Adeitasunez, esker mila eta hurrengorarte

Badu Julio Cortazarrek «Hay que ser muy tonto para» izeneko kontakizuna. Bere buruaren satira zintzoa, Cortazar bera baita izenburuan tontotzat jotzen den hori. Luma zorrotz eta jostariz idatzia, ohi zuen distirarekin. Cortazar Cortazarren burla eginez, esango balu bezala Julio, maitea, ze tentela zaren. Gaitasun kritikoa alde batera utzita edozein kokolokerik hunkitu egiten duela aitortzen du bertan. Berdin teatro lan txotxolo batek zein Pariseko parkeetan egoten diren ahatetxoek. Irakurri nuenean ni neu ez (ez dut uste) baina Julio Cortazar aspaldi zegoen hilda. Lastima, ze eskutitza bidali nahi nion, labur esanaz Julio maitea, azaldu arren nola lortu duzun neure buruaz hitz egiten duen ipuina idaztea. Laburra izanik ere, fina egingo nuen eskutitza, ez pentsa. Adeitasunez eta halakoak jarrita.

Ordutik ez behin, ez birritan, askotan bidali dizkiet eskutitzak idazleei. Gure John Irving, Ameriketan zarena eta halako izenburuekin. Beraien liburuak nitaz hitz egiten duten bakoitzean, esan egin nahi diet sorginkeria egin dutela. Nahiz eta beraiei bost, pentsatzekoa denez. Katixa Agirreren Sua falta zaigu zazpi ipuin dira. Hirugarrenik Asier deitzen da —bai, asmatu duzu— hirugarrena. Barretan lehertu nintzen hantxe, ipuina oraindik bukatu gabe eta hantxe hasi nintzaion idazleari eskutitza idazten. Betikoa esateko. Zure liburu honek nitaz hitz egiten du eta halakoak. Ez nitaz, niri gertatu zaidanaz, jakina. Ez dut esan nahi Katixa Agirrek gobernuko erakunde sekreturen baterako lan egiten duenik, kamera eta mikrofono inbisibleekin begiratzen nauenik eta ikusitakoa hartu gero, den moduan idazteko. Amesgaizto orwellianoa. Ez dut hori esan nahi. Esan nahi dut, liburuak batzuetan sorginjokuak direla. Eta gutaz ezer jakin gabe, gure hizkuntzan hitz egiten digutela. Keinuka idatzitako liburuak, geuretzat.

Badago momentu bat, urteak eta urteak irauten dituena. Umezarotik beste zerbaitera garamatzan momentu garratza eta ez hain garratza, batzuetan argi ikusten duguna eta beste batzuetan laino artean baino ez. Eta niretzat momentu horri argazkiak ateratzen dizkio liburu honek. Leku desberdinetatik eta enfokea aldatuta eta batzuetan gupidagabe eta beti zorrotz baina bereziki hurbiltasunez eta neurea egin zaidan hizkuntzan. Erantzunak eman beharrean, galdera berbera behin eta berriz eginez. Hazten garenean, sua galtzen ote dugu?

Bidali ez diodan eskutitzean hori esan diot Katixa Agirreri. Neuk ere galdera berbera dut buruan. Hori eta beste hau Furra Furra Fandangua ezingo dut berriz entzun barrez lehertu gabe. Adeitasunez, esker mila eta halakoekin bukatu dut gutuna, esanaz bukaeran hurrengorarte.

Irati Jimenez

Sua falta zaigu liburuari buruz, Beterriko Liburua, 2007ko ekainean

Irudia: Katixa Agirre Erasmusen, 2002ko udazkenean, Ingalaterreko Worcester hiriko Ruby Tuesday pubean