Gizonak, oinak harrien kontra ez zaurtzeagatik, zapatak jantzi ohi ditu. Eta zapatok, bidearen hautsak eta bida-ondoko lokatzak zikindu ohi dituzte. Orduan, gizon garbi-garbiek egunero garbitzen dituzte; hain garbi ez garenok, noizean behin garbitzen ditugu, aisia apur bat dadukagunean edo gogoak hala ematen daukunean. Hala ere, ez zaio guzti honi inportantzia gehiegirik ematen, zapata-zikinketa eta -garbiketa honi. Ibili beharrak ardura du, eta zapatarik ez zikintzeagatik ez da inor geldirik geratzen.
Letra-gizonoi (eta eskuarki edozein plaza-gizoni), beste horrenbeste gertatzen zaiku komunzki. Eskribatu egin behar dugu, eta noizean behin, martxaren poderioz eta indarrez, zenbait zikinketa kasual erortzen zaiku gainera. Eta noizean behin, zapatak garbitzen diren axola-gabetasunarekin berarekin, gainetik mantxa eta zaplastadura hoik kentzen ere ba ditugu. Egun, hori egitera noa. Eta ez dut uste horregatik ezpataz odolik isuriko denik; ez, urak Beotibarko zubi-petik jarioten iraunen du, hala eta guztiz ere.
Enekin egonen dira oro ados, epoka hartan ez zegoela giro «bat». Egun bezala, zein bere aldetik genbiltzan. Bakarti sentitzen ginen guztiak, eta gainerakoen eritziak eta lanak mezprezatzen genituen. Guti gora-behera, gaur bezala
Aipamenera ekarri nahi dut, beraz, Abuztu hilabeteren azken «Anaitasuna»n Ibon Sarasolaren «Euskal Literaturaren Historia» liburuari buruzko bi kritikatan niri egiten zaitan bi aipamen. Hauk dira:
1. Juan San Martinena
«Arestiren euskarak herririk ez duela esango nuke nik. Bere alde eta hobeto esateko, herri orotarik eta literatura zaharretik atera duen koine antzeko batera hurbiltzen dela esango nuke».
Juanitori hau galdetuko nioke:
«Herri» hitza perpausa horretan erabiltzen duenean, zer zentzutan erabiltzen du? Klaro eta garbi dagoelako hitz horrek zenbait esan-nahi diferente ba duela. Eibarko herria baldin badiot, hiri bat aipatzen dut. Zubero-herria baldin badiot, aurkientza bat dakart aiputara. Euskal-Herria hartzen badut ezpain-artean, etnia bati egiten dio aipamen. Kristau-herria baldin badiot, erlijio-kide batzuren komunitatea. Herria izaki abstrakto batetzat har ahal liteke. Adibidez: Politiko batek hautaera batzutan kargu baterako ateratzen baldin bada, herriaren borondatea hala izan dela esanen dauku. Askorentzat, «herria» baino gauza bizi eta dinamikoagorik ez dago, baina «hil-herri» bat baino gauza hil eta estatikoagorik ez dago benetan. Dena dela, San Martinen perpausa, hitz-joko edo hitz-konfusio bat iruditzen zait. Zeren, baldin badio ene euskarak (denon euskarak) ez duela herririk, hau da, bere kanpadorrea eta alkate falanjista duen herririk, arrazoi du. Baina ez dut uste Sarasolak inoiz halakorik gogoan eduki duenik. Beste alde batetatik, San Martinek, nik dakidanez, hiru euskara-klase erabili ditu orain artean; bere poesiarako euskara purista eta konpreni-gaitz bat edozein herritatik guztiz urrun zegoena; gero Eibarko euskaraz baliatu zen bere «Eztenkadak» eta «Zirikadak» eskribatzeko (eibartar edo plaentxiatar ez ziren herritarrei odolezko izerdiak zerizkien hartako xisteak eta xelebrekeriak nolabait entenitzeko); eta azken denbora-bolada honetan, Euskal-Herrian gehientasun batek enteni dezala nahi duen tenoreon, berak «Arestiren euskara» deitzen duen eta nik «denon euskara» edo «euskara batua» deituko nukeen koine horretaz baliatzen da.
«Harri eta Herri» (…) zein bakartate handitan izan zen kontzebitua, nola argitaratu zen kasualitate bategatik, nola izan nintzen gonbatitua (…) eta nola azkenean «Harri eta Herri»ren kausaz ogibiderik gabe gelditu nintzen
2. Luis Haranburu-Altunarena
Hirugarren parteak (1964-1971) egungo Euskal Literaturaren egoera aztertzen du. Nire aburuz, hirugarren parte honen hasierak 1960. urte mugan du bere hasiera (sic). Zeren. Sarasola beraren azterketa-bide eta gisa beraz jarraituaz, 1960. urtean ausnar daiteke euskal literaturaren jatorri berria. Arestiren «Harri eta Herri» ez baita liburu soil bat; aitzitik, giro baten agerpide ere ba dugu. Eta denok dakigu giro hori zer nolatan, noiz eta non jaio zen».
Haranburu-Altunari hau galdetuko nioke:
Ene «Harri eta Herri» zer giroren agerpide da? Iruditzen zaitanez, Haranburu-Altuna euskal letren batailetan berria da. Aurten arte ez nuen haren izenik entzun. Denbora hartako notizia lehen eskukorik ez duela baldin badiot, ez zait iruditzen bidegabe eginen diodanik. Epoka hartan euskal gaietan murgildurik geundenek argibide zehatzagorik eman ahal dezakegu. Eta enekin egonen dira oro ados, epoka hartan ez zegoela giro «bat». Egun bezala, zein bere aldetik genbiltzan. Bakarti sentitzen ginen guztiak, eta gainerakoen eritziak eta lanak mezprezatzen genituen. Guti gora-behera, gaur bezala.
Haranburu-Altunak nahi badu, beste egun batetan esplikatuko diot nola sortu zen «Harri eta Herri» (bere parte handia eduki zuen San Martinek haren publikazioan), zein bakartate handitan izan zen kontzebitua, nola argitaratu zen kasualitate bategatik, nola izan nintzen gonbatitua (Zeruko Argia aldizkariaren orri-aldeetatik, «bufoi», «ero» eta «blasfemo» deitu ninduten), eta nola azkenean «Harri eta Herri»ren kausaz ogibiderik gabe gelditu nintzen (Lurdes-ek kantatzen duen «Hire ahizpei esaien, ttikia, zergatik etxean ez dagoen ogirik» hori, hartako frutu eta ondorio da).
«Harri eta Herri» liburu soil bat da, eta ez da ezeren agerpide. Ezeren agerpide izatekotan, ene espiritu-pobreziaren, ene koaiten eta ene kobardekerien agerpide izanen litzateke. Bai, liburu soil bat, eta gainera, euskaraz eskribatu diren guztiak bezala, liburu pobre bat, liburu eskas bat, liburu xipi bat, liburu-karikatura bat.
Gabriel Aresti
«Zapatak noizean behin garbitu behar», Anaitasuna, 218. zenbakia, 1971ko irailaren 15ean