Hegazkinetan idazteko, hartu arkatza, boligrafoek tinta botatzen dute

2020-11-08

1. Hegazkinetan idazteko, hartu arkatza. Boligrafoek tinta botatzen dute. Baina arkatza apurtzen bada, ezingo duzu zorroztu, hegazkinetan ez daitekeelako aiztorik eraman. Eraman bi arkatz, beraz.

2. Bi arkatzak apurtzen badira, nola hala zorroztu ditzakezu metalezko edo kristalezko ahoa duen lima batekin.

3. Eraman idazteko moduko zerbait. Papera ondo dago. Estu bazabiltza, egur zati batek edo zure besoak balioko dizute.

4. Ordenagailua erabiltzen baduzu, gorde testu berriak flash memoria batean.

5. Egin bizkarrerako ariketa fisikoak. Minak arreta galarazten du.

6. Eutsi irakurlearen arretari (errazagoa izango zaizu zeure arretari eusteko gai bazara). Baina ez dakizu irakurlea nor den, beraz, ilunetan ibiliko zara, tiragomarekin arrainei tiro egiten. a irakurlea liluratuko duenak b irakurlea hezurretaraino aspertuko du.

7. Seguruenik hiztegia beharko duzu, joskera liburu arrunt bat edo beste, eta errealitatearen zentzua. Azken horrek zera esan nahi du: ez dago doako bazkaririk. Idaztea lana da. Apustua ere bada. Ez dago pentsio-planik. Beste pertsona batzuek lagun zaitzakete, baina, funtsean, bakarrik zaude. Inork ez zaitu idaztera behartzen: zeuk aukeratu duzu, ez zaitez negartia izan.

8. Inoiz ezingo duzu zure liburua irakurri liburu berri baten lehen orrialdea zabaltzeak dakarren gogo inuxente horrekin. Zeuk idatzi duzulako. Atzean egon zara. Untxiak ikusi dituzu kapelaren barruan sartzen. Beraz, argitalpen munduarekin zerikusia duen inori erakutsi baino lehen, eskatu irakurlea den lagun bati edo biri irakur dezatela. Hobe lagun horrekin harreman erromantikorik ez baduzu. Ez baduzu harremana eten nahi, behintzat.

9. Ez zaitez basoaren erdian eserita geratu. Argumentuarekin galduta edo blokeatuta bazabiltza, eman atzerapausoak galdu zinen lekuraino. Eta hartu beste bidea. Eta/edo aldatu pertsona. Aldatu denbora. Aldatu lehen orrialdea.

10. Otoi egitea lagungarri izan liteke. Edo beste zerbait irakurtzea. Edo bukatuta, argitaratuta daukazun liburu distiratsuaren Grial Santua etengabe irudikatzea.

Margaret Atwood

«Margaret Atwooden idazteko 10 aholku guztiz praktikoak», Irati Jimenezek itzulia, Aiztoa eta arkatza: Idazteari buruzko idazleen aholkuak (autolaguntza gida), Txalaparta, 2013

Antton Olariagak egindako Margaret Atwooden irudia