Hutsik dauden itsasoetan
igeri egiten utzi didate.
Haizerik gabeko zeruetan
arnasa hartzera behartzen naute.
Nire begiek
itotakoaren begiekin
so egiten dutenean,
argiz betetako kolorez
inguratzen naute.
Nire gorputza
hilotz bihurtuz gero,
jantzi liluragarriz apaindu didate.
Pentsaturik,
nire besoak
nire behatzak
ez direla gehiago mugituko,
beren eskuak
eskaini dizkidate.
Eta
nik
besoak moztu dizkiet.
Amaia Lasa
Hitz nahastuak, Leopoldo Zugaza, 1977
Irudiak: Ann Bonny eta Mary Read Jack Rackhamekin atxilotu eta pirateriagatik zigortuak izan ziren 1720ko azaroaren 28an Jamaikan

