Ipuinaren izaera berezia ulertzeko eleberriarekin konparatu ohi dugu, genero askoz popularragoa baita, arau ugari dituena. Adibidez, esan ohi dugu nobela paperean garatzen dela, irakurketa-denboran bertan, nobelatutako materiala agortzea beste mugarik ez duela; bestalde, ipuina mugaren noziotik abiatzen da eta, lehenik eta behin, muga fisikotik. Pentsa Frantzian ipuin batek hogei orrialde baino gehiago dituenean ipuinaren eta nobela beraren arteko generoa den nouvelle izendapena hartzen duela. Zentzu horretan, eleberria eta ipuina analogikoki zinemarekin eta argazkigintzarekin alderatzen dira, printzipioz film bat «ordena ireki» nobelesko bat den heinean eta, aldiz, ateratako argazki batek aldez aurreko muga estua aurresuposatzen du, neurri batean kamerak hartzen duen eremu murritzak eta argazkilariak muga hori estetikoki nola erabiltzen duen ikusita.

Ez dakit argazkilari profesionalen bat bere arteari buruz hitz egiten entzun duzuen; ni beti harritu nau ipuingile batek alderdi askotan egin lezakeen bezala hitz egiten dutela. Cartier-Bresson edo Brasai baten maila duten argazkilariek beren artea itxurazko paradoxa gisa definitzen dute, alegia, errealitatearen zati bat moztea, muga jakin batzuk ezarriz, baina murrizketa horrek errealitate askoz zabalagoa irekitzen duen leherketa gisa joka dezan, kamerak hartzen duen eremua espiritualki gainditzen duen ikuspegi dinamiko gisa. Zineman, nobelan bezala, errealitate zabalago eta multiformeago horren atzematea elementu partzial eta metagarrien garapenaren bidez lortzen den bitartean —elementu horiek, lanaren «klimaxa» ematen duen sintesia ez dute baztertzen, noski—, aldiz, argazki batean edo kalitate handiko ipuin batean alderantzizkoa egiten da, hau da, argazkilariek edo ipuingileek nahitaez irudi bat edo esanguratsua izango den gertakari bat hautatu eta mugatu behar izaten dute, beren kabuz balio ez dutenak, baizik eta ikusle edota irakurlearengan irekidura moduko baten gisa eragin dezaten, inteligentzia eta sentiberatasuna argazki edo ipuin baten ikusmen- edo literatura-anekdota hutsetik askoz harago proiektatzen duen eragile gisa.
Ipuingile ona boxeolari azkarra da eta hasierako kolpeak eragingabeak dirudite baina benetan aurkariaren erresistentziarik irmoenak higatzen ari da jada. Har ezazue nahi duzuen edozein ipuin bikain eta azter ezazue lehen orrialdea. Harrituko nintzateke soberan dauden edo apaindura hutsa diren elementuak aurkituko bazenituzte.

Boxeoaren oso zalea den idazle argentinar batek esaten zidan testu liluragarri baten eta bere irakurlearen arteko borroka horretan eleberriak beti puntutan irabazten duela eta ipuinak, berriz, knock-out bidez irabazi behar duela. Egia da, eleberriak pixkanaka bere efektuak irakurlearengan pilatzen dituen heinean, aldiz, ipuin on bat errukirik ez du, zorrotza eta bizia da lehen esaldietatik bertatik. Ez hartu hau literalegi, izan ere, ipuingile ona boxeolari azkarra da eta hasierako kolpeak eragingabeak dirudite baina benetan aurkariaren erresistentziarik irmoenak higatzen ari da jada. Har ezazue nahi duzuen edozein ipuin bikain eta azter ezazue lehen orrialdea. Harrituko nintzateke soberan dauden edo apaindura hutsa diren elementuak aurkituko bazenituzte. Ipuingileak badaki ezin duela metatu, denbora ez dela bere aliatua; bere baliabide bakarra sakontasunez lan egitea da, bertikalki, literatura espazioan gora edo behera. Eta horrek, horrela esanda metafora dirudienak, metodoaren funtsa adierazten du. Ipuinaren denborak eta espazioak kondenatuak eman behar dute, presio izpiritual eta formal altu baten menpe, lehen aipatu dudan «irekidura» hori eragiteko. Aski dugu galdetzea ipuin bat zergatik den txarra. Ez da txarra gaiagatik, literaturan ez baitago gai onik ezta gai txarrik ere, gaiaren trataera egokia edo desegokia besterik ez dago. Ez da txarra ere pertsonaiek interesik ez dutelako, harri huts bat interesgarria baita Henry James edo Franz Kafka harriaz arduratzen direnean. Ipuin bat txarra da lehen hitz edo eszenetatik azaldu behar den tentsio hori gabe idazten denean.
Julio Cortazar
«Algunos aspectos del cuento», Cuadernos Hispanoamericanos, Madril, 1958, Mikel Sotok euskaratua

