Hats eman diezaiogun honetan iraun dezan

1995a zen gure hastapenean, eta literaturatik pixka bat atera eta zabalago jokatuko zuen kultur aldizkari berezi eta heterodoxo baten premia sumatzen genuen: gai serio eta umoretsuak konbinatu beharko zituen, gauza interesgarriak eskaini, hizkera eta edukien aldetik herriarengandik hurbil egon, aide fresko eta berritzaile bat ekarri nahiko zuen…

Segituan ikusi genuen «lizunkeria» ez zela jorratu gurean. Gertatzen dena da ez garela ohitu sexu-kontuak eta euskara erlazionatzen (baina sexuaz gain, bestelako gai mordoa kaleratu dugu, eta azkenaldian erdi-monografikoetan: erlijioak, sorginak, presoak, komikiak, drogak, «zibilizazio» kontsumista, indioak, antzerkia eta askotarikoak). Euskaraz oraindik arrotzak egiten zaizkigun esparru batzuetako gauza ez oso ortodoxoak, kontrakultura, azpikultura edo zaborkultura —eta bestelako zenbait joera berri— gurera ekartzen eta hizkera modernotzen-edo saiatu gara.

Geroztik etorria duen jende mordo bat inplikatu da aldizkarian, kolaboratzaileak eta masa grisa sekula ez da falta izan Euskal Herrian. Aurrerapauso batzuk eman ditugu, beraz, eta Ostiela! jada kultur entziklopediatxo bat da, ia 1.000 orri eskaini ditu. Eta jorratu nahi ditugun gai ugari daude, ideiaz gainezka gaude… Balantze positiboa, beraz, ia 6 urteotakoa, nahiz eta guk nahiko genukeen adina ez saldu. «Zer, edo ezer, irakurtzen ote du gure jendeak euskaraz?» galdetzen diogu geure buruari. 1.000 erosle ez ditugu (300 harpidedun eta 500 erostun eskas).

Edizio bakoitzean gauza arras interesgarriak ateratzen ahalegindu eta zenbait liburu plazaratzea baino gehiago kosta arren, etekin gutxi eta esker on askorik ez da lortzen. Eskerrak diru laguntza publikoei, bestela jai genukeen…! Ez da askorik izango, baina zorionekoa zure proiektu apala aurrera ateratzen ahalbideratzen duena. Horregatik dira posible orain, neurri batean, zenbait aldizkari espezialdu: Napartheid, Entzun, Gaztetxulo, Putz eta beste.

Portzierto, Putzek eta Ostiela!-k esparru berdintsua betetzen dute, euren sailkaezintasunean. Eta lehen eszisioa izan bagenuen ere, beharbada, laster batean batu egin beharko ginateke eta (kontra)kultur aldizkari potenteago bat sortu: hobe zabaldua, mamiz eta itxuraz hobetua, jende gehiagorengana iristeko modukoa eman euskal kontrakulturari.

Aurki ziber-aldizkariak ere ezagutuko omen ditugu… Izan garelako izango dira… Baina, halere, ez genuke entzun nahi «X aldizkaria izan zen», baizik eta «hats eman diezaiogun honetan iraun dezan». Gaur egungo irakurlearentzat egin nahi genuke aldizkaria, eta ez bihar/etzi-damuko artxiboetarako edo «Presente Abandonatuaren Museoetarako».

Jon Arano eta Koldo Goitia

«Euskal aldizkarietako abenturerismoa edo ‘Presente Abandonatuaren Museoa’», Euskaldunon Egunkarian, 2001eko irailaren 28an 

Irudia: Kontzertua, Anthony Delanoixen irudia

Beste eduki hauek ere zure gustukoak izan daitezke…