Kazetariaren txanda orain. Ofizio edo dena delako honekin zerikusia duten saltsa askotan ibili izan naiz, lapikoz lapiko, han eta hemen mokoka, ezertan gehiegi entretenitu gabe. Hizpide dugun gaira hain zuzen 1987ko saioak eta hark piztutako interesaren arrimuan-edo antolatu ziren ‘emakumea eta literatura’ gaiari buruzko ‘bolo’ ugariek hurbildu ninduten. Gerturatu bezala urrundu nintzen, harik eta 2006 urtearekin batera gaztelania nagusi (oso nagusi) den egunkari bateko kultura atalean lanean hasi nintzen arte. Hasi eta segituan, hilabetera-edo, Karmele Jaio Eigurenen Amaren eskuak eleberriaren aurkezpenera joatea tokatu zitzaidan. 2004ko Igartza bekaren emaitza zen lehendik ere literaturan bere bidetxoa egina zuen kazetari eta idazle gasteiztarraren lehenengo nobela. Oso gogoan dut Arantxa Urretabizkaiak egin zion aurkezpena. Horratx arestian aipatutako belaunaldien arteko lokailua, Donostiako Koldo Mitxelena Kulturuneko areto nagusi goibelean gauzatua. Arratsaldean erredakziora joan nintzenerako, irakurrita neukan liburua, bazkariaren kaltetan. Pasarte hark jarri ninduen berriro, besteak beste, ‘emakumea eta literatura’ moduan. Akzesita lortu zuen Peru Magdalenaren Lile biharamunean irakurri nuen. Liluratu egin ninduen.
Bizipen partikularrak alde batera utzita, uste dut ikuspegi orokorretik ere baduela garrantzia 2006ko otsaileko egun hark. 2004. urtean Jaio izan zen sei urte lehenago sortutako Igartza beka (Elkar argitaletxea, Beasaingo Udala eta CAF enpresa ditu babesle) irabazi zuen aurreneko emakumea. Lista luze bateko lehena, 2005etik 2012ra segidan etorri baitziren, hurrenez hurren eta 2006ko beka eskuratu zuen Jon Martinen salbuespen bakarrarekin, Uxue Alberdi, Katixa Agirre, Eider Rodriguez, Uxue Apaolaza, Garazi Kamio, Goiatz Labandibar eta Danele Sarriugarte. Ondarruko Udalak eta Elkar argitaletxeak antolatzen duten Augustin Zubikarai bekaren irabazleen artean ere emakumeen presentzia bikaina denez –Irati Jimenez, Itsaso Arake, Garazi Kamio, Garbiñe Ubeda edota aurtengo edizioan nagusitu den Jasone Osoro datozkit burura–, eta bi bekek hautatutako proiektua kaleratzea dakartenez, bistakoa da azken hamarkadan presentzia polita izan dutela emakumeek euskal literaturan, kopuruari dagokionean bederen. Iazko eta aurtengo Igartza bekak bi mutilek irabazi izanak –Mikel Ayllonek eta Unai Villenak– ziklo aldaketa ote dakar? Ez egin barre, hori baino tontokeria askoz ere handiagoak esan izan dira goiko zerrendako nesken kontura.
Aurreko bi hamarkadetako lanak ez bezala, idazle ‘berriak’ eta haien lan asko plazara heltzen bertatik bertara ikustea tokatu zitzaidan, Donostiako San Jeronimo kaleko udal liburutegiko katakonba itxurako sotoan gehienak; udaberriko uztaldian edo Durango aurreko zorabioan, segun. Sariei lotutakoez gain (hor sartu beharko lirateke halaber Erein Opera Prima zena bitan irabazi zuen Aitziber Etxeberriaren bi eleberriak zein Irun Hiria lortutako Dorleta Urretabizkaiaren nobela), besterik ere izan zen. Garaiko mozkinak begiratuta azaltzen zaizkit Irati Elorrieta, Garazi Goia, Sonia Gonzalez, Itziar Madina, Leire Bilbao, Iratxe Esnaola, Aitziber Olaizola… Zehatza izan nahi ez duen zerrenda honetan (prentsaurrekoen banaketan niri ‘tokatu’ zitzaizkidanez ari naiz…) aurreneko lanak lehenxeago argitaratuta zeuzkaten 70eko hamarkadan jaiotako hainbat idazlek ere badute tokia, hala nola Jasone Osorok, Ixiar Rozasek, Castillo Suarezek, aurreko hamarkadako azken urteko Ana Urkizak…
Kazetari lanerako, berriz, ez dakizue zenbat estimatzen genuen askok aurkezpen haien… Nola esango nuke? Normaltasuna? Beren istorioak zekartzaten. Kontatzen zuten kontatu beharrekoa, aurkezten zuten liburua, entzuten zuten euren hitzen aurreko aurkezpenetan ‘ahots propioa’ zutela (esaldi fijoa, iruzkinetan baieztatu dut) eta bakoitza bere lanera.
Bien bitartean, aurreko hamarkadetakoen lanean jarraitzen zuten. Amaia Lasa, Mariasun Landa, Arantxa Urretabizkaia, Itxaro Borda, Amaia Iturbide, Aurelia Arkotxa, Laura Mintegi,Arantxa Iturbe, Miren Agur Meabe,Yolanda Arrieta edota Tere Irastortza azaltzen zaizkit mozkinetan, besteak beste. Eta milurtekoa estreinatzeko atarian debut arrakastatsua egin zuen Lourdes Oñederrak. Zerrendatze zehatza izateko asmorik gabe moldatutako izen multzo honetan, Euskal Autonomi Erkidegoko idazle ugari ez ezik, Iparraldeko eta Nafarroako idazleak ere emango ditu batek baino gehiago faltan, Maiatz aldizkariaren inguruan zebiltzanak batez ere. Ez daude hemen ziren guztiak, ezta gutxiago ere, nire iruzkinetan agertzen direnak baizik, eta gipuzkoarzentrismo editoriala neronek aitortzen dut, beste inork igarri eta salatu aurretik. Asko gelditu dira kanpoan, baina kasu honetan kopuruak ez dio tesi nagusiari gehiegi eragiten.
Irakurle eta kazetari bezala, izugarri atsegina izan zen belaunaldi berri haren ekarpenak zuzenean jasotzeko aukera izatea. Irakurle nintzenetik lan batzuk asko gustatu zitzaizkidan, beste batzuk normal eta bakarren bat batere, baina kritikaria ez naizenez, nire kolkorako gordeko dut sailkapen partikularra. Bakarrik esango dut ‘labur’ eta ‘irakurterraz’ ez ditudala iraintzat hartzen, eta irudipena daukadala ez naizela horrela pentsatzen duen irakurle bakarra. Kazetari lanerako, berriz, ez dakizue zenbat estimatzen genuen askok aurkezpen haien… Nola esango nuke? Normaltasuna? (Oharra: normaltasuna gutxietsita dagoela uste duen horietakoa naiz), Beren istorioak zekartzaten. Kontatzen zuten kontatu beharrekoa, aurkezten zuten liburua, entzuten zuten euren hitzen aurreko aurkezpenetan ‘ahots propioa’ zutela (esaldi fijoa, iruzkinetan baieztatu dut) eta bakoitza bere lanera. Bide batez, begiratu horietako askoren curriculumak eta atera kontuak eta ondorioak. Hortik aurrerakoa liburuaren eta irakurlearen arteko harremanaren baitan uzten zuten jeneralean, eta kitto.
Itxuraz idazle gehienak atera dira onik eta kementsu ataka hartatik, aurrekoak kritika suntsitzaile askotatik atera ziren bezalatsu. Ez diot kontuari buelta gehiago emango, baina ahaztekoa ere ez da.
Egia da ez zitzaiela medio guztietan (eta ez naiz ari hedabideez) harrera bero-beroa egin. ‘Erasmus literatura’ eta horrelakoak gogoan izango dituzue. Uste dut egon zela kode-talka moduko bat, eta ez (nagusiki) jenerazionala, belaunaldi kideren batek ere ondo astindu baitzituen. Edonola ere, ez naiz gai horretan luzatuko. Irati Jimenezek 2011ko azaroan Gara egunkarian argitaratu zuen Dena emakumea euskal literaturan artikulua irakurtzea edo berrirakurtzea gomendatzen dizuet. Niri dagokidanez, orduan irakurri eta entzundako zenbait iritzik euskarazko hiztegian bi hitz edo horien ordezko egokiak falta ematera eraman ninduten: dizplizente eta kondeszendiente. Aspalditxoko garaiak dira ordea, eta itxuraz idazle gehienak atera dira onik eta kementsu ataka hartatik, aurrekoak kritika suntsitzaile askotatik atera ziren bezalatsu. Ez diot kontuari buelta gehiago emango, baina ahaztekoa ere ez da.
Aipatu nahi dut, azkenik, denboraren edo ebidentziaren poderioz salbuespen kutsutik askatu den ‘fenomeno’ haren eragin kolateral bitxi bat. Badakit askori garrantzi gutxikoa irudituko zaiola, kaltegarria akaso, baina euskara eta euskararen ingurukoak urrun-urruneko galaxia bateko kontuak zirela uste zuten euskal herritar askori jakingura sortu zioten, kuriositatea, idazle haiek eta haien lanek. Gaztelaniazko hedabide handiren batean euskal literaturako izen gorenek baino lortzen ez zuten arreta erakarri zuten idazle gazte haiek. Ez zirela artean urrezko letratan betikotzeko moduko idazle andere txit gorenak? Gaitz erdi. Normalean pena eta horren nobleak ez diren sentimenduak pizten dituen euskarak noizbehinka inbidia pixka bat ematea oso pozgarria iruditzen zait.
Nerea Azurmendi Zabaleta
«Axola al dio kopuruak?» artikulua, «Genero ñabardurak lerro artean», Hegats berezia, 52. zenbakia, 2014ko abenduan