Nobel saria Atxagari!

Nobel sarirako proposamen apal hau hortik eta hara doa: Iberian, euskaldunon lagun, kataluniar batzuk, portuges, espainiar eta galego bakar batzuk besterik geratzen ez zaizkigunean, eta munduan zehar indio eta gisako alderrai gutxi batzuk, inboluzio eta frankismoaren nostalgikoen garai hauetan, kasik patriarkarik inortxo ere ez dugunean (Joxemiel Barandi ukiezina beste mundura joana, oraintsu bidali nahi izan dute Arestirengana eta U-galdu Martin…) eta idazle zentsuratu eta onik bai erbestean sarri, Garzon bat bere «literaturagatik»? Nobel sariren baterako nominatu eta guzti izan duten honetan, zer egin behar da Bernardo Atxaga (edo Joxe Irazu) Literaturako Nobel sarirako hautagai izendatzeko?

Badakigu ez dela erraza izango, hor ere politika kontuak izango direla maizenik, «Maizena», ogia, lana eta pentsua ez, baino txuletak, mokofinak, urdail eskertuak eta influentzia-trafikoak ibiliko direla seguruenik tartean, baina nonbaitetik has litekeela uste dugu: Joxe Irazu Nobel sarirako izendatzea hemen eta munduan apoiatuko duten kulturako jendeen zerrendak egiten has gaitezke. Besteek euren buruari konstituzioak e.a. ematen badizkiote, guk ere zertxobait opa diezaiogun geureari eta ados edota atres jarri gaitezke zerbaitetan bederen. Obaba-k dagoeneko unibertsala izan behar du, pentsa: sehaska kanta bateko hitza, zein euskaldun ez dago horrekin ados?

Eta Obaba herriko Misterra urteetan eta urteetan hautagai kandido eta eternala izanik ere, azkenean saria ematen ez badiote/badigute ere, ez da berdin-berdina izango, baina ez izan kuidadorik, parabolikoak ez luke basoa tapatu behar, baizik eta Euskal Liluratura izeneko izozmendiaren punta behinik behin ikusi ahal izan beharko litzateke munduko zenbait tokitatik. Eta hori bakarrik, ez al litzateke ona izango?! Nobel saria Atxagari emango baliote/baligute, berriz, paper ona beteko lukete bai Bernardok bai eta euskal literaturak ere. Eta gure hizkuntza/kultura, daukagun gauza preziatuena, salbatuko ez balitz ere, ezagutzera emango litzateke. Euskarazko literatur tradizioa eta sorkuntza, ele berriak mundura! Atxaga etxerako eta Nobel sarirako, Nobel saria Atxagari!

Jon Arano

«Atxaga, Nobel sarirako», Berrian, 2004ko otsailaren 4an

Irudia: Jon Aranori Zaldi Erok Donostian 2002an ateratako erretratua