Negarrez esan zidan bera fusilatu behar izan zutela Estepanen ordez

Nolakoa izango zen euskarazko panorama literarioa 1937an Estepan Urkiaga Lauaxeta fusilatu izan ez bazuten? Lauaxetak 31 urte zituen Gasteizen fusilatu zutenean, Gernika bonbardatutik Bilbora bueltan zihoala atxilotu eta bi hilabetera. Kazetaria, poeta eta itzultzailea, fusilatu zutenerako bazituen antzerki lanak idatziak eta Garcia Lorca euskaratua zuen, Bide barrijak eta Arrats beran poema liburuak idatziak izateaz gain.

Zaila egiten zait Sarriri eta Mikel Antzari buruz ezer esatea. Sarri eta Mikel inoiz ez dira izan, niretzat, zuri-beltzezko argazkia, Lauaxeta eta Aitzol ziren bezala. Zuri-beltzezko bihurtu aurretik Sarri eta Mikel bizi izan nituen

Zein ekarpen egingo zion literaturgintzari Jose Ariztimuño Aitzol-ek, Yakintza aldizkariko sortzaileak eta Euskaltzaleak elkarteko buruak, 1936ko urrian Hernanin fusilatu izan ez bazuten, 40 urte baino ez zituela?

1937ko apirilaren 29ko Eguna

Zer emango zion kulturgintzari Eguna egunkariak, sei hilabeteko bizialdia izan ordez, urteak iraun izan bazuen, eta kazetariak eta idazleak trebatzeko harrobia izan balitz? Euskara hutsezko lehen egunkaria izan zen, lehena eta bakarra. 1937ko urtarrilaren 1ean kaleratu zen eta ekainaren 13an itxi egin zuten, frankistak Bilbora sartzeko bezperan. Sei hilabete eskas. Euskara hutsezko beste egunkari bat sortu arte 53 urte behar izan ziren. Euskaldunon Egunkaria 1990ean sortu zen eta hori ere itxi egin zuten, indarrez itxi ere 2003an.

Zer-nolako kultura genukeen maisu-maistra euskaldunak erail ez bazituzten, euskal eskolak desagertu ezean, euskarazko unibertsitatea sortua izan bazen, ezagutu ez ditugun liburuak, poemak, kantak eta pelikulak sortu izan balira? Non galdu dira? Nortzuk ziren inoiz izan ez diren idazleak eta kantariak?

Niri zaila egiten zait Sarriri buruz hitz egitea, niretzat ez delako Lauaxeta edo Aitzol, inoiz ezagutu ez nituen pertsonak. Oraindik gogoan dut Lauaxetari buruz nola mintzatu zitzaidan Eusebio Erkiaga idazlea, hilurren zegoela Lekeitioko bere etxean. Nola esan zidan, negarrez, bera fusilatu behar izan zutela Estepanen ordez, eta tiraderatik atera zituen bi heriotza-zigor, frankistek sinatuta. Euskal literatura irabazten aterako zen, esan zidan malkotan.

Zaila egiten zait Sarriri eta Mikel Antzari buruz ezer esatea. Sarri eta Mikel inoiz ez dira izan, niretzat, zuri-beltzezko argazkia, Lauaxeta eta Aitzol ziren bezala. Zuri-beltzezko bihurtu aurretik Sarri eta Mikel bizi izan nituen. Zuri-beltzez ikusi ordez, Mikelen adats beltza ikusten nuen Virgen del Carmengo sotoan, Ametzagaiñan eta Kata tabernan. Josebaren begirada nerabea ikusten nuen Deustuko unibertsitatean, Arriaga antzokiko kafetegian eta Larraonan.

Laura Mintegi

«Nor bere egoerak bizi du», Berrian, 2021eko apirilaren 25ean

Irudia: Eusebio Erkiaga, Nazario Oleaga eta Fernando Mendizabal 1961ean. Euskaltzaindiaren argazkia