Gera zaitez gure artean, Anatoli. Egun batzuk gehiago. «Karpov, Atarrabian» irakurri nuenean, irribarre egin nuen, otu baitzitzaidan Atarrabia era guztietako jainkoentzat restop bat izan zitekeela, bost tour irabazitako jainkoarekin gogoratzean. Ez alde egin oraindik, Anatoli. Ikusi zaitut hogeita lauren kontrako aldi bereko partida horietako batean jokalariei banan-banan eskua eman eta piezak erabakior mugitzen, eta ez zait zalantza izpirik geratu: xake jokalari bat da guk behar duguna, zirt ala zart egiteko, gure lur hau labirinto ez, baizik eta xake taula dela frogatzeko behingoz. Ez da kasualitatea xakea Neguko Joko Olinpikoetarako hautatu izana, Anatoli. Gure aspaldiko hau ere negu luzeegia duzu, eta neguan espezialduriko xake jokalari odol hotzeko eta minimalista bat behar dugu granitozko dorre izoztu horiek mugitzen hasteko. Alfilen aho triste eta erorietako arrazoia ezagutzen duzu, Anatoli. Herri honetan txirrindularizaleak gara, denok gara apur bat Tom Simpson, eta denok akordatzen gara oraindik Tom Simpson ziklistarekin: nola bere elastikoak axedrez taula apurtua zirudien karreteraren harritxintxarretan. Konponbiderik ba ote du gure elastiko apurtuak? Zuk dakizu hori, inork jakitekotan. Gogoan dut 1984an bukaezineko partida jokatu zenuela Kasparov zure betiko aurkariaren kontra, eta azkenean lehia gerarazi egin zutela antolatzaileek osasun arrazoiengatik. Osasuna galtzeraino taula baten aurrean pasioz borroka daitekeen hori azal iezaguzu, faborez. Zenbaitek ez dute ulertu.
Bada erran zahar bat, partida bukatzean, erregea eta peoia kutxa berera itzultzen direla dioena, baina hemen labirintoei buruz gabiltza beti. Xakea kirol noblea da: irabazitako tituluak Las Vegasen defendatzen dira, boxeoan bezala. Xakea kirol serioa da, Anatoli. Gera zaitez egun batzuk gehiago, UraI mendietako piano irakasle gupidagabearen begirada horrekin. Gera zaitez eta oroitarazi iezaguzu, xake taulakoa dela bufoirik behar ez duen errege bakarra, hor mugitu behar dugula, koadroz koadro, beltzetik zurira. Ez oraindik alde egin, Anatoli. Otoi, ez eraman berriro zure sekretua espien aberrira.
Harkaitz Cano
«Anatoli Karpov: Ez alde egin oraindik», Euskaldunon Egunkarian, 2000ko apirilaren 2an

