Urteetan zehar eta egunez egun, gizon hauek Krutwigen sostengu fisiko eta izpirituala izan dira

Orain dela hamabost egun zendu zen Federiko Krutwig Sagredo, eta gaur hedatu dira bere errautsak (heren bat) Bizkaiko itsasaldeko puntu batean. Aurreko egunetako egunkarietan bere bizitza, lana, liburuak, jakituria, ekarpenak eta konpromisoak luze eta ondo azaldu dira kazetarien aldetik. Ondo ezagutzen zutenak mintzatu dira, eta ondo mintzatu kasu guztietan. Euskalgintzak begirunea dio Krutwigi eta, beraren ideiekin bat etorri zein ez, denek onartu dute haren handitasuna euskal letren munduan.

Inork esan ez duena, eta ni gehien txunditu nauena, Federikoren lagun taldea izan da, hau da, zernolako lagunak zituen, eta lagun hauek zernolako giza kalitatea duten. Arrunt deigarria egin zait. Urteetan zehar eta egunez egun, gizon hauek Krutwigen sostengu fisiko eta izpirituala izan dira, beraiek lagundu dute onean eta txarrean, eurek jaso dituzte haren ikaspenak eta gainontzekoen artean hedatu. Fidelak izan zaizkio Federikori, baina ez fideltasun itsu eta mutuaz, baizik eta konfidantzak sorturiko fideltasunaz, hau da, ideia berri batek bakarrik sor dezakeen fideltasun motaz.

Zeren, pertsonok, gu guztiok, mota askotako elkartasunak sor baititzakegu, gure buruarekiko edo gure ideiekiko, baina elkartasuna, benetako elkartasun bakarra, projektu baten inguruan sorturikoa da, projektu horrek bakarrik baitauka beraren inguruan indarrak biltzeko ahalmena. Krutwigek bere inguruan bildu zuen elkartasuna ikusita, haren projektuaren handitasuna somatu dut, projektu garrantzitsua, fideltasun sendoa eragiteko bezainbestekoa.

Gizon handia zen Federiko Krutwig, bai; handia bere ekarpenetan; handia, bereganatu zuen adiskidetasun maila ikusita. Halako adiskideak bereganatzea lortu baldin bazuen, ez zen izan, soilik, pertsonarekiko atxikimendu hutsak bultzatuta; pertsona horrek planteatzen zituen ekarpenekiko atxikimendua izan da; gainontzekoengan elkartasuna, konfidantza eta fideltasuna eragin dituen projektua, alegia. Anton, Juanjo, Josu, Manu, Txema, Juan Luis, Juanjo eta besteei doluminak

Laura Mintegi

«Krutwigen adiskideak», Euskaldunon Egunkarian, 1998ko azaroaren 28an

Irudia: Federico Krutwigi Juantxo Egañak ateratako argazkia