Idazle belaunaldi baten eriotzea
Ikasle ta intelektualen urteotako erreboltak auzitan jarri dabe idazleen kontzientzia politikazkoa. Alemanian iltzera doa «Gruppe 47», urte hareetako idazle belaunaldiaren alkartea. Alkarte honetan batu zan, gudu ondoan, Alemaniako «intelligentsia», idazle kritika-zale taldea. Eta langileriak «Ruhr eskualdeko Festa-Jakoetan» bere kultura nahia agertu ebanetik, alkarte honek batetik langileen interesak aldarrikatzen zituan, eta bestetik, langileak eurak kulturaztatzea ere beregain artu eban. Orain iltzera doa; eta idazleen artean bakarrik nabari da mugimendua ta larritasuna. Langileak eta jendeak ez dabe zirkinik ere egin; honexek beronek erakusten dau, «Gruppe 47» alkarteak zegaitik ez daukan il baino beste erremediorik.
Euskalerritik begiratuta, ardura gutxikoa da berez, Alemaniako idazle alkarte baten eriotzea nahiz bizkundea. Jazoera honek, hala ere, narru gorri gorrian utzi dau Europa ta USA-ko idazle batzar guztietan sumatzen zan krisi bat; ta beharturik gagoz geu ere, horretaz geure gogoetak barriro ausnartzera. Euskalerri guztia eskuz esku ibiliko bada, behintzat: geure galerna gaitzean idazlea pribilejiatu bat izan ez daiten. Laburki adierazo leiteke krisi honen irakaspena: ez dago idazle «libre» bakarrik izaten segitzerik.
Idazle «libreak»
Eredu antzean, aparteko inportantzia euki dau gerra osteko Europako literaturan, eta Mendebal osokoan ere bai, Alemaniako idazleen posturak. Nazismoaren ondakinen artean eta komunismoaren eta kapitalismoaren arteko mugan sortutakoa izanik, literatura hau sutartean jaiotzen zala esan leiteke. Egoera pribilejiatua benetan, bide barririk urratu gura izan ezkero. Ta ugaritasun bikainagaz abiatu zan, abiatu ere: Alemania banatua, bere alderdi komunista ta kapitalistagaz, eta Austria ta Suiza, euren neutralismo ezbardinakaz, izan ziran literatura honen lurra. Eta ideologien eta esperientzien aldetik ere, han egozan komunistak, judeguak eurak, eskoitiartsu amaika, exilaturik ibilitakoak, eta abar; han egoan batez ere, nazismoaren eta guduaren esperientzia eginda gero, literaturara etorren belaunaldi gaztea.
Belaunaldi honek ezagutu eban esperientzia gogoratu behar dogu lehenengo. Nazismoak idazleari eskatzen eutson «konpromisoak», ezin eban idazlea gas ganbara ta konzentrazino zelaietara edo Nürnberg-eko Auzitegira amildu baino besterik. Eta bardin antzeko autabeharra (alternatiba) ezartzen eutson idazleari komunismoak, Alderdian egon ezkero. Holan, Moskuko auzien eta Ungariako zapalketaren ondoren, euren askatasuna irabazten ekin eutsoen idazleak; eta, hain zuzen, behar beharrezkoa eben askatasun hori, euren idazle konpromisoa garbi ta saldukeria barik betetzeko.
Euren konpromisoa Alderdi nahiz Elizaren bategaz lotuta euken-idazleak idazle «libre» izatera pasatu ziran legez, orain idazle artisano izatera pasa-beharra aipatzen da gaur, konpromisoa ta askatasuna galdu barik, idazletza zerbaiterako izan dadin
Gutxienez surrealismoaren osteko unada guztian dabiltza idazleak, idazle «librearen» aldeko burrukan. Baina, narru gorria estaltzeko iko orri barik esanda, gizartean beste inok ez daukan pribilejio bat irabazi gura dabe horreek, artearen eta kreatzailetasunaren atxakian anparatuta: erabateko askatasun politikoa. Surrealistakaz zer jazo zan, ezaguna da: batzuek faxismora jo eben; komunismora beste batzuek (A. Breton, L. Aragon), komunismoaren barruan atzera idazle «librearen» bila burrukatzeko izan bazan ere. (Halantxe dabil egunotan Aragon, Frantziako Alderdi Komunistaren stalinismoaren aurka). Askatasuna ta konpromisoa alkartzea ez da idazlearentzat erraza.
«Gruppe 47» idazle taldearen galbidea
Alemaniaren alde biak arturiko politikazko bide kontrarioakaz, idazlerik gehienak —Brecht bera ere— Sortaldearen eta Sartaldearen artean gelditu ziran: idazle bakoitza, bera bizi zan aldeagaz zeharo bardindu ezinik eta erri zati bat falta balitxako bezala. Alemania Federaleko «Gruppe 47» gizartearen bazter batean geratu zan, eta handik disparatzen zituan eten barik gizartearen aurkako bere kritika gogorrenak. Nazinoaren «kontzientzia» bihurtu ziran idazleok, eta, Eliza nahiz Alderdiren bategaz lotuta egon barik, euren oposizinoa sortu eben. Soluzinorik ederrena zirudian honexek. Idazleak ez egozan inori azpiratuta; primerako aukera euken, gizartearen antolaketa barrian libreki ibiltzeko. Kristinau demokratak (CDU, Adenauer-en Alderdikoak) ezin jasan eben idazlerik, honeek ikaragarrizko astinaldiak emoten eutseezan eta.
Baina hortxe asten da, euren alde onik onenean, idazle belaunaldi honen galbidea ere: gizartearen barrura sartu barik egin eben idazleok euren oposizinoa. Zeharo libre izateagaitik, gizartearen bazterrean geratu ziran. Obeto esan, gizarteak utzi zituan bazterrean, ta neke andi barik utzi ere, ekonomiazko goraldiaren beroan. Idazleen zerikusi ta eraginik barik eratu da gudu osteko Alemania, bai sozialki eta bai politikalki. Gaur idazleen oposizinoa, karnabalak eta zirkoa legetxe, gizarteko istituzino bat gehiago izatera eldu da. Idazleak edozer gauza ta edozelan esan daike; idazleren batek esan ezkero, normala dirudi, eta ez da inor larritzen. Gizartearen errotak birrintzen dau idazleen oposizino guztia: idazlearen uste politikazkoak ere haren eritxi estetikazkoen parte legez artzen dira.
Ez da holan jazoten diktadurazko errietan. Honeetan adierazpide guztiak galerazoten jakoz idazle kritikalariari, danok dakigunez. Baina honek ere ikasi daike bestearen egoeratik, bere ezintasuna zelan gainditu.
Askatasuna ta konpromisoa
Problema andi bat jarri jake Alemaniako idazleei: alfer alferrikakoa dala ikusi dabe, euren «txoko librean» geratu ta handik idazle uts legez ilargiari zaunka ikaragarriak egitea. Alemania Federaleko «Gruppe 47»-ren antzera dagoz, hala ere, Sartre, Ionescu, Arrabal, Dali ta besteak, folklore numero bihurtuta, kontsumo gizartean. Gerra ostean, aurrerapen bat zan Alderdirik bako idazle «librea» izatea; baina, ogeitabost urte geroago, idazlearen libertadea bakartadean geratu da.
Euren konpromisoa Alderdi nahiz Elizaren bategaz lotuta euken-idazleak idazle «libre» izatera pasatu ziran legez, orain idazle artisano izatera pasa-beharra aipatzen da gaur, konpromisoa ta askatasuna galdu barik, idazletza zerbaiterako izan dadin, eta ez jendearen asperraldiak dibertitzeko bakarrik. Artisano izateagaz, idazlearen konpromiso-modua adierazo gura da; Durero, Riemenschneider eta abar artista artisano erreboluzino-zaleak izan ziran eta. Alde bi markatzen dira hemen.
Lehenengo: idazlea, ideia zabalkundetik ekintza politikazkora ta sozialera pasatzeko preminan aurkitzen da. Ekintza honek ez leuke idazlea ostera ere Alderdiren baten altzora eroango, haren tresna obedient bat izateko; baina ez leuke Alderdien politikatik zeharo apartatuko ere. Günter Grass, adibidez, Alemania Federaleko Alderdi Sozialista (SPD) baino askoz ere ezkerrerago dabil bera; baina beste barik ezin leiteke esan SPD-koa danik. Auteskunde kanpainetan SPD-ren alde aritu da; baina gero bere bidetik jarraitzen dau bere ekintzan.
Bigarren: idazle «libreak» ekarri daben politika-zale «pribatua» ere kritikari azpiratuta dago. Ez dago norberak bakarrik artutako politikazko konpromisorik. Eta idazleak euren artean sortu dituen politikazko eritxi ta usteak ere zatikazko edo fragmentario geratzen dira. Gutxi balio dabe, beraz, gizarteari politikazko erabagirik artu eragiteko, gorabehera bakanen batzuetan izan ezik. Orain idazleari ez jako ezkatzen ez programarik ez soluzino eskemarik. Baina bai, politikazko egoera osoari ta konkretuari begira konprometidu daitela, erriaren konpromiso andiago baten barruan engaiatu ta saiatu dadila.
Honegaz ez da ukatzen idazlearen libertadea, hau da, bere burua inori saldu barik Alderdien gainetik egotea. Idazle «utsaren» asmoak dira erretekoak. Izan ere, idazle askok, eta bardintsu artistak, errazegi ebagitzen ditue alde banatara euren burua ta euren obra edo lana. Eta idazlearen «hipostasi» bat sortzen dabe, hau euren barruko bigarren nortasun bat balitz legez, ta hemen ezartzen dabe euren politikazko eginkizun guztia. Ba dirudi, jokabide hau ikusirik, erantzukizuna daroan «politikazko erritarra» ez dala idazlea, bere liburua baino. Baina autore baten erantzukizun politikoa ez da amaitu, liburu politikoak egin eta gizartera bidaltzeagaz.
Jose Azurmendi
«Non egon behar dau idazleak?», Anaitasuna, 217. zenbakian, 1971eko abuztuaren 30ean