Bernardo Atxagari
Ean, 1974, Uztailaren 6-an
Adiskide Irazu:
Egun, Bilbaon egon natzaizu, medikuagana joan naiz, eta bide batez lanera buelta bat eman dut. Guztiz nekaturik etorri naiz, baina bertan hartutako kartetatik zurea irakurri dut. Oraindik zure komediatxoa ez; lasaiago zaporatuko dut.
Zure kartan erraten dizkidazun gauzetaz, ez dakit egiaz zer erran. Bakarrik ongi konprenitzen zaitudala, trantze hoietatik ni ere iragana naizelako, hoietatik eta are gaiztoagoetatik. Oraingo nire egoera ez da kanpaiak jotzeko, baina ez dakit zer demonio gertatzen zaion gizonari, haren sufritzeko kapazitateak ez duela mugarik ezagutzen. Mutil denboran infernuarekin mehatxatzen nindutenean, berdin erantzuten nuen berbera: «Ohituko naiz»!
Orain Ean nago erretiraturik. Medikuek ia reposo totala agindu didate, eta klaro!, bizirik iraun nahi dut. Horregatik, oraingoz eta Urriak edo Hazila arte, lanari utzi diot. Zer eginen dudan, orduan ikusiko dut.
Enegatik ez dit inporta; baina umeak oso gazte ditut (zaharrenak datorren urtean 13 beteko ditu), eta etorkizun bat merezi dute. Gainera guztiz argiak dira, talentua dute, eta bizitzean ongi jarri arte ez nuke faltatu nahi ukanen.
Zure kartan erraten dizkidazunak «Profeta bati» eskribatu nituenak gogoratzen dizkidate. Baina niri gehiago iraun zidan, eta uste dut oraindik diraustadala.
Ion Mirande, ene lagun maitea gabon-gauean suizidatu zen. Eta hala ere, Zeruko Argian zeruko gloria deseatu diote. Hilotza errege-egunean aurkitu zuten. Baina, nik, oraingoz, ez dut hil behar
Zazpi egunetako gerran euskaldun guztiak zeuden israeldarren alde. Ni palestinoen aldekoa nintzela euskaldun gaiztoa omen nintzen. Anti-semita deitzen zidaten.
Udazken hartan Lamentazioetako Murruaren aurrean zegoen kazbah palestinoa israeldarrek destruitu zuten bere buldozerrekin. Baina etxeak ez zituzten desokupatu. Beraz berdin joan ziren bertederoetara etxeetako paretak, nola zartaginak, lapikoak, umeak, gizonak eta andre ernariak.
Amerikanoek bere gerrak berdin hasi dituzte. Espainolen kontra, Maineko aitzakiaz baliatu ziren. Lehen gerra mundialean Lusitaniakoaz, bigarrenean Pearl Harbour-ez; Vietnamekoan Tonkingo torpedo-ontziaz.
Pearl Harbour-en existentziaz dudatzen dut.
Panpinetako zer-eginaz ez naiz argitzen. Neure harridura guztiak aspaldian bukatu eta gastatu zitzaizkidan.
Lehen egunean Dinamitako fabrikakoa aste honetan gertatu da Galdakanon. 18 hilen artetik bat zen heuskalduna. Gainerakoak andaluzak, estremeñoak eta gaztelaunak. Hala ere Martin Ugalderen Historia Vasca aste honetan publikatu da.
Ion Mirande, ene lagun maitea gabon-gauean suizidatu zen. Eta hala ere, Zeruko Argian zeruko gloria deseatu diote. Hilotza errege-egunean aurkitu zuten.
Baina, nik, oraingoz, ez dut hil behar.
Datorren 10-ean Andoainen egonen naiz. Rikardori lore batzuk utzi nahi dizkiot bere bostgarren urtean.
Literato on bat izanen zarela uste dut.
Publikatzeko laguntza behar baduzu, eska iezadazu.
Eta ez dakit zer gehiago. Bai, arrazoina duzula, mundua triste dela.
Besarkada bat.
Gabriel Aresti
Bernardo Atxagari gutuna, Gabriel Aresti: biografia. Angel Zelaieta, Susa, 2000

