Erakunde berri bati, programa, estrategia eta taktika zegozkion. Eta hura guztia definitu gabe zegoen. Esan beharrik ez dago.
Demokratikoki jokatzekotan, Bilera Nagusia egin behar zela uste genuen («asanblada» hitza ez zen oraindik erabiltzen); eta gure egoera pertsonala, segurtasunaren aldetik, guztiz txarra zen, irakurleak uler dezakeenez.
Besteak beste, eztabaida gogorrak egon ziren 1957-1958 urteetan borroka-moduari dagokionez. Ekin-eko sortzaileen arteko batzuk militante katoliko gogorrak izanik, oso-oso uzkur agertzen ziren bortxa politikoaren erabilpenaz («violen cia»renaz, alegia).
Adar honek bere hastapenetan, eta Manzanas-en kontrako atentatua gertatu arte, pintaketak egin zituen, eta ikurrinak jarri, eta sabotaiak egin, eta tankera horretako «ekintzak». Baina giza-odolezko kolperik ez zen egon.
Garbi geneukan denok sistemaren barrutik sistema zerbait alda daitekeena. Baina benetako aldaketak egiteko (aldaketa «iraultzaileak», esango genuke ondoko urteetan) sistematik at jarri beharra zegoela uste genuen (gaur egun ere gauza bera pentsatzen dut, bidenabar esateko). Legetasunetik at jokatu behar zela, hitz batez.
Legetasunetik at jarrita, berriz, bi bide ikusten genituen: Gandhiren borroka bortxagabea, batetik; edo-ta, jakina, bortxazko borroka, bestetik.
Urte oso batez, gutxienez, zenbait taldetan eztabaidatu zen puntu larri hau. Bortxarik gabeko borrokaren aldekoek, Gandhi aipatzen zuten; eta gose-oporrak, gizarte-desobedientzia, eta abar. Baina hutsune bat egotea aitortzen zuten: Franco ez zela britaniar sistema.
Gehien-gehienak, horretara, eta piskanaka, borroka gogorraren alde lerratu ziren. Kondairaren ikasketak, bestalde, honetarantza bultzatzen gintuen: Israel, Tunez bera… eta zer esanik ez Irlanda, Polonia, etab.
Gure organizazioak bost «adar» zituen orduan: Talde Adarra (zaharrena, kurtsilloak antolatzen zituena); Idazketa Adarra (Ekin hilabetekaria eta «txarlak» prestatzen zituena); Gaztigutza Adarra (gaur «informazio adarra» esango genuke); Agiriko Adarra (erdaraz ‘Organización Paralela’ O.P.A.), legetasunaren ertzean ari zena: euskara, euskal kultura, kirol taldeak, ikastolak; eta Zabalketa Adarra, sortu zen boskarrena, Zutik argitaratzen eta zabaltzen zuena.
Seigarren Adarra, beraz, azkenekoa, gero beste bostak irentsi edo gaindituko zituena, Ekintza Adarra zen, 1958an sortua; organizazio berria sortu eta bataiatzerakoan antolatua. Adar honek bere hastapenetan, eta Manzanas-en kontrako atentatua gertatu arte, pintaketak egin zituen, eta ikurrinak jarri, eta sabotaiak egin, eta tankera horretako «ekintzak». Baina giza-odolezko kolperik ez zen egon. Zortzi-hamar urtez, hitz batez, ETAk ez zuen biktimarik eragin.
Eta hau ere, egiaren parte garrantzitsua izanik, izkutatu egin ohi da: ETA gogortuz joan zen haseratik. Hori bai.
Ekintza Adarra delakoa sortu zenetik, bestalde, eta segurtasunezko arrazoinengatik, ETA bi erakunde desberdinetan erdibitu zen: lehenengo bost adarrek ETA «politikoa» osatu zuten, eta beren biziera autonomoa zuten. «Seigarrena», berriz, Ekintza Adarra zeritzona, erabat at mugitzen zen; buzoi bidezko sistema baten bidez, gainerako bost adarrekin koordinaturik bazegoen ere.
Ni neu adar «politikoan» gelditu nintzen. Eta «seigarrenaz» ezer gutxi nekiela esaten badut, egia besterik ez dut aitortzen.
Txillardegi
Euskal Herria helburu, Txalaparta, 1994