Euskal idazle eta irakurleen munduan, filologo gehiegi dago

2020-08-29

Banago gure artean, euskal idazle eta irakurleen munduan, filologo gehiegi dagoela; hobeki esan, jende gehiegi dagoela euskal filologia ikasi duena. Zenbait gaizki-ulertzeren ondorioa izan da hori. Alde batetik jende asko zegoen «euskara sakondu» nahi zuena, gero «euskararen alde» lan egiteko. Bestetik, euskal filologiako iralasleok ere ez genituen —eta ez ditugu, nik uste— gauzak argiegi kontu honetan. Hitz bitan azaltzeko, oker egin ziren gauza guztien oinarrian euskararen ikuspegi esentzialista zegoen. Horren ondorioz autore zaharrak aztertzen baziren —eta batez ere hori egiten zen euskal filologian— horregatik zen: euskararen sustraien gordailutzat hartzen zirelako hain zuzen. Giro gaizto horretan gure klasikoen literaturagintza atera zen galduan. Euskara ideal baten ildotik ikasi eta ikusi —eta erakutsi eta irakatsi— genituen idazle zaharrak, eta hortaz, denak zaku berean sartu genituen. Inork ez zuen azaldu, esaterako, Etxeberri Ziburukoak baduela obra bat —Manual Debozionezkoaren lehen liburua— literatur balio nabarmeneko zatiak dituena, eta haren gainerako liburuek ez dutela alde horretatik ezer balio; edo Mogelen Peru Abarkaren lehen zatia ardandegian gertatzen dena zoragarria dela literaturaren aldetik, eta benetan atsegina gainera, eta gainerako guztiak oso badaezpadako interesa duela. Ildo beretik, gauza sintomatikoa gertatzen da gure artean. Ez dago espainol idazle taxuzkorik klasikoak irakurri eta nolabait berenagatu ez duenik, baina ez dago bat bakarra, jakina, hori dela eta plugierame-ka hasten denik. Gure artean, aldiz, aldez edo moldez, duelakotz eta horrelako axalekokerietan datza Axularren arrastoa; haren benetako balioa ez dugu usaindu ere egin. Eta klasikoen gure edizioak ere berdin gaiztoak gertatu dira: zaku berean sartu ditugu idazle onak —mundu guztian, literato onak, eta horiek bakarrik, dira idazle onak eta idazle filologikoki interesgarriak. Eta edizio filologikoak egin ditugu, kasurik hoberenean. Guzti horren ondorioz, euskal jende literaturazaleak erabaki osasungarri bat hartu du: gure klasikoak alde batera uztea.

Ibon Sarasola

«Literaturazaleontzako klasikoak», Euskaldunon Egunkarian, 1998ko abenduaren 6an

Objektu hautsiezina, Man Ray, 1923-1933 inguruan

Beste eduki hauek ere zure gustukoak izan daitezke…