Hitz fetitxeak

Idazten den bitartean lagungarria izaten da askotan mahaian fetitxeren bat edukitzea: irudiren bat, horman itsatsitako grabatu edo argazkiren bat, marka exotikoren bateko tabako paketeren bat, postalen bat… Idazten ari garenaren haria ez galtzeko, eta batez ere. ezer burura etortzen ez den unearentzako. Batzuetan, hitz batzuk idatzita dauden paperki bat aski izaten da. Ba omen zen jende aurrean hitz egitea ikaragarri kostatzen zitzaion idazle bat, hitzaldi bat ematen zuenero oso urduri jartzen zena, eta lasaitzeko esku artean tolestu eta destolesten zuen papertxo bati begiratzen zion etengabe: zera jartzen ornen zuen ohartxoan: Ez da ezer gertatzen. Ez da idazleen kontua bakarrik: Jorge Oteizak ohar bat dauka tailerreko atean jarrita, lanean pakean utz dezaten erregutuz, eta bide batez, lapur posibleentzat ere badu beste notatxo bat, mesedez, bere lanak errespeta ditzaten eskatuz.

Fetitxeen terapeutikak erabilera anitz izan ditzake: adibidez, idazlearen autoestima bajua indartzea. Horrela, Van Gogh-en autoerretrato bat jar dezake idazleak bere lan-mahaiaren pareko horman, eta irudiaren azpian ohartxo bat: nik ere ez nuen kuadrorik saldu bizirik nintzen artean. Edota horrelako beste bat: jenio bat bazara hemen porrotera zaude kondenaturik. Literaturaz haraindira ere baliagarria da terapeutika hau, gogoratu bestela, bideojokoekiko menpekotasuna zuen mutiko haren kasua: morfinatik gorako lasaigarriak errezetatuagatik mutikoak bideo-kontsola eskutik askatzen ez zuela ikusirik, azkenean psikiatrak etxeko horma eta ate guztietan Game Over hitzak idatziarazi zizkien gurasoei. Logika honi berari jarraiki, kilo batzuk galdu nahi dituenak, hozkailuko atean sumo-borrokalari baten argazkia eta aldizkari batetik ebakitako mermelada propaganda orria gezi baten bidez lotzen dituen collagea itsastea aski izango du.

Neronek, Joe Panda boxeolariaren hitz batzuk eduki ditut luzaroan nire gelako kortxoan jarrita: ringeko oihala musukatu eta altxatzen ez zarenetakoa bazara, ahantz gaitzazu hermano, gurean ez duzu zereginik. Orain, aurreko oharra mantendu arren, hitz berri batzuk zirriborratu dizkiot: ringeko oihala bigarren aldiz musukatu eta altxatzen ez zarenetakoa bazara, ahantz gaitzazu hermano…

Hori da bestea. Oharrak une bakoitzeko egoerari egokitzea komeni da.

Harkaitz Cano

«Hitz fetitxeak», Euskaldunon Egunkaria, 1997ko urtarrilaren 4an

«Altxa eta borrokatu kabroiori!», Muhammad Ali Sonny Listoni aldarrika 1965eko maiatzaren 25ean, Lewinstonen. Nell Leiferren argazkia Sports Illustratederako