Herio eta Erosen ahaidea den Lo-ren babespean, iraultzaileak gara denok

2020-08-28

Lovecraft idazleak bere ametsak kontrolatu eta berak guratako bideetan barrena abiarazteko gaitasuna izan ei zuen. Horretara bururatu bide zitzaion beraren idaztietako populua den monstru sorta.

Beranduago, Surrealisten lelo nagusia, kontsigna bortitzena, Amets egin! izan zen. Ezaguna da beste pasadizo hura ere, Urlia idazle surrealista lo dago eta atean eskegita utzi duen oharrak dioena da, Ez molestatu, lanean nago.

Ametsetan, ametseta automatikoetan, Herio eta Erosen ahaidea den Lo-ren babespean, iraultzaileak gara denok. Abadeak Sinesmenak debekaturik dizkion harataldeak haginkatzen ditu; eskumakoak jolas poligamoetan galtzen ditu gorputz atalak; umeak aitaren heriotza ikusten du, barre algaren artean; difuntuek euren mezuak irakurtarazten dizkigute, eta abar luzea. Irauli egiten da dena Ametsetan.

Surrealisten artilerian abanguardiako postuetan kokatu beharreko obusa da ametsa. Idazkera automatikoaren eragilea da. Joskera eta lexikoa, morfosintaxia eta adiztegia, sementemaz gora eta lexemaz behera ipintzen dakiz ametsak. Vicente Aleixandre harek esan ei zuen, Iratzarrita idatzi ditudan ene poema guztiak lotan idatzi eta gero gogora ezin ekarri izan dudan beste bakar horren truke.

Edorta Jimenez

«Amets egin!!», Euskaldunon Egunkarian, 1991ko ekainaren 1ean

Irudia: Salvador Daliren manikia, Man Ray, 1938ko urtarrilean