Emakume eta gizon guztiok ez gara, nahi, gogo eta inklinazio berdinekin jaio. Bakoitzak, mundu berri honen sortaraztean, bere lana bere modura eman eta egiten du; eta gizon-emakumeek bizitza sortze horretan egiten duten guztia, dena dago garrantziz betea. Beharbada, sistema kapitalistak aldatzeko agertzen duten biguntasuna, serioski haien erro guztiak atakatzen ez dituztelako da; zeren eta, jeneralki, iraultza egile batek bere gogo nahiak nahiko limitatuak izaten ditu, hainbat dotrina ezkertiarren gatik. Hori dela ta, iraultza egile batek gauza gehiegi uzten ditu iraultza osterako.
Kultura hitza, haren zentzu jeneralean eta abstraktuan, denok agurtzen eta geureganatzen dugu.

Baina, gizon-emakume batzuk poesia eta musika egiten ari direnean; edo, tailer txiki batean, harri, kolore edo arraia batzuei forma ematen ari direnean, nahiz eta formarik gabeko formak izan; edo, gela batean, hitzaren historia, hizkuntzaren formak ulertzen eta aztertzen ari direnean; edo euskera zientzi mailan ipintzen dabiltzanean —gizon-emakume hoiek kulpabilidade sentimendua izaten dute, edo, indiferentzia batean borobilduta, gizartetik urruntzen dira, gizarterako giza kultura bat bakartadean ezin lorturik.
Batzuek diotenez, gauza hoik iraultza ondoren sortuko dira; eta orain egin behar dena, IRAULTZA da.
Kulturari buruzko mesprezu hori, denok dakikegunez, historian beti gertatu den zerbait da.
Baina, denok iragan genuen urte haren bukaeran eta honen hasieran, ur txarrenak joan eta gero, geure herri burrukako hainbat paper irakurri ondoren, kinkik ere ez organizazio kultural bati buruz, nahiz eta kultur frente bat izan.
Gure ikastolak, gure hizkuntzaren batasuna, gure literatoak, maila zientifikoa lortzeko gure saioak hor dabiltza, bakoitza bere aldetik, sozialismoaren edo nazionalismoaren problematika erabakitzen ari garen bitartean. Eta historia hori, orain dela bost edo zazpi urte hasia da.
Nork eskatu ditu, ikastolak antolatzeko liberatuak, hizkuntzaren batasuna lortzeko liberatuak? Nork, euskera maila zientifikora jasotzeko behar diren liberatuak?
«Nondik gatoz, nora goaz» esaka ari gara, euskal kultura hil edo bizikoa dela kontuan izan gabe.
Eta hemen ematen diot neure sermoiari bukaera, besteek entzuteko desirarekin.
Amaia Lasa
«Kulturak ere behar ditu bere liberatuak», Anaitasunan, 208. zenbakian, 1971ko martxoaren 30ean
