatzen hasitako bandera zen. Eliza instituzio gisara, bere jatorriak, historia, Vatikanoan metatu eta usteldutako boterea, hierarkia, ebanjelioarekin hain kontrajarritako bizitza estiloak… gero eta gutxiago sinesten nuen berarengan. Ukatu gabe, haatik, santu eta madonnen saldoa eta gorputz-arimak emandako abade, apezpiku, erlijio andre-gizon eta laiko amaigabeen eredua; lagun hurkoarenganako maitasunaren aldeko kausa nobleenak; gehi zibilizazioari, kulturari eta arteei elizaren barrutik eginiko ekarpena.

Fidel Castro eta Che Guevara Sierra Maestran hizketan 1957ko urriaren 8an

Galdera eta ezbai gehiago graziaren, bekatuaren eta sakramentuei buruzko doktrinen gainean. Gorroto nuen, esaterako, aitorlekuan jarri eta absoluzioaren formula aipatzea, Ego te absolvo delakoa. Eta ezin sinestekoak infernua, zerua, purgatorioa eta linboa, kontatu zitzaigun legetxe. Ez nuen ezer ukatzen, baina dudak oihulari eta probokagarri paseatzen ziren nire kaleetatik. Teologia, dogmak, teologoek asmatu dituzte euren tailerretan, artisautza miresgarria, baina asmatua. Jaungoikoa, Nazareteko Jesus eta Maria txit Santuak ukiezin jarraitzen zuten. Momentuz. Esentzia zena, nukleoa, garrantzitsuena, ezinbestekoa.

Sentimenduak ere krisian sartu ziren. Saihestezina, gertatu beharra zeukan. Ez dira isolaturik bizi, osotasun baten zati dira eta osotasuna zegoen krisian. Emakume batez maitemindu eta komentzitu nintzen emakumezkoa eta gizonezkoa osagarriak garela. Zirimolak eta haizeteak eta urraketak. Ibaiaren ubidea lehortzen utzi izanak sufriarazten digu. Geroago euri eta ur berriak etorri ziren ibilguan korritu eta kantatzera.

1957ko martxoaren 13an, Lehendakariaren Jauregia hartzeko ekintzaren baitan, Jose Antonio Echeverriak gidatutako Radio Relojen erasoaren aztarnak,

Casablancako parroko izan nintzen hiru urtez. Lehen bietan Batista zegoen boterean eta Fidel bere jendearekin Sierra Maestran. Kuba osoak bizi izan zituen urte bi horiek estu eta larri, esaten den bezalaxe. Casablancan pultsu oso bereziarekin, Cabañako kanpamendu militarrak casablancar populazioaren gainean zuen eragina medio. Familia ugari militar eta poliziez osaturik zeuden, desaktibatuak asko, jardunean oraindik beste asko. Horrek, kontuz hitz egitera eta ekitera eramaten ninduen, ez oso gustura. Denen iritziak errespetatu behar nituen. Eta horretarako ezkutuan, isilka gorde behar nituen neure ideia eta zaletasun politikoak.

Gaitza egiten zitzaidan, zeren eta badiaren bestaldean lasai berba egin nezakeen, trabarik eta itxurakeriarik gabe mintzo nintzen beste eszenategietan, Acción Católicako Elizbarrutiko Kontseiluetan bereziki, kontsiliarioa nintzenez. Parte nintzeneko komunitatean ere komentatzen ziren iturri batetik edo bestetik iristen ziren berriak. Sinpatiak gehienbat errebeldeen aldekoak ziren, euskaldunon gehienok –Kubako frantziskotar gehienak euskal jatorrikoak ginen– diktadura frankistaren arantza iltzatua generamalako, eta antzagatik gorroto genuelako diktadura oro.

Ikazkin astakirtenaren fedea nion Fidel Castrori eta bere jendeari. Haien ideia eta proiektu iraultzaileak garbiak zirela sinesten nuen, Kubako egunsentiak hobeto bizitzea ekarriko zuela mendialdetik lautadara jaitsi eta euren idei berriek hiriak eta herriak sutan jarriko zituztenean.

Batistaren armadak eraildako Jose Antonio Echeverriaren gorpua, 1957ko martxoaren 13an

Hortaz, ez zen arraroa San Franciscoko komentuan eta Habanako beste frantziskotarren etxeetan gordetzea euren ideiengatik edo gobernuaren kontrako ekintzengatik pertsegituak harrapatuak, atxilotuak, kartzelatuak, torturatuak eta akabatuak izateko arriskuan baitzebiltzan. José Antonio Echeverría eta Carbó Serviá, Juventud Estudiantil eta Resistencia Cívicako liderrak (Batistaren aurkako mugimendu iraultzailekoak biak), bien-ala-biak Presidentearen Jauregiko asaltoa San Franciscoko komentuan zeudela antolatu zuten eta bertatik atera ziren bataila odoltsura, Echeverría hiltzeko eta Serviá bizirik irteteko, baina handik gutxira segada batean erortzeko.

Poliziak bazekien egia, gauza zaharra zelako eta joera batekoek zein kontrakoek ateratzen baitzioten horri etekina azpian eta kontra egotea tokatzen zitzaienean. Asilo politikoaren modukoa zen. Ez nuen eta, jakina, ezin nuen izan kasu berezi bakoitzari buruzko informaziorik eduki. Behin batean, diktadorearen ihesaren ia aurretik, Acción Católicako buruzagietako bat hurbildu zitzaidan, zera esateko: poliziako ofizial bat, bere sendiaren laguna berau, bere etxean San Franciscoko komentua miatzeko aukeraz mintzatu zela, zeren bertan zenbait iraultzaile ezkutatzen zireneko susmoa baitzuten. Gazteaz fio nintzen eta tranparen bat jartzen ari ez zitzaigula ziurtatu nuen.

Gau hartan, etxera iristean, esan zidatenaren jakinaren gainean ipini nuen ene nagusia. Bi iraultzaileekin bildu eta segituan komentutik ateratzea erabaki zuten. Haiek Santiago de las Vegasera eramateko pronto izango al nintzen galdegin zidan nagusiak, ez apaizgaitegira, Gogo-jardunen Etxera baizik. Abentura-izpiritu batek hartzen ninduen batzuetan, eta gau hura horietako bat izan zen. Gaueko hamarretan irten ginen, destino onera heldu ala bidean eror gintezkeenaren jakitun. Heldu ginen. Gero suertatu zen ez zela miatu komentua.

Ikazkin astakirtenaren fedea nion Fidel Castrori eta bere jendeari. Haien ideia eta proiektu iraultzaileak garbiak zirela sinesten nuen, Kubako egunsentiak hobeto bizitzea ekarriko zuela mendialdetik lautadara jaitsi eta euren idei berriek hiriak eta herriak sutan jarriko zituztenean. Uste nuen mendialdeko gerrillariak hiri erresistentziakoekin batu eta fronte komun bakarra osatuko zutela, justizia eta bake egunak zetozela. Eliza ofiziala ez nuen ikusten ez partaide ez alde lan horretan; bai, ordea, katoliko laikoak. Banekien euren artean lider ongi formatuak bazirena, ideiak, ilusioak eta dena baldintza gabe entregatzeko gogoarekin. Eguna iristeko irrikaz nintzen. 

Javier Arzuaga

Gauerdi minean (A la medianoche, Semillas en el Tiempo, 2012), Jon Aranok euskaratua (Booktegi, 2023)

Irudia: Ezkerretik, Camilo Cienfuegos, Che Guevara, Fidel Castro eta hainbat burkide 1957ko irailean Pino de Aguako erasoan. Enrique Menesesen argazkia